Espainian eta nazioartean, ia ez dago zinema kuradoretzari edo zaindari-lanari eskainitako espaziorik. Garbiñe Ortegaren azken urteotako ikerketa-proiektuetako bat espazio horiek sortzea da, hai zuzen espazio eta formatu ezberdinetan kuradoretzari buruzko hausnarketa, trukea eta zabalkundea egiteko.
Lehen bilera Londresko Tate Modern-en izan zen, Museum of Clouds (2018) izeneko proiektuaren barruan. Proiektu hori Andrea Lissonik, Carly Whitefieldek eta Garbiñe Ortegak landu zuten, eta nazioarteko kuradore edo zaindari talde batek bere eginkizunak eta moduak partekatu zituen asteburu horretan Londresen elkartu zen zinemagile talde jakin batekin. Proiektu horrek jarraipena izan zuen beste eragile batzuekin Punto de Vista (2019) jaialdian, Bruselako Cinematek (2019) erakundean eta, azkenik, Centro Cultural Montehermoso (2019) kulturunean.
Aurten, Azalan hartuko dute parte, Goethe-Institut Madrid-en laguntzarekin, eta hiru egunez espazio irekia, malgua eta suspergarria sortuko da. Bertan, estatu mailako kuradoreek ikuspuntuak, esperientziak eta estrategiak trukatu ahal izango dituzte, eta, horrela, elkarrekin pentsatuko dituzte konstelazioei hain loturik dagoen jarduera honen sotiltasunak.
Honako hauek dira gonbidatuetako batzuk: Manuel Asín, Valentina Alvarado Matos, Carlos Vásquez Mendéz, Anna Manubens, Eloísa Suárez, Gloria Vilches eta Jone Aranzabal
Garbiñe Ortega Zinema esperimentalean eta ez-fikziokoan espezializatua da. Zaindari-lanean, publikoen eraikuntzan eta esperientzia kolektibo zinematografikoa handitzeko esparru espezifikoen sorreran aritzen da. Haren zaindari-lana nazioartean erakutsi da, Estatu Batuetako eta Europako jaialdi ezberdinetan, hala nola, Film Society del Lincoln Center (NY), Tate Modern (Londres), Vienako Film Museum, Pacific Film Archive, Washingtongo National Gallery of Art, Cinematek (Brusela) edo Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroan. Punto de Vista zinemaldiko zuzendari artistikoa izandakoa da (2018-2021), baita Gira de Documentales Ambulante (Mexiko) zinemaldiko programazioan zuzendarikidea ere, eta Euskadin egindako Zineleku ikus-entzunezko prestakuntzarako eta erakusketarako proiektuaren sortzailea da. Hainbat liburu argitaratu ditu, besteak beste, Correspondencias: cartas como películas edota To Light, To Love, To Time: Jonathan Schwartz. Irakaslea da Kataluniako Zine eta Ikus-entzunezkoen Goi Mailako Eskolan (ESCAC) eta Elías Querejeta Zine Eskolan.