Hirule

aralabo lurraldearen kultura erpinak
2026-2028
Azalerak - Mikorrizak

Mikorrizak: Onddo eta sustraien arteko erlazio sinbiotikoaren izena erabiltzen duen programa honen bidez, Azala beste egitura lagun batzuekin elkarlanean dabil.

Hirule, Azala, Garaion eta Aiaraldeko KulturFaktoria osatzen dute

Azala, Garaion eta Kultur Faktoriak, Erribera goia eta Barrundiako landa eremuan eta Laudioko lantegi inguruan kokatutako sorkuntzarako etxeak hain zuzen, hamazazpi urteko ibilbidean, Arabako lurralde historikoko kulturaren jasangarritasunerako polo estrategikoa eraiki dute, eta gure lurraldeko ekoizpena, sarbidea eta parte-hartze kulturala deszentralizatzeko moduaren adibide biziak bilakatu dira. Elkarren arteko mendekotasunak proposamenen aberastasuna sustatzeaz gain, kultura bizi, irisgarri eta eraldatzailerako lurralde eta sektore lankidetza funtsezkoa dela erakusten du. Polo honen funtsa sorkuntza artistikotik beste bizitzako eremu askotarikoei erantzun eraldatzaileak ematea da. Beste era batera esanda, arteari esker bizitza artea baino interesgarriagoa da.

Hiru espazioak elkarren osagarri dira, bai tipologiari dagokionez, bai kultura ekosistemaren balio katean eta kokapen geografikoan. Hiru etxeen artean, diziplina anitzetako artistei lanerako espazioak eskainiz bat, artisten arteko elkarlana, ikerketa, formazioa eta topaketa desberdinak antolatzen dira eta arte sektoreari aukera eta proiektu berriak garatzeko baliabide eta jarraipena eskaintzen zaio. Aldi berean, hiruren artean bitartekaritza jarduera bateratuak egiten dituzte, lurraldeko kultura eragileen arteko laguntza sarea mantentzen dute eta tokiko erakundeekin elkarrizketa bateratua adosten dute. Geografikoki hiru espazioen artean Arabako mapan osatzen duten hirukiaren erpin bakoitzetik probintzia osora dinamismoa eta bizitasuna zabalduz eta komunitatearen bizitza kulturalerako eskubidea eta irisgarritasuna azpimarratuz.

2030 Agendaren 3., 4., 5., 9., 10. eta 16. helburuekin lerrokatuta, poloaren babesak eta sustapenak onura soziokulturalak eta sozioekonomikoak ekarriko dizkio Arabari bereziki eta EAE osoari, oro har, bai eta hainbat lurralde-erakunde kultural publiko eta pribatuk elkarrekin jarduteko modu berri bat ere. Gaur egun ez dago Euskal Herriko kultura proiektuei dagokienez, hiru egitura independenteren arteko konfigurazio estrategikoan oinarritutako antzeko esperientziarik eta horrek behar besteko berezitasuna ematen dio Hirule polo honi, kultura politika publikoko estrategiaren ikuspegitik kulturaren euskal planean nabarmentzeko, hura indartzen lagunduz, jarraitutasuna bermatuko duten laguntza egonkorren bidez.

Garaion, Azala eta Kultur Faktoriak osatzen duten Hirule poloaren ontasunetako batzuk hauek dira:

  • Urtean 75 artista baino gehiago hartzen dituzte.
  • Urtean 5.000 pertsona baino gehiagori ematen diete kulturarako sarbidea zuzenean
  • Harremanak ehuntzen dituzte tokiko eta nazioarteko 100 kultura eragile baino gehiagorekin.
  • Urtean 1.000.000 euro baino gehiago mugitzen dute.
  • Arte bitartekotzako, prestakuntzako eta ikerketako prozesuen abangoardian kokatzen dira.
  • Kulturari, arteari, lurraldeari eta herritarrei buruzko foro eta prozesu parte-hartzaile ugaritan parte hartzen dute.
  • Garapen jasangarrietarako klabeak izan daitezkeen neurriak birpentsatuz, kultura sektorearen garapen eta kontsolidaziorako ikerketa eta ekarpenak eskaintzen dituzte eragile anitzekin elkarlanean 

