Damutzen naiz

Iosu Yeregui eta Ion Estalaren sorkuntza egonaldia
urtarrilaren 29tik otsailaren 11ra
Egoitzak - Leiho bat

Leiho bat: AZALAren berezko zalaparta.

Me arrepiento elkarrizketa bat da. Bi performerren arteko elkarrizketa: Iosu Yeregui eta Ion Estala. Elkarrekin hitz egiten dute, elkarren artean komunikatzen dira, mugitzen dira, elkarrekin jarduten dute, elkarren artean eztabaidatzen dute. Bakoitzak bertsio bat dauka, bakoitzak berea, norberak bere ikuspuntua azaltzen du, defendatzen du. Onartu, eboluzionatu, puntu komun batera iritsi, berriro hasi, ados daude edo ez.

Me arrepiento elkarrizketarako agertoki desberdinak planteatzen ditu, umorearen eta absurdoaren eremuetatik abiatuta, kontzeptua arlo fisikoan lantzeko, mugimenduaren arloan lantzeko, gorputz-hizkuntzaren arloan lantzeko.

Performer bakoitzaren ikuspuntu desberdinen bidez, interpretazio-bide desberdinak baliatuta euren defentsa nola eramaten duten aztertuz, elkarrizketa dramatikoa sortzen da, istorio bat, bidaia bat. Nora garamatza honek guztiak? Hori da jakin nahi duguna.

Gune artistikoak sortu nahi ditugu, Me arrepiento esploratzen lagunduko digutenak. Ikerketa-laborategi bat, inprobisazioaren bidez eta sortuko den materialaren bidez, elkarrizketa bat sortzera eramango gaituena, espazio eszeniko bat helburu. Era berean, artistak gonbidatuko ditugu kanpo begirale gisa ikerketaren une desberdinetan, feedbacka jaso, oharrak hartu, baloratu eta aztertu ahal izateko eta, horrela, dramaturgia, mugimendua, soinua, espazioa eta abar sustatzeko.

Iosu Yeregui. Donostian jaio zen, eta bertan Musika, Zehar Flauta, Dantza eta Enpresa Humanitateak ikasi zituen. Londresera joan, eta han hasi zen ahots-trebakuntzan, Guildhall School of Music and Drama eskolan. Ondoren, Haga-ko Errege Kontserbatorioak emandako bekari esker, antzinako musikaren errepertorioa landu zuen. Stockholme-n, DOCHen urtebeteko prestakuntzaren ondoren, interpretazio historikoaren ikasbidea hartzen du, eta Schola Cantorum Basiliensisen trebatzen da, Suitzan, eta han ikasketak amaitzen ditu. Aldi berean, eskolak eman ditu Carlos Chaussonekin eta Ana Luisa Chovarekin. Urte luzez aritu da abeslari lanetan Teatro Comunale di Bologna eta Gran Teatre del Liceu antzokietan eta gero Europa osoan hasi du bere bakarkako karrera. Abeslari aritu da Liceuko Antzoki Handian, Madrilgo Errege Antzokian, Stockholm Operan, Versailles Operan, Vichy-n, Dijon-en, ABAO-OLBEn, Bozar Bruxelles-en, Salle Gaveau aretoan, Potsdam-en, Victoria Eugenia Antzokian, Zaragozako Auditorioan, Madrilen, Kursaalean, Poitiers eta beste hainbat antzoki eta auditoriotan zein jaialdietan. Abeslari aritu da honako hauen zuzendaritzapean: Claudio Abbado, Riccardo Frizza, Joshua Rifkin, Jordi Savall,, Christophe Rousset, Ton Koopman, Evelino Pidó, Marcello di Lisa, Leonardo García Alarcón, Aarón Zapico edota Juan Luis Martinez, besteak beste. Antzinako musikarekiko duen pasioak Collegium Vocale Gent, Capella Mediterránea, Los Musicales de su Alteza, Les Talens Liriques, La Cetra, La Chimera, Iruñeko Ganbera Korala eta beste hainbat talde bokal eta instrumentalekin elkarlanean aritzera eraman du. Horrekin bat, beste hainbat arte-arlotan aritzeko gogoak eraman du arropa diseinatzera eta lantzera ere, aktore lanak egitera, gidoiak idaztera, kultur lankidetza ezberdinak indartzera… baina, batez ere, zuzendaritza eszenikora eraman du. Ondorioz, zuzendaria izan da honako obra hauetan: Orfeo (Monteverdi), Bohemios (Vives), Traviata (Verdi), Jephte (Carissimi), La Tabernera del Puerto (Sorozabal), eta berak egindako beste hainbat lana, hala nola, Marc-a-do (Antic Teatre, Barcelona), Les Religions (Cultural Palace Hamadou Hampaté, Mali), Ni santos ni inocentes(NunArt, Barcelona) eta Lorca, como canta una ciudad de noviembre a noviembre (Recinto Ferial, Pozoblanco).

