Gauzen bizia (behin-behineko titulua) izeneko ikus-entzunezko proiektuak sinfonia esperimental bat eraikitzen du, horretarako artistak Brasilgo ipar-ekialdean grabatutako ikus-entzunezko materialetatik abiatzen da, gizakien, ez gizakien, gauzen, teknologien, fenomenoen eta inguruneen arteko erlazio-jokoa ikertzeko. Animazio-teknika ugariz tartekatuta, lan hau collage bat da, grabazioak nahasten dituena ordenagailuz sortutako irudiekin, mundu zirraragarri bati bizia emateko. Alderdi soziopolitikoak lantzen dituzten errealitateko irudien seriotasuna, egoteko, entzuteko eta partekatzeko moduak birkonfiguratzeko arintasunarekin tartekatzen da. Begirada arretatsu batek gauzak bihurtzen ditu objektualizazioari aurre egiten dioten subjektu.
Proiektu hau, artista Brasilgo eskualde horretan hazi zen Clarice Lispector idazle brasildarrari buruz egiten ari den ikerlanaren jarraipena da. Lan honek Lispector-ek hainbat egunkaritarako idatzi zituen kroniketara hurbilketa egiten du. Lispector-en kronikek, orain arte gutxi aztertuak izan direnak, genero horretatik espero daitekeena iraultzen dute. Ez dira gertaerei buruzko ohiko narrazioak, izan ere, kronika horietan idazlea eta kanpo mundua harreman bizian daude, eta birdefinitu egiten dira topo egite horretan. Hortik abiatuta, ikus-entzunezko pieza honek munduan bertan egoteko eta egoera horretaz jabetzeko esperientzia sakonagoa sortu nahi du, errealitate pasibo eta eskuragai baten ideia zalantzan jarriz.
Pieza honek mugimenduan dauden irudien hizkuntza aztertzen eta zabaltzen saiatzen da, ezarritako arau eta praktika zinematografikoei aurre egiteko ahaleginean. Proiektu horren emaitza bideo monokanaleko pieza bat izango da, baita ikus-entzunezko instalazio bat ere, artistak azken urteetan garatu duen lan-ildoari jarraituz. Azalan egingo duen egonaldian, Cerezok lana egingo du piezaren azken muntaketan, eta pieza hori erakustokira instalazio formatuan nola eraman aztertuko du.
Belen Cerezo (Vitoria-Gasteiz, 1977). Artista eta ikertzailea da. Irakasle elkartua Nottingham Trent Unibertsitatean, bertan egin zuen sorkuntza artistikoari buruzkoa doktoretza lana, 2015ean. Ikus-entzunezko instalazioak, bideoak eta argazkiak sortzen ditu. Bere lanak irudiek nola funtzionatzen duten aztertzen du, eta irudikapen-eredu batetik eredu performatibo baterako trantsizioari erreparatzen dio, irudiek sortzen dituzten ekintza-, harreman- eta praktika-modu berriak aztertzeko. 2017az geroztik, bere ikerketa-ildo nagusia Clarice Lispector idazle brasildarraren lanetik abiatzen da, eta haren obraren zenbait alderdi lantzen ditu ikusizko arteetara zuzenduta. Tailer ezberdinetan parte hartu du zenbait artistarekin, besteak beste, Antoni Muntadas-ekin eta Jean Luc Moulène-kin. Azken aldiko lanen artean honako hauek nabarmentzen dira: «Seeing Bodies» argitarapena, 2020; «Mitos del futuro próximo» erakusketa kolektiboa (TEA, Tenerife, 2019); «Un triángulo, tres vértices_Ser rizoma» proiektu kolektiboa, Eskualdea, Araba, 2019; «A Pool of Light», The Collection, Lincoln, 2019; Brasilgo ipar-ekialdean egonaldia, BOLIDE 1050, 2018; «Viviendo el día» bakarkako erakusketa, Montehermoso Kultur Zentroan, Vitoria-Gasteiz, 2018; eta «Rehearsing Memory, Belton 2015», Belton House, The National Trust, 2015.