Proiektu bat bukatzerakoan sortzen den hutsunean askotan erresonantzia modukoak gelditzen dira. Horrez gain, ikertutako lan egiteko moduak, eskuratutako tresnak eta abarrek hurrengo proiekturako bidea errazten dute nolabait.
“Urruna” izan den lanak piztu digun desira eta sortu dizkigun ideiak hurrengo proiektua hastera bultzatzen gaitu, eta gure egitasmoa sakontzea eta haztea denez, gure irudimenak urrunatik haratago eramaten gaitu, beste giro batera, beste nonbait esploratzeko asmoz, guretzat lan hauek esperimentazio lanak direnez. Giro batek edo begitazio batzuk ematen diote sarrera burubide berri honi. Irudipen hauek gero erreakzioak sortuko dituzte eta horrela prozesua hedatzen joango da.
Ikus dezakegu pieza berrirako hasiera bat, festa baten bukaera izan daiteke, eta aldi berean gailurretik hasi daiteke, abesti baten une bizienean eta pertsonaiak hunkituta dardarka dauden momentuan. Emakume dotore baten begiek ñir-ñir egiten dute estasian, musikariaren keinuak neurriz gainekoak dira eta zerbitzariaren bandejan oskolak saltoka dabiltza. Murgiltzen hasi gara ikuskari horretan non mahai gainean objektuek distirak igortzen dituzten eta non mahai berdinaren azpian mugimendu misteriotsuak antzematen diren. Desordenatuta dagoen mahai honetatik, lehen izpia izanda, ateratzen doa ideien jarioa.
Baina proiektu berri hau ez da istorioz edo agertokiz aldatzeko aitzakia, arte eszenikoen lengoaiaz espresatu daitezkeen aukera anitzetan sakontzeko aukera baizik. Lan eszenikoak mundu erreal bat sortzen du, berezko zentzu esanguratsua duena eta Tripak-etik sormen lan honek dituen posibilitate izugarriak zabaltzea bilatzen dugu. Elementu formal askok konposatzen dute mundu eszenikoa, zineman ere gertatzen den moduan, baina gure kasuan, errealitate gordinean bezala, zuzenean eta bitartekari gabe gertatzen da, ikuslearen presentziaren aurrean eta leku jakin batean. Horregatik, adibidez, asko interesatzen zaigu eszenatokietatik haratago beste toki batzuetara hurbiltzea nahiz kanpoaldera ateratzea, izan ere, espazio ezberdinetara egokitzeak benetako aldaketak eragiten dizkigu. Hori mundua dantzan jartzea da! Ezagutzen dugunaren forma eta legeak aldatzea modu berri batean deskubritzeko eta agian maitemintzeko… Hortik, agertuko denaren plastikotasuna arakatzen dugu, objektuak eta pertsonak forma eta kolore bezala ulertzen ditugu era berean, eskulturak bailiran. Baina ahotsez eta mugimenduz, izaeraz, bizitutako figurak, sentituak izango direnak. Beraz, soinuaz espresatzea, erritmoarekin bibrazioa mantentzea… guzti hori lantzea ezinbestekoa da guk eskaini nahi dugun esperientzia estetikoa lortzeko. Neurrizkoa eta basatia denarengana heldu nahi dugu, zerbait berezkoa harrapatu.
