Akordatzen naiz txikitan, gauez, ohean nintzela, nire anaiaren ahotsa entzuten nuela istorioak eta ipuinak asmatzen, lokartu nendin. Akordatzen naiz zer nolako gogoz bizitzen zituen istorio haiek eta nola eragiten ninduen haren ahotsa entzuteak.
Orain, jada heldutan, gauero podcast bat jartzen dut lokartu baino lehen, eta bereziki atsegina iruditzen zait nire gorputza uzten dudan unea, norbaitek ahotsaren bidez nire pentsamenduetan sartu eta beste egoera batera eramaten nauela entzuten dudan bitartean.
Entzuten dudanean soinuaren barruan nago, begiratzen dudanean irudiaren aurrean nago.
Ahotsak entzuten ditut eta hitzak ikusten ditut.
Belarriak entzuten duena interesatzen zait. Belarriak hemengotasuna entzuten du. Entzuten dudan hemengotasuna lantzea eta sentitzen dudan entzundakoa lantzea interesatzen zait.
Soinua nigandik ahots egina ateratzen da, nire gorputzean sartu eta nire gorputzetik ateratzen da eta beste gorputz batzuetatik igarotzen da. Ez dago partekatzen den ahotsa baino gorpuztasun handiagorik. Hizkuntza leku komuna da, hau da, elkargune bat, eta ahotsa bertan bizi den gorputza da eta hura anplifikatu egiten du.
Eszena topaleku bihurtua, gustatzen zait ideia hori, ahotsaren bidez presente dagoen hizkuntza/testua. Ahots jaurtia, xurgatua, areagotua eta errebotatua espazio/testu horrek dituen gainazal, gorputz eta objektu guztietarantz, halako moldez non ahots presentea eta ahots ausentea nahastu egiten baitira.
ARE WE ALIVE? deiturikoan ez zait interesatzen ahotsa nire gorputzaren luzapen modura, berezko gorputz gisa baizik. Zein da ahotsaren identitatea eta izaera? Ahotsa gehiegi baldintzatu gabe, nola erabili dezaket gorputza ahotsa sortzeko ibilgailu edo tresna huts gisa? Zer testuk, hitzak, edukiak eta espaziok sortarazten dute ahotsa eta nola aldatzen diote elkarri?
ARE WE ALIVE? deiturikoan ahotsa landu nahi dut espazio baten moduan eta espazio horretan lurrin baten pare zabalduz sortzen dudan soinu baten moduan. Horretarako, AZALAn egingo dudan egonaldian asko irakurriko dut eta pasiatuko naiz. Gero, nire eta beste batzuen testuak eta esaldiak aukeratuko ditut. Idatzi egingo ditut, eta testu bat osatuko dut haiekin. Esaldi batzuk errepikatuko ditut, eraldatu eta espazioan mugituko ditut, nola jarduten diren ikusteko. Haien edukiaz haraindi, aztertu nahi dut zer keinu eskatzen duen grafiak, nola pasiatzen diren esaldi horiek espazioan, non egon nahi duten, eta nola eta zer nolako entzute-esperientzia sortzen duen haiek ahoskatzen dituen ahotsak.
Paula Miralles testuinguruen, egitarauen eta egoeren sortzailea eta kudeatzailea da arte eszenikoen arloan. Gaur egun Taller Placer proiektuko kidea da, Vicente Arlandisekin batera. Filosofiarekin, soinuarekin, literaturarekin, politikarekin eta arte eszenikoekin lotura duten ekintzak proposatzeko aukera ematen dien kolektibo bat da Taller Placer. Ahotsaren eta soinuaren bidez pentsatzea eta bere buruaz hausnartzea gustatzen zaio. Horregatik, haren jarduerak erritmoa, bibrazioa, isiltasuna, hizkuntza eta presentzia bezalako gaiak lantzen ditu.
Taller Placer, gaur egun, Paula Mirallesek eta Vicente Arlandisek osatzen duten taldea da. Kolektibo horren bidez, hainbat motatako jarduerak erabiltzea eta sortzea sustatzen dute, berez kritikoak direnak eta eraldaketa sozialerako eta pertsonalerako tresna gisa baliatu daitezkeenak. Proiektuak hainbat ildotan garatzen dira: ikerketa proiektuak, sorkuntza artistikoko lanak, prestakuntza tailerrak, Arte Bizien programazioa eta elkarrekin egoteko aitzakia diren beste jarduera batzuk. Alde horretatik, Taller Placer hainbat tresna eta metodologia partekatzeko gunea da, bizimodu osoagoak eta atseginagoak eraikitzeko erabilgarriak izan daitezkeenak.
Laguntzaileak: Vicente Arlandis eta Norberto Llopis
Aurrez partaideak izan dira ere: Maribel Bayona, Victoria Trillo, Maria Tamarit, Paula Rausell eta Vir Roig.
Kolaboratzailea: Taller Placer e Institut Valencià de Cultura (IVC)