Gorputz bat itsu-itsuan murgiltzen ezagutzeke, esateke dagoen horretan. Irudi hori, hain zuzen, honako beste ideia honen inspirazio-iturria da: idazketa ere “ibili dabil”, baina ez borrokan, dantza eginez baizik, inguratzen duenarekin.
Azalako etxolak, estudioak eta bideak inguratzen dituen ingurune menditsu eta begetalak paisaia gisa baliatuko ditut azken urteotan gorputzaren eta idazketaren inguruan egiten ari naizen ikerketetako batzuk hartzeko eta biltzeko; gorputza Historiaren emergentzia-gune gisa, eta idazketa, berriz, ulertzeko eta inskribatzeko modu gisa.
Izenburua Federico Garcia Lorcak (1898-1936) Antonia Merce y Luque ‘La Argentina-ri’ (1890-1936) eskaini zion laudorio laburretik dator, esaldi horrekin ematen dio hasiera hain zuzen. Bertan, poetak honela definitzen du dantzaren artea: gorputzaren borroka, inguratzen duen laino ikusezinaren kontra duena. Horrela, edertasun handiko ziurgabetasun eremuan jartzen du dantzariaren egitekoa, eta ezinbestekoa da itsuan arriskatzea. Beraz, gorputza begiradaren aurretik doa, eta eskuak lanbroaren hezetasunean sartzen dira, beste zentzumenen bidez lekuz mugitzeko eta hauteman ahal izateko.
Hemen, Lorcak dantzaren arteari buruz egiten duen definizioa hartzen dut, beste praktika batera zabaltzeko, gorputzarena hau ere, koreografikoa hau ere, idazketarena. Eta ikustea nola artikulatzen eta finkatzen den ikertutakoa testu-saiakera gisa.
Azken batean, idaztea da kontua; denbora, espazioa eta baliabideak eskatzen dituen egitekoa. Horretarako, 2021-2022 urteetan zehar, Azalan zenbait egonaldi egin nahi ditut. Egonaldi horietako bakoitzean —idazteko balio dutenak, baina baita jakiteko dagoen hori idazketak nola artikulatzen eta eraldatzen duen ikusteko ere—, pertsona bat solaskide eta laguntzaile gisa gonbidatzen dut.
1.egonaldia
2021eko maiatzaren 10 (astelehena) eta 14a (ostirala) bitartean, Gorputzaren borroka, inguratzen duen laino ikusezinaren kontra proiektuaren lehenengo egonaldia egingo da.
Izenburu orokor honen pean, Isabel de Naveranek zenbait egonaldi proposatzen ditu, abian diren ikerketak idazteko. Lehenbiziko honetan, Andrea Rodrigo gonbidatu du solaskidea eta laguntzailea izatera.
2014az geroztik, Isabel de Naveran eta Andrea Rodrigo elkarrekin aritu dira, modu batera edo bestera, ikerkuntza eta kuradoretza alorretan. Koreografia praktika esperimentalaren baitan ulertzen dute —hau da, esperientzian oinarritua—eta ez dantzaren eremura mugatuta, baizik eta arreta modulatzeko tresna gisa eta, beraz, inguruan dugunarekin beste harreman-modu batzuk ezartzeko ahalmen gisa.
Lehen egonaldi honetan, gorputzaren inguruko idazketa-saio batzuk bildu, jaso eta forma emango zaie, gorputzak deskonposizio fisiko eta transformazio prozesuekin duen erlazioari dagokionez, gaixotasunarekin, paralisiarekin, baita heriotzarekin ere, eta, beraz, lekuko denaren doluarekin, galerarekin eta ondorengo minarekin edo babesgabetasunarekin zerikusia duten egoerak behatuz. Hori guztia bizipen horien berezko materialtasunetik eta zentzumenetatik begiratuta.
Isabel de Naveran ikertzailea da artea, koreografia garaikidea eta performancearen alorretan, baita kuradoretza, argitalpen eta idazketa proiektuetan ere. Denborari buruzko kezka gai nagusia da ikerketetan, hasi koreografia hedatuan denbora zinematografikoa ekoizteari buruzko bere doktorego-tesitik (UPV/EHU 2010), eta gorputz transmisioan eta denbora historikoaren kontzeptua praktika iragankor eta iheslarietatik berrikusten dituzten egungo proiektuetaraino. 2010ean, Leire Vergara, Miren Jaio eta Beatriz Caviarekin batera abiatu zuen ‘Bulegoa z/b’ izeneko arte eta ezagutza bulegoa, eta proiektu horri lotuta egon zen 2018ra arte. Egun, kuradoretzaz arduratzen da zuzeneko arteen alorrean Sofia Erregina Museoko Jarduera Publikoen Sailean, eta Azkuna Zentroan (Bilbo, 2021-22) ikertzaile laguntzaile lanetan aritzen da.
Andrea Rodrigo ikertzailea eta kuradorea da dantza eta koreografia garaikidearen alorrean. Honako testuinguru hauetan jarduten da: Performing Arts Forum en St. Erme, Frantzia; CA2M, Madril, bertan Lo que ya se intuye programaren komisarioa izan da; Conde Duque, Madril, bertan Amarre programaren komisarioa izan da; eta Bulegoa z/b, Bilbo, bertan koordinazio lanak egin zituen 2017. eta 2018. urteetan zehar.
Argazkian, Isabel de Naveranek Elena Aitzkoaren eskultura bat ikutzen du. Andrea Rodrigok ateratako argazkia da.