Ion Estala (Donostia, 1977). Argitaletxeen Diseinu eta Ekoizpeneko goi mailako teknikaria (Donostia, 2000). Nire ibilbide artistikoa sortzaile gisa hasi nuen, 2002an, Artelekun (Donostia, Gipuzkoako Foru Aldundia) egindako egoitza baten bidez, eta han Doleku (2002-2003)  ikus-entzunezko arte-proiektua garatu nuen, El Tipo Gráfico (https://artxibo.arteleku.net/es) lanarekin batera. Egoitza amaitu ondoren, Meboy (2003-2004) espazio artistikoa sortu genuen Egian, Donostian. 2004an, Noventa Grados (2004-2016) gunean hasi nintzen Komunikazio eta Kudeaketa Kulturalean zuzendari gisa, 2005ean inauguratu zenetik 80 ekintza artistiko baino gehiagotan komisario-lanak egin nituen; bakarkako eta taldeko erakusketak  egin nituen hainbat diziplina artistikotan, tokikoak eta nazioartekoak, baita liburu aurkezpenak ere, musika, zinema, hitzaldiak, tailerrak eta bitartekaritza-jarduerak. 2009an Gorputza: Acciones en el cuerpo, espacio y tiempo(Donostia-Bartzelona, 2008-2009) proiektua zuzendu nuen. Proiektu honetan, hamabi hilabetez jarraian, nazioarteko hainbat artista aritu ziren lanean gorputzaren kontzeptuaren eta diziplina artistiko ezberdinetan ematen diren sorkuntza-prozesuen inguruan; dantza, argazkia, animazioa… 2014an Dantza Edit sortu nuen eta bertan zuzendaria izan nintzen, Donostiako Parte Zaharreko Arte Eszenikoen lehen Jaialdia hain zuzen ere. Bi egunetan zehar dantzaz eta antzerkiaz bete genituen Alde Zaharreko bazter guztiak (https://vimeo.com/110461260). Anakrusa dantza eta antzerki konpainiako kidea izan nintzen (2011-2016), eta hiru lan aurkeztu genituen: Tempus i, Duo eta Insitu, bertan komunikazio, produkzio, kudeaketa eta sorkuntza lanak egin nituen (Duo) (https://youtu.be/iNKS9XqAPeg). 2016. urtean, Ana Barrantes-ekin batera, NODE dantza-konpainia sortu nuen, eta aritu naiz sortzaile, interprete eta zuzendari lanetan, horretaz gainera, zuzendari lanak egin ditut arte, komunikazio eta grafismo prozesuetan ere, eta argien diseinuaz, eszenografiaz eta pieza askoren soinu-bandaz arduratu naiz. Konpainia honek lan egin du honako gunetan: Teatros del Canal, Gazteszena, la Feria de Huesca, Dantza Hirian, dFeria, BAD Bilbao, Propulsa Galicia, Vila-real en Dansa edota Le Temps d’aimer la Danse, besteak beste, eta egonaldiak egin ditugu honako espazioetan: Aterpean, Sortutakoak, Bilbao Eszena edota Baratza Aretoa. Lan aipagarriak: Tria (2018), Pugna (2019), Emakumeak (2020), NATURA 2021 (2021), BATU (2021), Arachno  (2022). Lan egin dut honako koreografo eta artista hauekin: Jaiotz Osa, Alberto Cortés, Emilio Manzano, Oihana Varela, Julen Cano, Ainize Txopitea edota Rubén Albelda-rekin, besteak beste (www.node.eus). Aldi berean, hileko maiztasunaz jarduten den LABO arte eszenikoen bileran eta urtero antolatzen den LABO XL (www.labo.eus) jaialdiaren sortzaile-kidea, kudeatzaile-kidea eta zuzendaria naiz.