Neti neti

Amalia Fernández, Oihane Altube, Monica Muntaner eta Catherine Sardalleren sorkuntza egonaldia
irailaren 27tik urriaren 4ra
Egoitzak - Leiho bat

Leiho bat: AZALAren berezko zalaparta.

 

Urriak 6 Azkuna zentroan

Neti neti hinduismotik datorren kontzeptua da, eta “ez hau, ez hura” edo antzeko zerbait esan nahi du: Jainkotasunera, absolutura, existentziaren printzipiora edo dena delakoa den horretara gerturatzeko metodoa da. Ulermen mota hori ezin da lortu bide intelektualaren bitartez, logika arrazionala baztertu egin behar da gertatu ahal izateko.

Epifania baten pareko zerbait…

(aurrekariak)

Dantza ikertzeko nire gogoa aspaldi dantzatik aldentzera eraman ninduten arrazoiak berriz aztertzeko gogotik dator. 11 urte nituenean, “Flash Dance” filma ikusi nuen, eta oroitzen dut ziur jakin izan nuela dantzaria izan nahi nuela. Filmeko protagonista nintzela sentitu nuen, munduan leku bat dantzak emango zidala. Filma jasanezina da, baina garrantzia gutxikoa iruditzen zait orain hori. Kontua da, niri, bizitza aldatu egin zidala, eta motor boteretsu batekin konektatuta sentitu nintzen. Hain zuzen, motor horrek berak eraman ninduen nire jaioterriko Granadan balleta ikastera, eta Unibertsitatea utzi eta Madrilera bizitzera joatea, dantzarekin jarraitu ahal izateko, nahiz eta horrek esan nahi zuen ordura arte ezagutzen nuen guztia atzean utzi beharko nuela. Ni oso gaztea nintzen. Eta ia guztia kontra jartzen zitzaidan. Ez dakit nondik atera nuen determinazio hura. Gainera, dantzatzea ez zen plazerra niretzat. Gehiago zen borroka bat. Zerbait gaizki zebilen sentsazioa. Ez nintzela besteak bezalakoa (haurtzarotik izan nuen sentsazio mingarri hori) eta zerbaitek ihes egiten zidala eskutik. Eta, hala ere, ezin norabide horretan bultza egiteari utzi…

Gero beste gauza batzuk gertatu ziren, beste pertsona batzuekin topo egin nuen, eta sentsazio hori desagertu zen. Desberdina izatea ez zen handicap bat, balio bat baizik.

Eta nire lana egiten hasi nintzenean, dantza (dantzaz nik uler nezakeena garai hartan) oso mugatua iruditu zitzaidan kontatu nahi nuen guztia azaltzeko. Edo, agian kontua ez zen hori. Baina laguntza bilatzen hasi nintzen hitzetan eta antzerkiak berezkoak dituen tresnetan, gero eta gehiago. Istorioak kontatzen hasi nintzen. Hala ere, denbora honetan guztian koreografiarekin eta konposizioarekin obsesionaturik egon naizela uste dut: berrerabiltzea, errepikatzea, testuinguru aldaketaren bidez berrestea, eraikitzea eta deseraikitzea… jolas zoragarria, pentsatzeko eta gauzatzeko nire moduan koreografoa eta dantzaria naizela sentiarazi didana, beti. Formak maite ditut. Abstrakzioa. Matematika.

(proiektua)

