Vocis – For Eyes to Hear

Carla Pirisen sorkuntza egonaldia
azaroaren 25etik abenduak 4ra
Egoitzak - Mikorrizak

Mikorrizak: Onddo eta sustraien arteko erlazio sinbiotikoaren izena erabiltzen duen programa honen bidez, Azala beste egitura lagun batzuekin elkarlanean dabil.

Egoitza hau Tapete común programaren barruan kokatzen da. L’animal a l’esquena (Celrá, Girona), EiMa(María de la Salut, Mallorca) eta Casa Vella (Amiadoso, Ourense) arteko lankidetza-programa honen helburua lurralde bakoitzeko  sortzaileei laguntza ematea dela, lan-espazioa, ostatua eta beren lan-prozesuei laguntza artistikoa eskainiz.

Ahotsa gorputzaren baitan bidaiatzen da eta gorputzaren mugetatik kanpo. Dardara eta durundi egiten du saihets-hezurren azpiko barrunbeetan eta kobazuloko hormetan. Mugimenduaren bidez, gorputzak eta ahotsak espazioa zeharkatzen dute hainbat bideetatik, abiadura desberdinetan mugitzen dira, txoko guztiak aurkituz.

Vocis – For Eyes to Hear ikerketa lanak ahotsaren eta gorputzaren mugimendua hartzen du oinarri gisa, bizi ditugun eta bizi gaituzten lekuak nola bisitatu ikertzeko. Alde batetik, orain bizi garen lekua, ganbera hau, bere neurriak eta formak, orainaldiaz eta bibrazioz betea. Eta bestetik, bizi gaituzten leku guztiak, memoria baten modura gure gorputzak eta ahotsak gordetzen dituzten oroitzapen fisikoak. Beste leku bat eta beste denbora bat; amonarengandik jasotako eskuaren keinua edo galduta dabilen haur baten negarra. Aipatu ditzakegun lekuak dira horiek, gorputzaren eta ahotsaren arteko erlazio fisikoa behatu eta interakzio hori kodeetatik, identitatetik eta pentsamendu arrazionaletik libre adierazten uzten dugunean.

Vocis – For Eyes to Hear bidaia poetiko, bisual eta soinudun batean murgiltzen gaituen esperientzia da. Pertzepzio berri batetik aritzera gonbidatzen gaituen pieza.

Carla Piris (2000, Bartzelona) Bartzelonako Antzerki Institutuko Dantza Kontserbatorio Profesionalean graduatua da, eta koreografian graduondoko ikasketak egin ditu SEADen (Salzburg Experimental Academy of Dance), Salzburgon, Austrian. Bere ibilbidearen hasieran, interprete izateko prestakuntzarekin batera, sorkuntzarekiko bere interesak lehenbiziko lanak egitera eraman zuen. Dantza-antzerkiaren arloan ikertzen hasi zen, eta iraupen laburreko hainbat pieza sortu zituen, kalerako eta aretorako sortuak eta jaialdi eta antzoki ezberdinetan aurkeztuak. Geroago, 2021ean, Salzburgon egin zuen egonaldian, formatu handiko bi pieza estreinatu zituen: The Longing of the Lost Whole eta Where They Met. Bigarrenean elkarlanean aritu zen Nil Manrique zinema zuzendariarekin, eta harekin pantaila handiaren eta eszenaren arteko harreman eta elkarrekintza aukerak aztertzen aritu zen. 2022an, Bartzelonara itzuli zenean, Suediako Byström Källblad konpainiarekin kolaboratu zuen interprete modura, City Horses piezan hain zuzen, eta Suediako hainbat jaialditan lanean aritu zen. Aldi berean, Wonderground Company konpainiarekin lan egiten du, koreografia-laguntzaile lanetan ari da, Rise, After the Rain eta Momentum piezetan parte hartuz. Egun, gorputzaren eta ahotsaren arteko harremanean interesatuta dago, eta Vocis – For Eyes to Hear proiektuan ari da lanean, bertan ikerketa lanak egiten jarraitzen du. Aldi berean, harreman estua du Magdalena Garzón artistarekin, eta haren dantza-piezetan aritzen da dantzari: Altares Profanos (IT koreografia sarian finalistan eta SAT Teatre sariaren irabazlea) eta Verónica.