Katixa Agirre Azala

Errealitate Nahastua

Katixa Agirreren idazketa egoitza
otsailaren 24tik martxoaren 1era
Egoitzak - Leiho bat

Leiho bat: AZALAren berezko zalaparta.

Etorkizun hurbil batean, birtualak errealari eremua jaten jarraitu du. Energiaren krisiak, gaixotasun berriekiko beldurrak eta teknologiaren aurrerapenak posible egin du ia edozer gauza etxetik atera gabe egitea: ikastea, turismoa egitea, lagunekin hitz egitea, sexua praktikatzea…

Etorkizun hurbil honetan kokatu nahi dut nire nobela berria, zeinetan, errealitate birtualeko diseinatzaile batek Parisera jotzen duen (benetako Parisera) bertatik pasatako pertsonaia bat birtualki birsortzera: Mary Wollstonecraft, feminismoaren aitzindaria, Mary Shelleyren ama eta Frantziako Iraultza bertatik bertara bizi izan zuena.

Ez dago alde argirik errealitatea eta birtualitatearen artean. Teorikoek birtualitatearen kontinuoaren ideia erabiltzen dute erabateko errealitatea eta erabateko birtualitatearen arteko joan-etorri inestablea azaltzeko. Batzuek honi Errealitate Nahastua esaten diote, eta uste dut izenburu ona izan daitekela nobelarako.


Katixa Agirre (Gasteiz, 1981). Sua falta zaigu ipuin bildumarekin eman zion bultzada bere idazle lanari. 2009an Habitat narrazio bilduma argitara eman zuen, Igartza bekaren laguntzaz. Haur eta gazte literaturan ere lan batzuk argitaratu ditu: Paularen seigarren atzamarra (2007), Ez naiz sirena bat, eta zer? (2009) eta Patzikuren problemak (2010), eta Amaia Lapitz (2010, 2013, 2021) nobela sorta. 2015ean argitaratu zuen bere lehen eleberria, Atertu arte itxaron, Augustin Zubikarai bekaren laguntzaz. 111 Akademia saria eskuratzeaz gain, nobela hori hainbat hizkuntzatara itzuli zen. 2018an bere azken nobela argitaratu zuen, Amek ez dute, zazpi hizkuntzatara itzuli dena eta zinemara adaptatzen ari dena egun.