Mamu Antena ikerketa-lan bat da. Ikerketa horren bidez lotzen eta ulertzen saiatzen gara maila performatiboan ematen den bibrazio energetiko espirituala, artistaren rola, hainbat mundu bideratzen eta lotzen dituen eragilea den aldetik, eta nolakoa den intuizio horren guztiaren kudeaketa, presentziaren, gorputzaren edo energiaren aldagaiak kontuan hartuta. Nondik sortzen dira ideiak, zergatik egiten du guztiak bat? Behin, medium batek esan zigun dohain baten jabe garela, gure emanaldiak ikustera datozen pertsonen aurak handitzeko gaitasuna dugu. Egia esan, 15 urteko esperientziari esker, hori horrela dela egiaztatu dugu, energia kutsatu egin daitekeela uste dugu, eta sendatzaileak diren performance jarduerak garatu ditzakegula. Energia artearen zerbitzura jarri dugunez beti, orain artea energiaren zerbitzura jarri nahi dugu eta zer gertatzen den ikusi, bibrazio handia sentitzeko eta energia positiboa, berriztatzailea eta sendatzailea zabaltzeko.
2023ko urtarrilean ‘Una octava más suave’ izeneko saioa egin genuen Palmako Es Baluard-en, I-cordes programaren barruan; martxoan, Valladolideko Calderon antzokian, 3 eguneko tailer bat, ‘La movida’ izenekoa; eta 2023ko ekainean, sendatzaileekin topaketak antolatu genituen Madrilgo Planta Baja-n (Hablar en Arte). Gure tailerrak eta laborategiak proposatzen ari garen ikerketara bideratzen ari gara: nola utzi egiteari eta egoteari gertatu behar dena gerta dadin; gorputz bera sinkronizatu eta sintonizatu. Jardunaldiak 2023ko abenduan izango dira, Praktika artistikoen eta Kultura-ikasketen Masterraren barruan, Huarte, Azala eta Kampai (Bilbo) zentroetan.
Jorge Dutor eta Guillem Mont de Palol gara, Bartzelonan ari garen artista eszenikoak. Dantza, musika, arkitektura, jantzien diseinua, antzerkia edo opera bezalako diziplinak lantzen ditugu eta horiek dituzten eragin-eremuak arlo maila politikoan nahiz sozialean. Batzuentzat pasabide hutsa baino ez den leku batekin konpromiso sendoa dugu guk, eta leku hori da gure jarrera ideologikoa, alegia, gauzen ertzean egotea, sekula ez erdigunean. Gure praktika performatiboek hizkuntzak uztartzen dituzte, diziplina anitzekoak dira eta zerbait kementsua eta enpatikoa sortzen dute. Umorea, absurdoa, errepikapena, hizkuntza, soinua eta musika erabiltzen ditugu arte eszenikoak publiko guztiengana hurbiltzeko, aretotik konga dantzatzen atera daitezen eta gero ikusitakoa euren etxeetan errepika dezaten. Irmoki uste dugu arte garaikideko praktikak guztiontzat izan behar dutela, eta guztiok izan behar dugula horiek ikusteko aukera, haien inguruan modu kritiko batean hausnartzeko eta haiekin gozatzeko. 2009tik daramagu elkarrekin honetan, Europako eta Latinoamerikako antzoki, arte zentro eta jaialdiekin elkarlanean.
Guillem (Girona, 1978) SNDOn graduatua (Dantza Berriaren Garapenerako Eskola, Amsterdam) koreografoa, dantzaria, masajista thailandiarra eta kundalini yogui da. Hezkuntza programa eta jardueretan parte hartzea gustatzen zaio: 2010-16ko SNDOn irakasle gonbidatua izan zen, eta bere lan pedagogikoa hainbat testuinguru artistikotan garatu du, besteak beste, tailerrak emanez Bartzelonako Institut del Teatre institutuan, La Poderosa, C2M eta MACBAn. Jorge Dutor-ek antzerki-eszenografia ikasi zuen RESADen (Madril), eta gustatzen zaio prozesu artistikoetan inplikatzea, tartekatuz jantzien diseinua eta prozesuen jarraipena kanpo begirale/antzerkigile gisa.
Gure lehenbiziko lanetan biok aritzen ginen elkarrekin lanean, baina azkenaldian urruntzeko halako premia sentitu dugu, hau da, lana beste lagun batzuekin partekatzeko beharra, eta ahalegindu gara beste horiek gure lana bihurtzen. Biek uste dugu artea eraldatzailea dela, eta gorputza erabiltzen dugu inspirazio-iturri gisa eta laguntza modura. Gorputza eta antzerkia, guretzat, leku magikoak dira, demokratikoak, generorik gabekoak, mugarik gabekoak, dena posible egiten duen leku politikoa.













