Azken urteotan, zientzia-fikzioak indarra hartu du zenbait arlotan, hala nola, artean, literaturan edo pentsamendu politikoan, eta aurkitu nahi du gaur egungo egoera globalaren pare egongo den hizkuntza. Covid-19 pandemiaren trauma kolektiboak areagotu egin du, neurri handi batean, premia hori. Jadanik etorkizuna (etorkizun distopikoa) bizi dugula esaten digun sentsazio orokorra sortu digu horrek, eta, nolabait, denbora-lerroaren ibilbidearen amaierara iritsi garela dirudi; planetako klima krisiari buruzko eguneroko berriek larriagotu egiten dute sentsazio hori, hainbat eta hainbat espezieren biziraupena zalantzan jartzen baitute, eta espezie horien artean, gurea.
Borradores del futuro / Zirriborroak eta gero (ZEG) egitasmoaren bidez, espekulazio literarioaz baliatzen gara etorkizun hurbilak irudikatzeko, Araban eta Gipuzkoan lehendik dauden alternatibetatik —etorkizun iraunkorragoen alde lan egiten duten proiektu kolektiboetatik— abiatuta. Hala ere, “zientzia-fikzio” kontzeptuak leku tangentziala hartzen du ZEG egitasmoak duen helburu nagusiaren barruan, nahiz eta testuinguru horretan euskal egileek sortutako fikzioak adibiderik aipagarrienetako batzuk izan gaur egungo euskal zientzia-fikzioan.
Arrazoi hori dela eta, besteak beste, eta proiektuak dagoeneko egin duen bidea aprobetxatuz, zientzia-fikzioa hizkuntza gisa ospatu nahi dugu. Horretarako, hainbat eragilek (idazleak, kuradoreak, ZEGeko kideak eta egitasmoa babesten duen AZALA espazioa, bertako publikoa…) laborategi-geotopagune bat antolatu dugu, irudimenaren eta espekulazioaren ideiaren inguruan bilduko gaituena, modu aktiboan eta zehatzean aritzeko.
Geotopaketa esan diogu, jardueren arteko lotura nagusia lurra izango delako: lurra, ZEG eta AZALA kokatzen dituen lurraldea da, lurra, bizia ematen digun lekua da, lurra denboraren iragaitearen lekukoa da eta esplorazio- eta hausnarketa-iturria, kapitalismoa bezalako fenomeno geologikoki hain “laburren” efektua planteatzera bultzatzen gaituena. Beste jardueren batzuen artean hainbat egunetako narrazio-tailerra izango da, “irudimenezko arkeologia” gisa sortua; mahai-ingurua/topaketa bat, bertan izango dira AZALA eta Cerezales Antonino y Cinia Fundazioa (Leon), eta arituko dira haien ikerketaren eta eskualdeko irudikapen historikoaren eta espezie autoktonoak berreskuratzeko jardueren eta euren ingurunearen etorkizunaren eta iraganaren arteko harremanari buruz; txangoak eta ibilaldiak Arabako natura ingurunetan zehar, “entzuteko saio” gisa ulertuak, laborategiko lana elikatuko dutenak AZALA espazioan bertan; gonbidatutako egileen obra partekatzeko hitzaldiak, eta zientzia-fikzio politikoaren, zientzia-fikzio klimatikoare eta kolonialismoaren aurkako zientzia-fikzioaren adibideak aurkeztuko dituzte, baita planeta finitu batean hazkunde infinituaren ideia zalantzan jartzen duten lanak ere.
(laster programazio osoa)