Lan hau aurkezteak, nolabait, bere sorkuntza-prozesua partekatzea esan nahi du. Helburua ez da helmuga jakin bat, pertsonek gurekin ibilbide bat egitea baizik. Guztiok elkarrekin bide bat egitea: alde batetik bestera pasatzea… Proiektu hau bulkada oso intimoa eta subjektiboa dela sentitu arren, ikerketa hau planteatu dut lau emakumeren testuinguruan (Catherine Sardella, Monica Muntaner, Oihana Altube eta laurok) ikuspuntu ezberdinetatik ulertu ahal izateko, eta, halaber, uste dudalako dantzan desegin egiten dela indibiduazioa (pertsona bakoitza besteetatik bereizitako izaki bat delaren pertzepzioa), eta uste dudalako dantzaren bidez lor dezakegun errebelazioa askoz indartsuagoa dela ere talde baten testuinguruan. Bitarteko espazio hori denbora guztian iraun dezan, baliotsuena ez da hau edo hura, ez zu, ez ni (neti neti), baizik eta beste zerbaiten parte egiten gaituen beste edozer (fideoak zoparen parte diren bezala), gure giza existentziari indarra ematen diona. Gorputza erdian jartzeko ideiak erakartzen nau. Gorputza, berez, ez da ezer. Ikasteko baliabidea da. Aukeren zerrenda luzea ere bada. Geldirik geratzen bazara ere, aukerak hor daude beti. Pertsona tetraplegiko baten gorputzean pentsatzen dut. Buru bizi batetik zintzilik dagoen gorputz bizigabea. Gorputza traba da eta, aldi berean, itxaropena, oroimena edo beste batzuengandik jasoko duen zaintzarako objektua. Haurtxo baten gorputzean pentsatzen dut, bulkada guztiak aldi berean agerrarazten, aukerarik gabe haren mugimendua helburu jakin batekin bideratzeko. Bazenekien gizaki baten bizitzako lehen bi urteetan garunak egiten duena ez dela konexioak sortzea, inhibitzea baizik? Besoa mugitu, baso bat ur hartu eta ahora eramateko, garunak milaka mugimendu inhibitu behar ditu. Horrela ez balitz, ezingo genuke ezer egin, ezta inolako egoerarik ulertu ere. Dementzia zuen gizon bat zaintzen egon nintzen denbora batez. Oso gizon argia eta sentibera zen, baina haren garuna huts egiten hasi zen. Ondorio honetara iritsi nintzen: kanpotik iristen zitzaion informazio guztia maila eta intentsitate berarekin iristen zitzaiola. Hitz egiten ari ginela, nik modu naturalean egiten nuen, baina berak ezin zuen. Harentzat, solasaldia, hormako koadroa, hitz egitean nire eskuen mugimendua, jertsearen detergente-usaina, ahoan zuen olibaren zaporeak, une horretan kaletik pasatzen zen auto baten klaxona… denak zuen garrantzia bera. Dena korapilatzen zitzaion, nahaste ulergaitza osatzeraino. Begiradan nabaritzen zitzaion hori. Istilu baten erdian egongo balitz bezala zen…

