Partiturak praktikatuz

Tartar kolektiboaren ikerketa egonaldia
irailak 22tik 26ra
Egoitzak - Mikorrizak

Mikorrizak: onddo eta sustraien arteko erlazio sinbiotikoaren izena erabiltzen duen programa honen bidez, Azala beste egitura lagunekin elkarlanean aritzen da.

Emaria, laguntza programaren barne Garaionekin lankidetzan.

Dantzari eta musikari batek elkarrekin pieza bat sortu genuen. Lan horizontal eta kolaboratibo bat egiten saiatu ginen, arte-diziplina biak maila berean aurkeztuko zituena, bata bestearen menpe egon gabe. Lan eszeniko horren partitura idatzi genuen ondoren. Partituraren tresna gure lan eremura ekarri nahi izan genuen, diziplina artistikoen horizontaltasuna partituran nola adieraz genezakeen ikertzeko eta bide batez, dantza lanen iraunkortasunaren inguruko hausnarketa ere ekarri. Partitura hau, hizkuntza amankomun batean idatzi genuen, bi arte-diziplinetako artistentzat zuzendua egon zedin. Honetarako, partitura musikaletako pentagramaren hizkuntza ohikoa, idatzizko jarraibideak eta pieza honetarako guk sortutako notazio espezifikoa erabili genituen, dantzari eta musikari bati transmisio maila bera eman ahal izateko nahiarekin.

Partituraren ideiak sorkuntza koreografikoetan duen lekuaren hausnarketaren baitan, gure piezaren partituraren irakurketa, transmisioa, erabilera, eragina, eta erabilitako formatuaren inguruko ikerketa artistiko-praktiko bat burutzen ari gara. Ikerketa hau, egindako partitura praktikan jartzean eta partituraren beste formatu bat sortzean datza, besteak beste.

Iadanik sortua dagoen partituraren formatua pieza originala ahalik eta antzekoen interpretatzeko pentsatuta dago, nahiz eta eraldaketak izango dituen interprete bakoitzaren irakurketaren arabera. Hau honela, gure buruari galdetzen diogu ea zer gertatuko litzatekeen partitura hau irekiagoa izango balitz. Hau da, partiturak piezaren oinarrizko sorkuntza jarraibideak soilik bilduko balitu. Honek interpreteari sormen lan handiagoa eskatuko liokeenaren susmoa dugu, malgutasun handiagoa eskainiko ziokeelako material hori nahi duen lekura eraman ahal izateko. Galdera ugari sorrarazten dizkigu aukera praktika posible honek: Zenbat aldenduko da sorkuntza berri hau pieza originaletik? Igarriko al da interpretazio bakoitza sorleku beretik abiatutako ariketa bat dela?

Partitura berri honen sorkuntza eta idazketarako erabiliko dugu Azala kreazio espazioko egonadia. Ondoren, artista ezberdinekin hau ere praktikan jartzeko asmoarekin.

`Partiturak praktikatuz’ ikerketa artistikoaren bidez, bi arte-diziplina ezberdinetatik gatozen bi artista izanik elkarrekin sortzeak sortu dizkigun jakin-minak eta hizkuntza amankomunaren iruditegiari loturiko desirak azaleratu nahi ditugu. Gure sorkuntza bidearen ildoak aberasten jarraitzea ahalbidetuko duen proiektua denaren susmoa eta itxaropena dugu, bide berriak ireki eta bion artean eraikitzen ari garen sortzaile identitatea aberastu eta elikatuko duena. Honetan lagundu, sakondu eta ikuspegi ezberdin bat izateko Bertha Bermudezen aholkularitza dugu, eta aurrera eraman ahal izateko Eusko Jaurlaritzaren koreografia sorkuntzarako dirulaguntza. Gipuzkoako Dantzaguneak eta Garaion sorkuntza espazioak ere babestu eta hartatzen du lana, Azala kreazio espazioaz gain.

TARTAR kolektiboa Jone Amezaga dantzariak eta Manu Gaigne musikariak osatzen dugu.  Interes artistiko antzekoek eta disziplinartekotasunaren inguruan hausnartzeko eta lan egiteko nahiak batu gintuen eta 2020. urtetik gabiltza elkarlanean. Elkarlan hau, `Zerbait.Noizbat.Nonbait´ (2020-2021) sorkuntza-ikerketarekin abiatu zen; eta bertatik, 2022an, ´Remedios Vals´ lana estreinatu genuen. Lan honen partitura idatzi genuen eta orain ´Partiturak praktikatuz´ (2025-2026) ikerketa artistikoan lanean gabiltza, notazioaren munduan murgildurik, begirada transdiziplinarra txertatu eta praktikatuz. Kolektiboak hizkuntza eszeniko amankomun baten bilaketa du helduleku eta sorkuntza modu horizontal eta kolaboratibo batean ulertzen dugu.