Morta Splendor

Barbara Sanchezen sorkuntza eta ikerketa egoitza
azaroak 15etik 28 arte
Egoitzak - Leiho bat

Leiho bat

Barbara Sanchezek hasiera ematen dio proiektu berri honi alter-ego berri bat nortuz, hau da, identitatearen nozio konbentzionalak dituen arrakalen artean tarte bat sortuz berriro, izen propio berri bat gorpuzteko. Ella izena Somewhat paler (2016) piezan nahigabeaz hitz egiteko baliatu bazuen, eta Várvara (2019) izenak, berriz, izen bereko obran ageri den Maitasun Jainkotiarra ospatzeko aukera ekarri bazion, orain Morta Splendor heriotzerako hurbilketa bat egiteko bidea ematen dion pertsonaia da. Hala, Sevillako artista honen lan guztian ardatz nagusi diren pertsonaien taldera gehitu beharreko pertsonaia da Morta Splendor, eta, gainera, ikerketa-eremu berri bat irekitzen dio bere bilaketan eta, aldi berean, ziklo bat ixten du. Bakardadearen Trilogia izeneko hori ixten du Morta Splendor-ek. Trilogia hori bere bakarkako azken hiru piezek osatzen dute: Somewhat paler (2016), Várvara (2019) eta Morta Splendor (2022).

Proiektu berri honetan, Barbara Sanchez eta zuzeneko artearen funtsa aurrez aurre arituko dira. Horretarako, ikerketa-prozesu bat garatuko du, eta, prozesu horretan, heriotzaren irudia arketipo nagusi bihurtuko da, antzerkiari, dantzari eta musikari esleitutako muga konbentzionalak desegiteko. Heriotzak gobernatzen duen desagerpenak itsutu egiten gaituen distira eragiten du, eta argi itsugarri horretan diziplina klasikoek ez dute zentzurik, eta bizi dena berrerospen gisa berdefinitzen da. Gorpuztasun hibridoen eta arraroen bitartez, Barbara Sanchezek forma eszenikoak ikertuko ditu, besteak beste, Velazquezen bufoiak, Jose Gutiérrez-Solanaren Heriotzak, Giuletta Massina eta zezenak bezalako erreferenteekin jolasean.

Azalan egin beharreko proiektuaren fasea atal eta baliabide koreografiko ezberdinei buruzko ikerketa eta dramaturgia osatzea izango da.

Barbara Sanchezek arte dramatikoa, dantza klasikoa eta garaikidea ikasi zuen Sevillan. Han jaio eta bizi da. Bere prestakuntza handitu zuen Europako zenbait tokitan, irakasle eta koreografo gisa edukita Philippe Gaulier, Enrique Pardo, Germana Civera, Julyen Hamillton edota Ivo Dimchev, besteak beste. Honako pieza hauek sortu ditu: A la vuelta de la esquina (2003), El jardín de atrás (2005), Plutón no es un planeta (2008), Ahuyéntanos este furor (2011), Somewhat paler (2016) eta Várvara (2019). Roberto Martinezekin batera sortu zuen Gala Fantoche (2010), eta Jaime Conde-Salazarrekin batera sortu zuen Electrohumor (2016). Lan egin du beste hainbat artistekin batera ere, hala nola, Abraham Hurtado (Ignición), Sociedat Doctor Alonso (El desenterrador) edota Meg Stuart (Atelier III).

www.barbarasanchez.es