A…Istoriorik gabeko istorioa

Goitibera konpainiaren sorkuntza egonaldia
urtarrilak 9tik 26ra
Egoitzak - Leiho bat

Leiho bat: AZALAren berezko zalaparta.

Sorkuntza honetan ikerketari, hausnarketari, eraikuntzari… beharrezkoa den denbora eman nahi diogu. Nahiz eta hori gure gizarteko egungo bizi-erritmoaren aurka joan. Izan ere, batzuetan, erritmo azkar eta bizkorrek arrastaka eramaten gaituzte, eta horrek sorkuntzaren beraren, artearen eta pertsonen kontra doa. Hori kontuan izanda estreinaldia 2023ko maiatzeko Umore Azokan aurreikusten dugu.

Publiko guztiei zuzendua eta iluntzean edo gauean antzezteko kaleko ikuskizuna.

Ikuskizun honek bi zati ditu. Lehen zatiak publikoak jolasaren bidez aktiboki parte hartzen duen ibilbide bat da, eta bigarren zatia aktoreek egindako proposamen eszenikoa litzateke. Espazio publikoa eraldatzea planteatzen dugu, kalean (plaza, parke…) muntatuko den instalazio artistiko baten bidez. Anfiteatro txiki batean amaitzen den ibilbidea sortuko da. Ibilbide ezarria, gidatua eta markatua. Jendeak estimuluak jaso eta sortuko dituen bide sentsoriala. Ibilbide hau bizitza beraren metafora bat da. Bizitzaren mugimenduekin, bere erritmoekin, isiltasunekin eta poesiarekin. Anfiteatroa bidearen amaiera da, magia gertatzen den lekua eta “istoriorik gabeko istorioa” kontatzen den gunea. Espazio goxo bat da, argiztapen, attrezzo eta musika poetiko batekin. Espazio honek beste espazio batzuetan imajinatzera gonbidatzen gaitu, leku abstraktu ez figuratiboetan.

Artea eta magia egunerokotasunera eraman nahi ditugu. Espazio poetikoak sortzea, ohiko igarobide publikoak beste zerbaitetan bihurtzeko. Instalazioa toki bakoitzean integratzen den moduan, inguruneak ere muntaia eraldatuko du, aldi bakoitzean sorkuntza bereziak eta bakarrak sortuz.

Goitibera teatroa: 2012ko ekainean osatzen da Saioa Iribarren eta Ander Basalduaren eskutik, biak Bartzelonako “Escuela Internacional de Teatro Estudis Berty Tovías” eskolan ikasiak. Jacques Lecoq maisu frantsesaren pedagogiari amen eginez, Goitibera konpainiaren antzerkia mugimenduan, espazioan eta gorputzean oinarritzen da, ikuspegi ezberdinak lantzen dituelarik (kluna, maskarak, pertsonaiak, bufoiak…).

Saioa Iribarren (Iruñea – 1983): sortzailea Bere jaioterriko Arte eta Lanbideetako Eskolan ikasi ostean, Bartzelonara aldatu egiten da. Bertan, besteak beste Alain Vigneauk zuzendutako arteterapia formakuntza (2005-2008) burutzen du eta Merche Ochoaren eskutik bere klun formakuntzari hasiera ematen dio. Ikasketa eszenikoei lehentasuna emanez, “Escuela Internacional de Teatro Estudis Berty Tovías” (2008-2011) eskolako antzerki fisikoko bi urteko formakuntza, sormenean oinarritutako hirugarren urte batekin osatzen du, Titzzina konpainiak gidatua. Goitibera konpainiaren sortzaile da eta bertan aktore zein zuzendari eta idazle giza lan egiten du. Goitiberak Jacques Lecoq maisu frantsesaren pedagogia jarraitzen du, mugimenduan oinarritutako antzerkia jorratuz, eta ikuspegi ezberdinak landuz (kluna, maskarak, pertsonaiak, bufoiak…). Zuzendari bezala ikuskizun hauetan lan egin du: 2016-an Teatro a la Boina kolektiboaren “I’m a real Artist” (P6-ko antzerki arinaren publikoaren saria), 2019-an Goitibera-ren “AMATXIK DIXIT” (P6-ko antzerki arinaren Kriselu saria euskarazko piezarik onenari eta publikoaren saria), 2019/20an Logela Multimediaren “Tartalo” umeentzako ikuskizuna, 2020an “Adela eta Martirio Bernarda Albaren etxean”, Naita Produkzioak ekoiztua. Zuzendutako azkenengo lana “KASILDA, bukatzen ez den sua” izan da, Goitiberak ekoiztua 2020/2021an.

Ander Basaldua (Bilbo-1984): sortzailea Antzerkilaria eta klun-a. Gaztarotik arte eszenikoen arlo ezberdinak (antzerkia, dantza…) ukitzen ditu, 2009an Klun-a ezagutu arte. Honek Buenos Airesera bultzatzen du, maisu anitzekin (Guillermo Angelleli, Cristina Martí, Marcelo Katz…) ikastera. Egonaldi horretan, klun formakuntza, bestelako ikastaroekin aberasten du; akrobazia, dantza, magia eta maskarak, besteak beste. Maskarak medio, Lecoq-en pedagogia ezagutzen du. Bartzelonara aldatu egiten da “Escuela Internacional de Teatro Estudis Berty Tovías” eskolan, pedagogia horretan sakontzeko (2010-2012). Denboraldi horretan, Philippe Gaulier edo Gabriel Chamé-ren neurriko maisuekin ikastaroak eginez klun formakuntzari jarraipena ematen dio. Goitibera konpainiaren sortzaileetako bat da eta Teatro a la Boina kolektiboaren parte da. Aldi berean, Transeduca, Teatro Paraíso, Markeliñe edo Laurentzi producciones bezalako ekoizle eta konpainia ezagunen sormen ugarietan lan egin du aktore gisa.

Web goitibera