TRIPAK Marina Suarez, Natalia Suarez, Andrea Berbois, Maite Mugerza eta Mayi Martiarenak osatzen dute. Baratza aretoko sorkuntza laborategian lan egin ondoren, Marina Suarez eta Mayi Martiarenak konpainia sortu zuten 2013an beren lana eskaintzeko asmoarekin. Lehenengo pieza laburra, “Maite”, Baratza Aretoko Noche Scratxe #8-n aurkeztu zuten. 2014ean, “Aitaren Larrua” sortu zuten. Obrak, bi urtetan zehar Euskal Herriko hainbat eszenatokitatik (Durangoko Azoka 2015, Eztena 2015, Baratza Aretoa) pasatu ondoren, Artium- eko Intakto jaialdian amaitu zuen bere ibilbidea. 2017an ekin zioten beren bigarren proiektuari, “Urruna”. Sorkuntza egonaldi ezberdinetan egon dira (AZALA, GaraiOn Sorgingunea, Baratza aretoa eta Teatro Pradillo) eta piezaren bertsio ezberdinak erakutsi izan dituzte, adibidez, Teatro Pradillo-n eta Oihaneder Euskararen Etxean. 2019ko uztailean, Eremuak-ek, “Harriak” programaren barne, Markina-Xemeinen. Azkenik, antzezlana La Fundición Bilbao-n aurkeztu zen, BAD jaialdiaren barruan, eta hortik aurrera hainbat jaialdietatik mugitzen dabiltza (Eztena Jaialdia Errenterian, Aulestiko Antzerki Topaketak…). 2020ean eremuak-en Produkzio Artistikorako Laguntzari esker eta Bulegoa z/b-n egindako egonaldian haien lan berria garatzen hasi dira.
Maite Mugerza Ronse, (Elgoibar 1988). Arte Ederretako ikasketak EHU-UPV eta Salvador de Bahiako Unibertsitatean (Brasil) burutu ditu. EHU/UPVko Irakaskuntzarako Masterra egina du. 2016an “Esku azpi begi/Ojo para mano” pinturako erakusketan hartu zuen parte. Gaur egun Bermeon bizi da eta bertan pintura irakasten eta lantzen jarraitzen du.
Marina Suárez Ortiz de Zárate, (Gasteiz, 1988). Arte Ederretan lizentziatua (EHU eta UAD, Cluj Napoca, Errumania) Master en Práctica Escénica y Cultura Visual (Artea, Reina Sofía. Madrid). 2012-an Arte eszenikoetara salto egin eta azken urteetan proiektu ezberdinen parte izan da, arte plastikoak eta eszenikoak bateratuz. Parasite, Metrokoadroka, Hara Nori, Marcelo Evelin eta beste hainbat artista eta kolektiboekin lan egin du. Bakarka, eskultura eta gorputzaren arteko harremanak landu ditu. Bilboarteko artista egoilarra izan da 2019an. Bere azkenengo proiektuak, “Bortusai”, Eusko jaurlaritzako Arte Plastiko eta Bisualen beka jaso du.
Natalia Suarez Ortiz de Zárate, (Vitoria-Gasteiz, 1994). Bilbon bizi eta bertan egiten du lan. Bere praktika pinturan oinarritzen da, baina arte eszenikoen mundua esploratzen du ere Tripak konpainiako kide bezala. Arte Gradua ikasi zuen EHU eta Lisboako FBAUL-en. 2017an EHUko Pinturako Masterra egin zuen. Hainbat egonaldi artistikoen programetan parte hartu du, Donostiako Tabakalera zentroan 2018an, edota AiR Sandnes programan, Noruegan, 2019an, adibidez. Espazio ezberdinetan erakutsi izan du bere lana, aipagarriak dira “Ai, Puna” erakusketa indibiduala Rekalde Aretoan (Bilbo), “Dime dame” erakusketa kolektiboa Aire Galerian (Bilbao) eta XVI AMP “Markak”, Okela Sormen Lantegian (Bilbao), besteak beste.
Andrea Berbois Laspiur, (Eibar 1988). Musika giroan hezia, bibolina jotzen hasi zen Suzuki metodoan. Filosofian eta Bibolineko Interpretazioan lizentziatu zen. Irakaskuntza masterra egin ondoren Donostian musika irakaskuntzan lan egiten du. Biolinarekin esperimentatzen jarraitzen du besteak beste Tripak kolektiboarekin, eta hainbat kontzertu eman ditu adibidez Azkuna Zentroan.