Ibili ondoren Pacifico izeneko trilogiaren eskutik sei urtez Abya Yalako hainbat lurraldetan kolonialismoak eta basakeria kapitalistak utzitako arrakalen bila, galdera argia da: Eta orain, zer?, eta orain, norantz goaz? Zer lur behar dugu arakatu?
Erantzuna edo, behintzat, lehen arrastoa erantzuneraino iristeko, trilogiaren Teatro Amazonas izeneko azken piezaren azken bertsoan zegoen: Orain da gelditzeko eta entzuteko momentua. Izan ere, entzuten jakitea izango da hasi berri dugun gure bidaia berria egiteko abiapuntua. Bidaiak izango ditu hizpide dokumentalak, errealitate espekulatiboa eta zientzia-fikzioa.
Giza ahotsak eta kontakizunak entzuten urteak eman ondoren, orain beste ahots batzuk entzuteko beharra dugu. Arretaz entzun nahi ditugu, planetarenak izan arren, eskubide subjektu gisa aintzat hartuak ez diren ahotsak. Egon, bai, badaude, baina ez dira.
Eta gizakiarenak ez diren zer beste ahots entzun beharko genituzke?
Joan Brossa-k esana da, “l’ultima paraula la tindran els arbres”; eta horri buruz hausnartuz ixten genuen Pacifico trilogia. Baina, ez balira zuhaitzak? Arrokak balira?
Orain da mendien ahotsa arretaz entzuteko momentua. Sumendien ahotsa. Arroken ahotsa. Faila baten ahotsa.
Ikerketa-eremu berri horrek orografia anizkoitza du berriro:
ANDEAK
SAN JOSÉ | OLLAGÜE | ALTO HOSPICIO
Mendi bat jaiotzen, hazten eta mugitzen ikusteko gogoa.
PIRINIOAK
LARRA-BELAGUA | ORI MENDI | LAKARTXELA
Gure memoria ahaztuarekin berriro topo egiteko aukera.
Zergatik joaten uzten diogun ulertzea.
Joaten uztea.
MEXIKO
PARICUTÍN
Mexikon jaiotako azken sumendiaren kontakizuna,
Atl Doktorearen ikuspegi poetiko, piktoriko eta intelektualetik,
muralista, bolkanologoa eta pentsalari mexikarra berau
LA PALMA
CUMBRES VIEJAS
Beldurrari, soinuari, labari, errautsari eta koladari buruzko bidaia eta etxetik metro gutxira edo etxe gainean mendi bat hazten ikusi dutenen testigantzak.
OZEANO PAZIFIKOA
KULO LASI
Galdararik handiena, itsaspeko lehen mehatze handia. Metal arraroen erreserba handia ur azpian, Frantziako Errepublikako azken bi erresumen esku
EGUZKI SISTEMA
OLINPO MENDIA
Etorkizuneko meatze kolonia. Marteren konkista.
Asteroideen meatzaritza eta Lurraz haraindiko estraktibismoa.
Era berean, ikerketak lau ardatz garatuko ditu 2023tik 2025era bitartean
- Izan aurretik izan ginen sumendia
- Mendi bat bezain bizirik
- Dabiltzan mendiak
- Mugaberriak, kolonia berriak, modu zaharrak
Azalan burutuko dugun egonaldi honetan, nabigazio-mapa antolatzen eta diseinatzen lan egingo dugu.
Azkona Toloza : Mediterraneo itsasoaren, Pirinioen eta Atakamako basamortuaren erdibidean dagoen bikote artistikoa osatzen dute Laida Azkona Goñi-k eta Toloza Tol-Fernandez-ek. Bikote artistiko honek arte bizien alorrean dauden proiektuak egiten ditu. Arreta jarria dute poesiak eta antropologia bisualak dituzten aukera infinituetan, lo-fi bideosorkuntzan, performancean eta mugimenduan. Prestatu dituzten azken sormen lanak historia ofizialaren berrirakurketan eta eszenarako pentsatutako sorkuntza dokumentalean ardaztu dira. Eszenarako pentsatuak direla esaten dugunean, benetan dioguna da dela opera-areto bat, dela goi-lautadako gatz-lautada baten mugagabetasuna.
Azkona & Toloza-ren ohiko kolaboratzaileak dira, honako hauek: Rodrigo Rammsy musikari eta konpositorea, Xesca Salvà eszenografo eta eszena-zuzendaria, Ana Rovira koreografo eta argiztapen-diseinatzailea, eta Raquel Cors eszenako eta dramaturgiako zuzendaria.
Pacifico trilogia honako hiru pieza hauek osatzen dute: Extraños Mares Arden, Tierras del Sud eta hirugarrena eta azken pieza den Teatro Amazonas. La Colección, pequeña caja de herramientas, sobre los fondos del Museu Etnològic i de Cultures del Món, beren azken argitalpena da. Egon dira hainbat areto eta festibaletan, hala nola, Bartzelonako Grec Festibala eta Arte Bizien alorreko Sâlmon Festibala, Parisko Thèâtre de la Ville eta Festival d’Automne, Genebako La Bâtie Festival, Salvador de Bahia-ko FIAC, Mexiko Hiriko Chopo-ko Unibertsitatea Museoa, Erromako Romaeuropa Jaialdia, Bogotan Kolonbiako Artisten Saloi Nazionala, Madrilgo Matadero eta Espainiako Antzokia, Txileko Santiago hiriko NAVE eta Santiago a Mil, Burgoseko Escena Abierta, Terrassako TNT, Cadizko Iberoamericano edota Temporada Alta.
Azkona & Toloza konpainia elkartua dago Toulouse-eko Théâtre Garonne gunearekin, eta Teatre Lliure Fundazioak babesten duen Carlota Soldevila izeneko programaren dirulaguntza jaso du 2022an.
Hasi zirenetik, Bartzelonako Antic Teatre konpainiaren sormen egoitza bilakatu da.