Rebecca Collins, Idoia Zabaleta, David G. Cerdeño eta Miguel Álvarez Fernándezek antolatuta
Materia ilunaren, mundu kuantikoaren eta zulo beltzen detektibeak: Unibertsoaren lehen minutuak entzunez artistei, konpositore esperimentalei eta partikulen alorreko fisikariei zuzendutako esperientzia da, praktika kolektiboen bidez jarduera intelektualaren osagarri lantzeko asmoz egina. Gure unibertsoaren jatorriak oraindik ere misterio bat izaten jarraitzen du; jatorri hori da topaketa honen muina. Talde-lanaren bidez aztertuko ditugu argitu gabe jarraitzen duen enigma horrek eragiten dituen erronkak, hau da, pertzepzio-erronkak, matematikoak, filosofikoak, ontologikoak eta epistemologikoak.
Orain arte, zenbait artista, idazle eta konpositore fisika kuantikotik eta partikuletatik sortzen diren kontzeptuekin aritu dira lanean, teknika dokumentalen, analogien, metaforen, nozio lirikoen, poetikoen edo kontzeptualen bidez. Esate baterako, Christine Brooke-Rose idazleak Such (1966) eleberri esperimentala idatzi zuen, interpretazioaren ekintzari buruzko gogoeta egiteko eta irakurlearengan erreakzio bat eragiteko, inguratzen gaituen munduan ezagutzak duen eraginaren aurrean. Era berean, indeterminazioaren erabilera John Cageren obran, lerrokatu egin daiteke 1930eko hamarkadaren amaieran sortu ziren fisika kuantikoaren arloko gertaera paraleloekin ere. Berrikiago, Josèfa Ntjam artistak bideo-saiakuntza espekulatibo bat sortu du, ikusi ezin dugunaren aurrean argia igortzen duen likido bati buruzkoa.
Tailer honetan, fisika teorikoan gaur egun dauden ikerketa-ildoei buruzko aurkezpenak eta taktika performatiboak, praktika somatikoak, soinudunak eta poetikoak konbinatzen dira, denon artean gure unibertsoko txikienean (eta ikusezinean) dauden lirismoa eta indar emozionalak aurkitzeko. Banakako nahiz elkarlaneko zereginen bidez, baita entzute sakoneko ariketen eta eragite intelektualen bidez ere, taldeak sormenezko hainbat ekintzatan parte hartuko du, ezagutza partekatzeko ohiko moduetan esku hartzeko.
Esperimentala eta diziplina arteko trataera horrek nahita uztartzen ditu pentsatzeko, deskribatzeko eta egiteko moduak, oso gutxitan ematen baita halakorik, baina agian egin-egin daiteke talde-jardunaren bidez eta ziurgabetasunaren haragitzearen bidez.
Tailerrak izango dituen jarduerak nagusiki honako hiru hauek dira:
➔ Partikulen fisika-ikerketetan oinarritutako aurkezpenak, eragite kualitatiboak partekatzeko. Gaiak honako hauek izan daitezke: materia iluna, partikula iheskorrak aurkitzera bideratutako detekzio-teknikak, zulo beltzak, behatzailearen paradoxa, ziurgabetasun-printzipioa, kaosaren teoriaren barruko indeterminazioa eta aurreikusteko ezintasuna. Ikerketan oinarritutako aurkezpenak bereziki prestatuta daude partikulen fisikaren osagai teorikoak zabaltzeko espezializatua ez den publiko bati, parte hartzea, irudimenezko konpromisoa eta erantzun sortzaileak eragiteko helburuarekin.
➔ Artista ikertzaileen sormen-ekintzak, lankidetza-lanak eta konposizio-argibideak izango dira, ziurgabetasunaren esplorazioan parte hartzeko, praktikan oinarritutako metodologiak, hautemate-teknikak eta irudimenezko erreakzioak erabilita. Horren barruan, entzutearen mugak azter daitezke; eragin diezagukeenari baina sentitzeko gaitasunik ez dugun horri buruzko gogoeta egin daiteke; aditz-denboren eraikuntza eta haien ñabarduren esplorazio aktiboa egin daiteke (adibidez, neurria hartu edo meditatu); eremu batetik atera edo beste eremu bat bisitatu daiteke (izan geografikoa, izan akademikoa). Ikerketan oinarritutako eragite artistikoak diseinatu egin dira espezializatu gabeko publiko baten parte-hartzea ahalbidetzeko moduan, pentsatzeko modu alternatiboak eskaintzeko.
➔ Ziurgabetasun kolektiboan bizitzeko eta praktikatzeko garapen-metodo bat, zaintzaren, errespetuaren eta ikerketaren etika lehenesten duena, diziplina arteko laguntza-ingurune batean. Tailerrak hain egituratuak egongo ez diren tarteak izango ditu ere, une informalagoak. Horiek jatorduetan, etxeko lan txikiak edo txango inprobisatuak egiten direnean eman daitezke, baita aurretik antolatu ez diren topaketak, hartu-emanak eta bakoitzaren zaletasunaren araberako ekintzak gertatzen direnean ere.
Tailerraren amaieran, egindakoaren bateratze-lana egingo da: aurkikuntza txikiak, errebelazio txikiak (edo iraultzaileak) eta/edo erakustaldi dinamikoak gure Unibertsoari buruz egiten dugunari edo (oraindik ere) ez dakigunari buruzkoak.
Aldez aurretik irakurri, ikusi edo entzun ahal izateko materialak banatuko dira, saioen testuinguru horretan kokatzen laguntzeko. Ikerketa-dokumentu horien aipamena egin daiteke tailerrak irauten duen bitartean. Era berean, materiala horiek bibliografia kolektibo bat sortzeko balio dezakete, etorkizunean diziplina arteko topaketa berrietan lagungarria izan daitekeena.
Tailer hau diziplina anitzeko artistei eta/edo konpositoreei irekita dago, ahal dela, soinuaren edota musikaren alorretan trebatuak, lankidetza-metodoak, ikuspegi hibridoak eta diziplina artekoak, ikerketa sortzaileak eta sorkuntza-metodologiak bezalako gaietan interesatuta daudenentzat.
Lantegi hau zabalik dago, halaber, edozein mailatan diharduten partikulen fisikarientzat, gai ilunen detekzioarekin, mundu kuantikoarekin, zulo beltzekin, kaosaren teoriarekin, indeterminazioarekin eta ziurgabetasun-printzipioarekin zerikusia duten ikerketa-ildoak partekatu nahi dituzten guztientzat.
Parte-hartzaileen kopurua mugatua da, egitura intentsibo bat sortzeko. Hautaketa egiteko orduan kontuan hartuko dira honako hauek: partaideen aurrekariak (artistaren/fisikariaren CVarekin batera eta lan-lagin nabarmenenen bidez frogatu beharko direnak) eta aukera hau partaideen praktikara, ikerketa-ibilbidera eta sormen-esperimentu honetan parte hartzeko borondatera zergatik ondo egokitzen den arrazoituko duen azalpen bat.
Tailerra ikerketa-proiektu zabalago baten parte da: “Ziurgabetasuna ulertzeko parametroak: sorkuntza-praktika eta soinu-detekzioa, zientzia-dibulgaziorako estrategia gisa”. Royal Society of Edinburghe-k Rebecca Collins-i emandako Early Career Saltire bekaren emaitza da. Rebecca Collins egonaldia egiten ari da UAM-CSIC fisika teorikoaren institutuan.
Musika eta Kuantika mintegia (erderaz)
Mintzak, Mikrofonoak, Hidrofonoak eta Partikulak mintegia (erderaz)