Lurraldearen artikulazio kulturala

Hiru espazioen artean hainbat azpiegitura batzen dituzte: 50 artistarentzako 3 ostatu-gune, 8 entsegu-areto, bi antzoki, 3 elkarlanerako gune, erakusketa areto 1, talentuak (artistak, kudeatzaileak, artisauak, ikertzaileak) eta tokiko jakintzak. Polo honek lurraldeetan zehar ondasun eta zerbitzu kulturalen zirkulazioa errazten du, komunitateen arteko trukea sustatzen du eta lankidetza-sareak sortzen ditu.

Tokiko garapeneko motorra

Ikuspegi ekonomikotik, Hirulek biziberritu egiten du Arabako landa ingurunea, eta hainbat sektore aktibatzen ditu, hala nola turismoa, sormen ekoizpena, gastronomia, diseinua, komunikazio zerbitzuak eta artisautza. Urte hauetan, Kultur Faktoria, Azala eta Garaion enpresek enplegua sortu dute, ekintzailetza indartu dute kokatzen diren zonaldetan eta, beraz, tokiko matrize ekonomikoa dibertsifikatu dute.

Berrikuntza eta herritartasun gunea

Era berean, Hirule poloak hainbat proiekturen bidez herritarren parte-hartzea, hezkuntza ez formala, memoria kolektiboa eta kulturen arteko bizikidetza sustatzen ditu. Bere inguruan berrikuntza sozial eta artistikorako espazio emankor bat sortzen da, non ekoizpen eta jabetze kulturalerako modu berriak esperimentatzen diren.

Politika publikoko estrategia

Ikuspegi estrategikotik, Arabako kultura polo bat sortzeak edo sendotzeak lankidetza publiko-pribatuko eredu berri bat ezartzen du, epe ertain eta luzerako plangintza, inbertsio iraunkorra eta sektoreen arteko aliantzak eskatzen dituena. Horrek esan nahi du kultura eskualde, hiri eta gizarte garapeneko planetan integratu behar dela.

Nortasuna eta nazioarteko proiekzioa

Hirule poloak sorkuntzaren eta jasangarritasun kulturalaren erreferente gisa Araba kokatu du mapan. Gune hau osatzen duten hiru egituretatik sorkuntza kultura lurralde-eraldaketako prozesuen erdigunean jartzeko apustu integrala egiten ari dira, azpiegitura, parte-hartzea, nortasuna, hezkuntza, osasuna, ekonomia eta iraunkortasuna konbinatuz.

 

HURRENGO HIRU URTEKOA

Hiruletik, hurrengo hirurtekoan, kultura-mezenasgoko politikak eta jasangarritasun ekonomikoko ereduak aztertzera eta garatzera bideratutako lan-ildo bat bultzatuko da, Arabako kultura-ekoizpeneko eta -sorkuntzako egitura independenteetarako. Ildo horren bidez, landa-inguruneetan kokatutako kultura-azpiegitura hibridoetarako legitimazio instituzionalerako, aintzatespen juridikorako eta indartze ekonomikorako tresnak sortuko dira.

Garatu beharreko ekintzen artean, sorkuntza garaikideari eta landa-eremuko kultura-ekonomiari laguntzeko Europako ereduak ikertzea planteatzen da, bai eta solidaritate eta erantzunkidetasun ekonomikoko mekanismoak diseinatzea ere — horien artean, erresistentzia kulturaleko kutxa posible bat —, lurraldeko kultura-eragile ugarik bizi dituzten prekarietate-, kalteberatasun- eta aldizkakotasun-egoerak arintzeko.