Landa inguruetako nekazal jarduerek gizon-ahotsa eta emakume-eskuak izan dituzte.
Datu eta estatistikek, zuloak.
Instituzioetako begirada urruna; telefonoen bestaldeetan belarriak gogor.
2015ean aho batez onartu zen Emakume Nekazarien Estatutua Eusko Legebiltzarrean, besteak beste, emakume nekazarien parte hartzea bultzatzeko erabakiak hartzeko prozesuetan.
III. Tituluko 19. artikuluak, nekazal erakundeetako zuzendaritza-organoetako emakumeen ordezkaritza dirulaguntza publikoak lortzearekin lotzen du, bigarren xedapen gehigarrian zehaztuz: dirulaguntzak jasotzen jarraitzeko emakumeen presentzia (2019/10/22) eta ordezkaritza orekatua (2021/10/22) beharko dira.
Administraziotik definitu diren Estatutuko neurrien eta erabakiguneetan beren denbora eskaini eta beren gorputzak jartzen dituzten emakumeen artean amildegi sakon bat dago egun. Geruza ugari daude lantzeko, eta beharrezkoa da goitiko aginduen eta oinarriko beharren arteko distantzia hori aztertzea, egungo egoeratik egoera desiragarrirako aldamioak kokatzen hasteko.
Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban profil ezberdin eta osagarridun emakumeei egindako bakarkako elkarrizketekin eratuko da emakume nekazarien parte hartzearen inguruko egungo argazkiaren behin-behineko hurrenkera: AZALAko idazketa-egonaldia izango da irudi horren errebelatua egiteko laborategia.
Hiru probintzietako bakoitzean lansaio kolektibo bat egingo da gero, hasierako erradiografia osatu eta emakumeen esperientzia eta bizipenak kontuan hartuta, beraiekin, beraiengandik eta beraientzako sortutako proposamenak jasotzeko.
AZALA izango da Arabako emakumeen topagune. Bertan egingo dute bat emakumeen begiradek, eta bertara ekarriko dute beren lekukotasuna; bestalde, bertan jasoko dute aterpe beraien proposamenek, sormen ariketa kolektiboaren etxean.
>> Irudia: Elkarrizketatutako emakume eta kolaboratzaileen denbora eta arreta eskertzeko Iñaki Landa Fuentes artistak sortutako ilustrazioaren zatia <<
Leire Milikua Larramendi (Abadiño, 1985). Arkitektoa eta ikertzailea. Unibertsitate espezialista Agroekologian eta Genero Berdintasunean. Begirada poliedrikoen aldarrikatzailea, diziplina anitzeko saltsak prestatu zale. Hezkuntza eta dibulgazioarekin dantzan. Sustrai eta hego gehiago beharko lituzke munduak. Han eta hemen. Freelance bezala dabil lurraldearen eta biztanle/komunitateen arteko loturak berrezartzeko planak diseinatu, prozesuak eraiki eta horiek dinamizatzen. Bere ikerketa-lerro nagusiak agroekologia, elikadura-sistemak, landa-eremua, herritarren parte hartzea eta generoa dira. Landa-eremua EAEn: egungo argazkia, etorkizuneko aukerak (UEU, 2015) liburuaren egile, 2020ak Emakundeko ikerketa beka baten onuradun izaera ekarri zion, Emakume Nekazarien Estatutuaren testuinguruan, emakume horien parte hartze eta ordezkaritzaren egoera eta aukerak erretratatzeko. Bere lan-esperientzia hasieratik kokatu da unibertsitatean ikasitakoaren ertzetan, eta hala izaten jarrai dezala.