M, Arantza Iglesias dantzariaren eta Ane García abeslari eta poetaren arteko topaketatik sortu da.
“Ama” hitza errepikatuz, hitz horren geruza ikusgarri eta ikusezinetan murgiltzen da lana, esanahia desagerrarazi eta bibraziorik primarioena berreskuratzeko.
Hizkuntza agortzen denean, materia agertzen da: ahotsak eta mugimenduak oszilatu egiten dute, ondulazioan elkar zeharkatu artean, pultsazio partekatua sortzeko. Zer esan nahi du hitz bat gorputzera itzultzeak? Zer esan nahi du hura behin eta berriz materia bihurtzeak?
Eguzkiaren eta gauaren artean, goraldiaren eta lurrazpiaren artean, M piezak espazio komun bat sortzen du, non gorputza eta ahotsa eraldatu egiten diren, interpreteak gainditzeraino, eta, hala, esperientzia partekatu bat sortzeraino.
Arantza Iglesias (Lizarra, 1976) dantzaria eta sortzailea. Azken urteetan Jesus Rubio Gamo koreografoaren Txalaparta eta Acciones sencillas piezetan aritu da interprete lanetan. 2020ko azaroan, ACT Festivalen aitortza egin zioten Lo No Manifestado piezagaitik, eta aipamen berezia jaso zuen interpretazio onenagatik. Aldi berean, Sugearen bidea ikerketa-proiektua garatzen du, bizkarrezurra ardatz fisiko eta sinboliko gisa hartuta, non dantza afrikarraren eta dantza garaikidearen arteko elkarrizketa aztertzen duen, dimentsio poetiko eta gorputzezkotik. Dantza afrogaraikidean duen prestakuntzagatik Germaine Acogny , Alesandra Seutin eta Wesley Ruzibiza bezalako artistekin zuzeneko ikasketak egin ahal izan ditu, bibrazio, ondulazio eta pultsazio printzipioetan sakonduz gorputzeko teknologia gisa.
Ane Garcia (Hondarribia, 1994) idazle, itzultzaile eta abeslaria da. Mejillon Tigre kolektiboko kide da, eta azken urteak eszena gaineko literatura eta spoken word generoa lantzen eman ditu, Eider Adeletxekin batera, Hitz esana ikuskizunarekin. 2025ean argitaratu zuen lehenengo poesia liburua (kontra, Susa), eta aurki argitaratuko Datorren udan ez gara hemen biziko ipuin-bilduma, Igartza beka jaso ostean. Musikan, Lurra taldeko abeslari izan zen Iñigo Muguruzarekin batera (2012-2017), eta hainbat kolaborazio egin ditu ordutik. Bere praktika artistikoa ahotsaren, idazketaren eta gorputzaren arteko harremanean ardazten da.

