Ikutugabea

Mariona Jaumeren sorkuntza egoitza
irailak 30tik urriak 8 arte
Egoitzak - Mikorrizak

Mikorrizak: onddo eta sustraien arteko erlazio sinbiotikoaren izena erabiltzen duen programa honen bidez, AZALAk beste egitura lagun batzuk hartzen ditu beraien programen zati bat gure espazioan gara dezaten.

EiMa rekin lankidetzan

Denak eragiten digu. Ezkutatu nahian gabiltzan arren, ahulak gara. Une zailak dira maila pertsonalean, zer pentsatu ematen digutenak; gure izaerak zer du benetakotik, kanpora begira proiektatzen dugunarekin alderatuta? Intacta emakume baten gorputza da, eta koraza bat sortu du, min ematen dion orotik urruntzeko. Ezinezkoa, ordea. Ni naiz Intacta.

Intacta bakarkako lanaren sorkuntza-prozesua 2018an hasi zen Dantza Konpainia Nazionalaren arte-egonaldian, eta ni Xián Martínezen Tacto proiektuko interprete-taldeko kidea nintzen. Koreografiako materialari dagokionez, ezinezkoa izan zen bakarkako lana honi hasiera ematea 2020. urtera arte, baina Art Jove IB Lehiaketaren bultzadari esker, sei minutuko bertsioan aurkeztua eta dantzatua izan zen, eta finalista aukeratu zuten. Intaktaren bigarren erakustaldia 2021eko otsailean izan zen, Madrilen, Descalzinha Espazioan, One more night to show programari esker.

EiMan eta AZALA kreazio espazioan egingo ditudan arte eta sorkuntza egonaldietan, bakarkako lanaren iraupena luzatzea espero dut, eta, horrez gain, haren dramaturgia nahiz egitura aztertzea, nire gorputzaren eta adimenaren hainbat eremu ikertuz, horrela transmititu ahal izateko balizko ikusleari.

Nola eragiten digu maila pertsonalean kanpotik datorren iritzi batek? Zer esan nahi du kanpoko begiradaz jabetzeak, eta nola aldatzen dira gure jokabideak hari dagokionez? Gai horiek egingo dudan ikerketa ildoaren zati izango dira. Hala ere, zuzeneko arteetan/performatiboetan/eszenikoetan aritzen ez den pertsona baten eguneroko bizitzan berez konplexuak badira, (globalizazioari edo nazioartekotzeari buruz ari garenean), guretzat, ikusgai egonik gauden bezala (eta, normalean, horren mende bizi garelarik), are konplexuagoak dira galdera horiek eta beste eztabaida batzuetara eramaten gaituzte. Ez dut erantzun zehatzik lortzea espero, ezta emaitza ziurrik ere, nire iritzia zein den ezagutzea baizik, nola bihurtzen dudan hori mugimendu (edota ea mugimenduak horretara eramaten nauen), eta gaiari buruzko nire ikuspegia eman, baita nire sentsazioak ere, eta, aldi berean, ikusleekin lotura bat bilatu.

Mariona Jaume Camps, Mallorca (1998), dantza klasikoa egiten hasiko da Mallorcako Conservatori Professional de Música i Dansa kontserbatorioan, eta, ondoren, Madrilen jarraituko du ikasten. Hurrengo lau urteetan, dantza klasikoaren eta garaikidearen interpretazioan graduatuko da Maria Avila Goi Mailako Dantza Kontserbatorioan. Bere ikaskuntza arautuari dagokionez, Kataluniako Universitat Oberta unibertsitatean Kultur Kudeaketako Masterra egiten ari da gaur egun. Urte hauetan, dantzari gisa hainbat tailerretan aritu da, honako koreografo, sortzaile eta konpainia hauekin: Mario Bermúdez, Lucía Marote, Blanca Arrieta, Victoria P. Miranda, Colectivo Lisarco, StopGap, Guillermo Weickert, Laia Santanach, Lali Ayguadé, Lorena Nogal, Fernando López edota Carlota Ferrer, besteak beste; eta sormen eta interpretazio prozesuak partekatu ditu honako lagun hauekin: Poliana Lima, Tangen-Benzal, Lucía Marote, Ángel Rodríguez, Xián Martínez edota Catalina Carrasco (Cía. Baal), besteak beste. Egun dantzaria da Pioneras/Aitzindariak (Xián Martínez) eta Baalconing (Cía. Baal y Teatre Principal de Palma) proiektuetan, eta Intacta lanaren sortzailea eta interpretea, dantzaren alderdi teorikoak eta praktikoak ikertzen dituen bitartean. Duela 4 urtetik hona, artearekiko duen kezka (gorputza tresna gisa hartuta) leku sozialago, kolektiboago eta inklusiboago baterantz bideratu du, eta, aldi berean, handitzen doa sorkuntzarekiko eta kulturaren kudeaketa on (eta beharrezko) batekiko bere interesa.

Menu