Dantza aldakor baterako soinu ausnarketak

Isaak Erdoizaren ikerketa artistikoa
2027 ARTISTA EGOILARRA
arnasa luzea
Egoitzak - Leiho bat

Lehio bat: Azalaren berezko zalaparta

Dantza aldakor baterako soinu ausnarketak, dantzaren arloan entzumenaren inguruko praktikak eta pentsamendua garatzeko ikerketa-proiektu bat da. Soinuaren eta entzutearen eremuan murgiltzea proposatzen dot, eta belarriak gorputzeko beste atal batzuekin eta mugimenduagaz beragaz daukazan askotariko harremanak ikertzea. Soinuak mugiarazten gaitu; bibrazino bat sortzen dau, eta bibrazino horretatik abiatuta gure kokapena eta espazioan egoteko modua birkonfiguratzen doguz. Etengabeko dantza bat da, eta denpora gehienean oharkabean gertatzen da.

Gaur egun profesionalki lantzen dodazan diziplina bien, dantzaren eta osteopatiaren, arteko alkarrizketa aktibatzeko interes pertsonaletik abiatzen naz. Bietan gehien interesatzen jatana sentsibilitate batean nahitaez inplikatzea da, egiten gagozan bitartean edo izaten gagozan bitartean arreta eta presentzia osoa izatea ahalbidetuko dauan sentsibilitatean.

Hainbeste zaratak zeharkatzen dauan nire bizitzako une honetan, funtsezko galdera bat agertzen jat: entzutea ekintzarako leku moduan. Dantzan eta munduan egoteko moduak eraikitzen dabezan praktika sentikorretan oinarritutako jarduerak sortzea interesatzen jat. Entzutea norbere presentzia eraikitzeko oinarri moduan pentsatzen dot, presentzia orainaldi aldakor bat dala ulertuta, eta, aldi berean, gizarte-harremanen, gorputzen eta lekuen arteko harremanen birika moduko bat. Entzuterik barik ez dago norbere burua ezta ingurua ulertzerik be; ez dago alkarrizketarik, ezta harremanik sortzerik be.

Ikerketa-prozesua ikasketa, praktika, idazketa, artxiboa eta eszena-sorkuntza gordeko dauzan zaku moduan planteatzen da, entzun, hots egin, adi egon eta mugitu terminoen arteko harremanaren inguruan. Espazio urtsu eta intuitibo bat. Entzumen-sistema aztertzea eta azal osora zabaltzea.

Dantza aldakor baterako soinu ausnarketak 2026an eta 2027an garatuko da, Azala Kreazio Espazioan (Lasierra, Araba) eta La Ginetan (Monachil, Granada). Prozesu honetan Ana Buitragoren eta Miguel Álvarez Fernándezen bidelaguntza artistikoa izango dot. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren dantza-ikerketa eta -sorkuntza proiektuetarako «2026ko Sorkuntza Koreografikoa» dirulaguntza jaso dau.

Isaak Erdoiza (Abadiño, Bizkaia, 1975). Gaur egun Bilbon bizi da. Koreografoa, performerra eta osteopata da. Dantzagaz izan eban lehenengo hartu-emona sei urtegaz izan zan, Abadiñoko Iluntze euskal dantza taldean (1981–1987). Dantza eta eszena-sorkuntzako ikasketak Lisboan hasi ebazan, C.E.M. Centro Em Movimento zentroan (2007–2009). Ondoren, prestakuntzan sakontzen jarraitu eban Idoia Zabaleta, Vera Mantero, Lisa Nelson, Hisako Horikawa, Frank van de Ven eta João Fiadeiro lako artisten eskutik. Eszena Praktika eta Ikusizko Kulturako masterra egin eban Madrilgo Mataderon eta Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofían (2016–2017). Maia Villotegaz batera, La Cosa en Casa antolatu eban, Bilboko etxe-inguruneetan garatutako diziplinarteko topaketa bat (2012–2015). Saturar la erótica (2016) eta MASA (2018) piezen sortzailea da. 2018tik aurrera Nazario Díaz artistagaz eskuz esku egin dau lan. Haren Háblame, cuerpo (2018) eta Amanecer Alto Cielo (2025) piezetan parte hartu dau, eta alkarregaz Fuego verde (2021) eszena-pieza sortu dabe. Raira Rosenkjarren TETAS piezaren zuzendaritza dramaturgiko eta koreografikoan be jardun dau; lana 2026ko apirilean estreinatu zan Bilboko BLVArt jaialdian. Horrez gain, dantzari eta kolaboratzaile jardun dau Olatz de Andrésekin —Privolva, Privolva Landing, El cielo ahora—; Coletivo Qualquer taldeagaz —OVER, Gestos de inquietud #3—; Idoia Zabaletagaz —El paseo—; Aitana Corderogaz —Los besos-Three ways to master a kiss or a twentyfive minutes kiss at your neck—; Ibon Salvadoregaz —Boca noche, Gaua ahoa—; Dani Hernándezegaz —La grieta, Córdoba drone—; eta Maia Villot eta Rosa Casadogaz. 2024ko eta 2025eko edizinoetan Dantzan Bilaka programako koordinatzailea eta batzorde artistikoko kidea izan da. Huarte Zentroan Influjos sonoros. Recorridos singulares entre idea, palabra y acción tailerra emon dau, Dantzan Bilaka 2026 programako lehenengo egonaldiaren barruan. Gaur egun Tao Yin arte martzialeko prestakuntza egiten dabil Madrilgo Tao Center eskolan. Bere praktikak gorputza paisaiak eta iruditeriak sortzeko gai dan bitarteko moduan lantzen dau, bestelako harreman-moduetara zabaltzeko. Eszenan egiteko moduak proposatzen ditu, entzutea ekintza sentikor moduan eta kolektibotasuna gizakiaren izaerari berez dagokion baldintza moduan erdigunean jarrita.