“Dantza” hitza eta “dantzatu” aditza deseroso samarrak iruditzen zaizkit. “Dantza” esaten dudanean, hitz horrek besteentzat zer esan nahi duen aurresuposatu behar dut, erabiltzen dudan testuinguruaren arabera. Uste baitut oso gauza desberdinak esan nahi dituela pertsona bakoitzarentzat… Gazte nintzela, dantza egin nuen nik baino lehenago beste batzuek zuten dantza egiteko modua imitatzen. Eta beti sentitu nuen nire imitazio-ahaleginak ez zidala ez pozik, ez barne bakerik, ez askatasunik ematen. “Neti neti” prozesuaren bidez, nire lankideekin batera, honako hauxe konkistatu dut: eduki subjektibo oso desberdina ematea hitz horiei. Esperientzia sakonagoa. Orain, dantza, niretzat, norberaren baitan dagoen hori da. Beti hor egon dena. Kanporatzea ekintza ederra da norbere burua ezagutzeko… Bestalde, aspaldi nago tematuta bikotekako dantzekin. Bakoitzak duen kodea. Zer esan nahi duen kasu bakoitzean. Kultura mailan, baina haratago ere bai. Norbaitekin proiektu berri bat hasten dudan bakoitzean, bestea elkarrekin zerbait dantzatzen ikasi behar dugula konbentzitzen saiatzen naiz, eta nahiz eta eguneroko entrenamendu baten parte izan, ni saiatu egiten naiz hala ere, amaieran, gure dantzak piezan tokitxo bat mereziko duela pentsatuz. Nilo Gallegorekin (Perrita China) ezinezkoa izan zen. Oraindik gogoratzen dut eta irribarrea sortzen zait. Anto Rodriguezekin (Expografia) sevillanak ikasten aritu ginen Interneteko tutorial batekin, eta swing eskola batean izena eman genuen. Zoragarria izan zen, baina, azkenean, bigarren mailako zeregin horiek utzi behar izan genituen, proiekturako denbora gutxi genuelako eta lan asko egiteko. Juan Dominguezekin (“Shichimi Togarashi”, eta “Entre tú y yo” pieza estreinatu berria), zaila suertatu zen. Ez da interes partekatua, nik nirea dut, baina berak ez. Egun batean saltsa dantzan ibili ginen eta oso dibertigarria izan zen. Baina beste egun batean, berriz dantza egiteko eskatu nion eta zertarako galdetu zidan eta, egia esan, ez nuen asmatu zer erantzun. Beraz, utzi egin genuen. Beti izan dut gogo hori, baina, aldi berean, nire proiektuetan hartu duen garrantzia oso txikia izan da beti, eta tokirik gabe geratu da behin eta berriz. Eta gero dago kantatzearen plazerra. Agian, egiten ditudan gauza guztien artean gehien gustatzen zaidana kantatzea da. Kantua (17 urte dira koru batean nabilenetik) gero eta gehiago sartu da nire piezetan, ni neu musika naizela sentitzeraino, baina ez nekien ez dudalako inoiz musika ikasi, eta ez nuen pentsatzen ikasi ez duzun zerbait izan zaitezkeenik. Ezin zara medikua izan medikuntza ikasi gabe, ezta? Edo agian bai… Dantza egin eta abestu aldi berean egiten direnean (edo ahotsarekin soinu-banda sortzen denean) zer gertatzen den esperimentatzea asko interesatzen zait. Nork nori eusten dion. Nork nori eragiten dion. Harreman hori nola txandakatzen den. Zer nolako egoera mota sortzen duen interpretean. Asko interesatzen zaizkit kontzentrazioaren garapenean eragiten duten praktikak: kontzentrazioaren intentsitatea eta iraupena. Nire ibilbidearen une honetan ikerketa artistiko hau dantzan zentratzea oso egokia dela iruditzen zait, susmo hori dut, dantza niretzat esanahiaren bat izan behar duen leku gisa ikertzea, ahotsarekin sor ditzakegun musika mota infinituekiko elkarreraginean; Musika, istorioak, eta historiaren eta kulturaren une jakin bat diren abestietan, hainbeste gustatzen zaizkidan bikote-dantzetan, gorputz kolektiboa esperimentatzen laguntzen diguten erritu-funtzioa betetzen duten herri-koreografietan, esanahia izan dezakeen edo izan ez dezakeen gorputz baten mugimenduan. Eta hori guztia ekintza eta, aldi berean, begiespena da. Esan nahi dudana da aldi berean egon naitekela barruan nahiz kanpoan. Izan ere, Neti Neti ikerketa praktikoa da. Ez da dantza egin nahi dudala; ez da dantzaz pentsatu eta hitz egin nahi dudala; horrekin dudan harremanean sakontzeko borondatea da.

(Amalia Fernandezen proiektu bat, Monica Muntaner, Catherine Sardella eta Oihana Altuberen lankidetzarekin)

Amalia Fernández. Granadan jaio nintzen, baina duela 30 urte Madrilen bizi eta lan egiten dudala. Hasieran, dantza klasikoan trebatu nintzen, eta gero dantza garaikidean, hainbat koreografoekin (Ana Buitrago, Olga Mesa, Monica Valenciano, etab.). Nire ibilbide profesionala interpretazioaren bidetik garatu da (CIAko kide gisa. “El Bailista-Mónica Valenciano”, 10 urtez) 2005etik aurrera sorkuntza independentean hasi nintzen arte. Fase honetan, bakarkako piezak sortu ditut (‘Matrioshka, Kratimosha’, ‘En Construcción 1’, ‘En Construccion 2’, ‘El resistente y delicado hilo musical’, ‘Expografia’, ‘Monstruos Musicales’ eta ‘Neti Neti’) eta elkarlanean (“Shichimi Togarashi” eta “Entre tu y yo” Juan Dominguezekin, “Perrita China”, Nilo Gallegorekin, etab.). Beste prozesue batzuetan ere parte hartu dut artista desberdinekin (Cuqui Jerez, Odd Enginears, Sonia Gomez, Oscar Bueno, etab.), interprete, coach, koreografo, laguntzaile puntual gisa. Nire lanaren beste zati garrantzitsu bat testuinguru akademiko eta akademikoetatik kanpoko irakaskuntzarekin lotuta dago, erakunde publiko edo pribatuen laguntzarekin, arte eszenikoetako profesionalentzat zein zaleentzat. Ildo horretan, proiektu garrantzitsuenetako bat “Ser o no ser un cuerpo” izan da, Santiago Alba Rico filosofoarekin elkarlanean, eta MPECV eta Reina Sofia museoaren laguntzarekin. Hainbat aldiz aritu naiz irakasle MPECVn, baita Bartzelonako Institut del Teatre-ko CA2M eta beste hainbat irakaskuntza-proiekturekin ere. Abesbatza batean abesten dut 2004tik, eta horrek eragin handia izan du nire azken urteetako piezetan. Iyengar yoga irakaslea ere banaiz, eta duela 25 urtetik yogarekin dudan harremana horrek praktika artistikoez eta horien transmisio-metodologiaz dudan ikuspegia kutsatu du. Asko interesatzen zaizkit ikasteko eta sortzeko prozesu kolektiboak.

