Gutako bakoitzean topa dezakegun “arimaren” antzekotasun gehien duena, horixe da gure ahotsa. Ahotsak identifikatzen gaitu, nor garen eta nola sentitzen garen azaltzen du, erabat pertsonala da eta ez da transferigarria. Gure NAN soinua da.Hitz egitea eta entzutea aldi berean egin ahal izateak ahotsa partitura bihurtzen du, eta interpreteak eta ikusleak egiten gaitu aldi berean. Hitz egiten dugunean, normalean ez dugu geure burua entzuten, ez gara ohartzen gurea den soinuaz, zer duen gure soinuak berezia eta zerk egiten duen bakarra. Nork egiten du soinu nire ahotsa entzuten denean? Nork hitz egiten du beste norbaitek idatzitako testua irakurtzen dudanean? Nire ahotsa entzuten dudanean, arrotz sentitzen dut neure burua. Grabatzen dudanean, berriz, neu ez naizela iruditzen zait, beste norbait nire hitzekin hitz egiten ariko balitz bezala da. Ez du benetakoa ematen, arraroa egiten da… Zer da benetakoa eta zer arraroa guztion ahotsetan? Non nago ni eta non nigan bizi den arrotza?Ahotsa eta hizkuntza, a priori, bereizezinak dira izatez. Badirudi, bigarren hori gabe lehenengoak ez lukeela zentzurik izango. Soinuak erabiltzen hasten garen une beretik hizkuntza ikasten ari gara. Hizkuntzak gure pentsamendua baldintzatzen du, gure subjektibotasuna eraikitzen du, eta gure adierazteko modua finkatzen du. Hizkuntzak gure ahotsa ordenatu eta estandarizatu egiten du, egitura baten, sintaxia baten mende jartzen baitu, nahiz eta uste dugun naturala dela eta betidanik hor dagoela, baina, egia esan, erabiltzean imajina ditzakegun aukerak mugatzen dituen egiune baten fruitua da, gure soinu aparatuaren fisonomia baldintzatzen du, eta bere soinu-aukerak mugatu eta murriztu egiten ditu. Baina ahotsa askoz ere gehiago da, ahotsa materia emozionala da, fenomeno fisiko-akustikoa da, gorputzarekin eta haren gertaleku den espazioarekin oso lotura estua duen indarra da.
HAU DA NIRE AHOTSA, egiten den ahotsaren funtzio bikoitz hori ikertu nahi dut: alde batetik, erretratu pertsonal gisa eta, bestetik, indar fisiko gisa.
Zer dago hitzaren eta gauzen artean, nire eta bestearen artean? NIRE AHOTSA.
Nolakoa da nire ahotsa zehazki? Zer da hari buruz gehien gustatzen zaidana?
Berez, zer komunikatzeko gai da, eta, nire ahotsa zenbateraino dago mintzatzen ari naizen hizkuntzaren mende?
Testua al da nire ahotsa? Hizkuntzarik / testurik ez badago, zertarako da nire ahotsa? Nola jokatzen du?
Zer hierarkia dago ikusten dudanaren eta entzuten dudanaren artean? Nola irauli dezaket bide hori entzuleari begira?
Nire ahotsari buruz galdetu nahian ariko naiz prozesuan zehar, nolakoa den eta nola jokatzen duen, auto-erretratua eraikitzeko. Erantzunek ahozkotasunaren eta ahostasunaren aukera ezberdinak arakatu nahi dituzten testuz eta soinuz osatutako material-sorta bat egingo dute: haren mugak,ahozko euskarriak eta, bereziki, nire ohiturek berezkoa duten izaera; eta galderagai edo langai hartzen duten material bera erabiliz eraikitzen direla: AHOTSA, NIRE AHOTSA… Izan ere, ezin dut nire ahotsaz hitz egin hura erabili gabe.Prozesuak honako bi dimentsio hauek ditu: bat da narrazioarena, idazketaren arabera eraikitzen dena, eta, bestea, berriz, performatiboa, ahozkotasunetik etengabe eraikitzen dena. Biak ala biak egongo dira etengabe elkarri galdezka.
Ahotsa mamu modukoa dela, espiritu baten gisakoa, gustatzen zait ideia horren inguruan lan egitea. Gure metafisika guztia bizi den ahotsa, ahotsa gorputz inmateriala da, ikusgai jarri nahi dudan izaki ikusezina da, horri gorputza eman nahi diot. Non dago nire gorputza eta non dago nire ahotsa? Noraino iritsi daitezke elkarrekin, eta noraino bereizita baldin badaude?
Paula Miralles Sortzailea eta kudeatzailea naiz arte eszenikoen arloan. 2002tik 2015era arte aktore lanetan aritu naiz proiektu ugarietan, arte eszenikoen arloan. 2006tik 2017ra arte ahotsa,soinua, musika eta eszena landu ditut zenbait proiektutan, David Alarcon musikagile elektroakustikoarekin batera. 2015etik 2017ra bitartean, David Alarconek, Esther Vidalek eta Pilar Parreñok COLECTIVO MORTERO musika taldea sortu genuen. Biolina, biola, elektroakustika eta ahozkotasuna uztartzen dituzten hainbat pieza egin genituen. Gaur egun Taller Placer proiektuko kidea naiz, Vicente Arlandis, Miguel Angel Martinez, Violeta Ros eta Aina Vidalekin batera. Filosofiarekin, soinuarekin, literaturarekin, politikarekin eta arte eszenikoekin lotura duten ekintzak proposatzeko aukera ematen digun espazio bat da Taller Placer. 2018an lehen aldiz aurkezten dut “LP” nire bakarkako lehen pieza. Ahotsa eta soinua biltzen dituen lan bat da, 90eko hamarkadako pop-rock abesti-sorta bat osatu, eta hortik abiatuta.