Azalako egonaldian zehar, Kimiak testu bat idatziko du Negative Landscape argitalpenarentzat. Argitalpen horrek arte-jardunaren eta urte hauetan zehar aztertu dituen gaien arteko elkarguneei buruz hausnartzea du helburu, testuinguru zabalagoa emanez bere lanari.
Negative Landscapek Kimia Kamvarik Irango goi-ordokian 2019tik 2022ra bitartean lurpeko akuiferoen hustuketak eragindako lur-kolapsoen inguruan egin duen ikerketa eta erregistro lana bilduko du. Lurraren pisuari eusten zion uraren desagerpenak zulatutako paisaiez osatutako lurraldea utzi du bistan. Fenomeno honen larritasuna eta edertasuna erakusten duten 73 kokaleku baino gehiagoren argazki-irudikapenekin batera, argitalpen honetan material kartografikoak eta testualak aurkezten dira, informazio-fitxak, tokiko ahotsen transkripzioak eta fenomenoari, gai fotografikoari eta bizitako esperientziei buruzko gogoeta pertsonalak barne.
Kimia Kamvari (Kolonia, 1986) pinturan lizentziaduna da Teherango Arte eta Arkitekturako Azad Unibertsitatean, eta masterra du UPV-EHUn Ikerketa eta Sormena Artean. 2015. urtetik Astigarretan bizi eta lan egiten du, Gipuzkoako barnealdeko herri txiki batean. Hainbat lekutan erakutsi du bere lana, hala nola Cristina Enea Fundazioan (Nature Change, 2018), Dastan Gallery-n (Apeiron, 2018; Event Horizon, 2019), San Telmo Museoan (Alef, 2022) eta Tabakaleran (Komunikazio-Inkomunikazio, 2021; Larruak eta izurrak, 2024).