La Koreana filma lantzeko egonaldia.
60ko hamarkada. Zugaztietako meatze auzunea, Bizkaian. 496.879 4.791.507 eta 495.394 4.794.372 koordenadetan, burdin mineralean aberatsa den mendipe bat eratzen da. Penintsula osotik etorritako meatzari taldeak mendi-iman handi bat desegiten ari dira, oxidoak haien bizitzak hobera eramango dituen esperantzan.
Harengana etortzeko eskatuz, senarrak bidalitako gutunak jaso ondoren, “La Koreana”k bidaia egingo du Espainiako hegoaldeko itsasotik Zugaztietako gailurreraino. Iristerakoan, lainoek eta zuloek kolpatutako paisaia berri horrek harrituta utziko du, senarra ez ezagutzeraino, aurpegia baitu lurraren gorriak estalia. Etxe berrira eta errutina berrietara egokitzeko ahaleginak eta bi egin arren, hotzak eta argitasun faltak gaixotu egingo dute. Bere burua sentituko du husten bezala, ia mendiarekin batera desagertzen. Ametsetan meategietan sartzen dela amestu du, bere lurraldera bueltatu egiten dutela denboraren tunelak bailiran. Mina Elvira meatzearen erortzeak sortzen duen burrunbak kolpetik esnatzen du. Ez du indarrik, birikak pitzatu egin zaizkio eta Zugaztietatik kilometro batzuetara dagoen erietxera joan beharra du. Une horretan jakingo du haurdun dagoela eta bakarrik eta isolaturik aurre egin beharko diola prozesu horri.
Joana Moya (Bilbo, 1985) geologia eta dantza garaikidea ikasi zituen Euskal Herrian. 2010az geroztik irudiarekin dihardu lanean, eta ikus-entzunezko proiektuetan sartzen ditu diziplina horiek. 2022an bere lehenengo film laburra zuzendu zuen, “Todo lo cubre la sal”, besteak beste Doclisboa, Zinebi eta Malagako zinemaldietan hautatua. Lan horretan lengoaia poetiko bat garatu du, euskal kostaldeko emakume saregileen erretratuaren bidez. Geologiarekiko lotura bere lehen film luzearen hazia da: “La Koreana, un poema ferromagnético de luz y memoria”, egun garatzen ari den proiektua, Mataderoko Egonaldi Zentroak hautatua, Cineteca, Noka Mentoring (Tabakalera) eta Dirdira Lab-ekin batera. Familia-kontakizun batetik abiatuta, denbora geologikoaren eskalarekin, tolesturekin, failekin eta beste transformazio batzuekin esperimentatzen du mendi baten oroimenean barneratzeko, lurraren dinamikak berak inspiratutako narratiba ez-lineal baten bitartez.
Egonaldi honetan Tasio musikari eta ekoizleak laguntzen dio, izan ere Joanarekin kolaboratzen du UMMM ekoiztetxearen bidez, proiektua sortzen eta ikertzen. Azken urteotan, besteak beste, La Mala Familia, Inmotep, Mamántula, Las Órdenes eta La Parra bezalako proiektuak bultzatu ditu, besteak beste. Tasio partaidea da ‘Esto no es una poesía’ proiektuan, Cristina Herguetarekin, Jose Tenaren Paciencia taldearekin eta BRBR kolektiboarekin batera.