Monica Muntaner. Dantzari prestakuntza jaso du Bartzelonan. Dantzari eta interprete moduan aritu da hainbat konpainiatan eta hainbat sortzailerekin. Bartzelonan 2000. urtean abian jarritako La Poderosa sorkuntza eremuko zuzendari artistikoetako bat da, eta Las Santas (diziplina anitzeko talde artistikoa) eta ARTAS (Poderosa eremuaren inguruko artista elkartuak) taldeen sortzaileetako bat. Plataforma horien gereizpean hainbat proiektu pertsonal sortzen ditu: “Bizarre”, “Menta in Iurmain” Rafael Ponceren testuekin, “Tres encuentros”, “Space Invaders”, “Poemas de amor y cuerpo”, “Típicas” (dokumentala), “mâe” (identitatea, gorputza, herentzia), “Antes y Después de bailar” junto a Bea Fernández, “BCN XXI (Telebista laborategi esperimentala)” Dani Miraclesekin batera, “Sesiones Remotas” (instalazioa) eta “Cuatro octavas y media” Rosa Muñozekin batera. 20 urte daramatza yoga praktikatzen, hatha yoga prestakuntza jasota, EQUILIBRIUM – Bhakti Yoga Shala eskolan (Bartzelona, 2019). Gaur egun, Amalia Fernandezek zuzentzen duen “Nety Nety” proiektuen parte hartzen ari da eta “La calidad de la materia” proiektu pertsonalaren sorkuntza-prozesuan, azken honetan haren bi pasioen arteko espazioa bilatzen du, dantzarako gorputzaren eta yogarako gorputzaren arteko uztardura hain zuzen. Bere alderdi artistikoa La Poderosa proiektuaren sortzaile eta kudeaketa gisa konbinatzen du, eta haurrei, nerabeei eta profesionalen entrenamenduei dantza-eskolak ematen dizkie, eta hainbat gizarte-proiektutan parte hartu du, emakume etorkinekin, gizarte-bazterketa jasateko arriskua duten emakumeekin eta adineko pertsonekin. La Poderosa proiektuaren sortzaile eta kudeaketa lanaz gain, sorkuntza lana eta irakaskuntza uztartu ditu; izan ere, haur eta nerabeei eta profesionalei ere ematen dizkie eskolak. Emakume etorkinekin, gizarte-bazterketa arriskuan dauden emakumeekin eta pertsona nagusiekin lan egin du, hainbat gizarte proiektutan.

Oihana Altube (Irun). Dantzaria. Euskal Herria eta Madril artean dantza klasikoan hezitzen da. 2003an SEADen (Salzburg Experimental Academy of Dance) dantza Garaikideko formakuntzan murgiltzen da, bi urtez jarduten du bertan. 2005ean, Bartzelonan, UABko Dantza Mugimendua Terapia masterra egiten du. Amalia Fernandez, Paz Rojo, Diego Gil, Jeremy Wade, Bea Fernandez, Pere Fuera eta abarrekin lan egin du. Bere lan koreografikoa honako espaziotan aurkeztu da: Antic Teatre, Teatro Pradillo, MACBA, La Casa Enpiztuta, GREC jaialdia, IVAM, etab. 2018az geroztik, Javier Vaquerorekin batera ari da lanean Rojo pandereta proiektu hedatuan. GRANEReko artista egoiliarra izan da bailarinxssonorxs bere proiektuarekin, eta Conde Duque Kultur Zentroko artista egoiliarra 2020-21 bitartean, ARIMA proiektuarekin.

Catherine Sardella. Erroman lan egiten du Rossella Galluccio-rekin, eta Espainian Amalia Fernandez, Torreznos, Tino Sehgal-ekin. Performer jarduera eta soinu-piezen sortze lana, zineman eta antzerkian ekoizle lana eta haurrentzako irakaskuntza lana uztartzen ditu.