Ibai bat bere bidean, ibai-ahoan dagoen portutik hasi eta haren iturburu diren mendietan barna doazen erreketaraino, bertakoa ez den giza irudi bat aurrera doa oinez, presentzia horren arrazoiari buruz galdetzen dio bere buruari, etengabe. Mundu berri horien aurkikuntzaren aurrean duen harridurazko begirada hori beste hainbat giza talderenarekin gurutzatzen da. Talde horiek harridurazko keinu hori onartu egiten diote zalantzan jarri gabe, beste horrek, ordea, gure gizartearen aukerak etengabe lehertzen ditu. Horrela, elkar topo eginez doaz, labur, bizitzan ematen diren elkartzeetan gerta ohi den bezala, denboran luzatu nahiak ez du zentzurik, geure buruarekin egiten dugun azken topo egite hori iristen den arte, baina horrek ere ez digu inolako erantzunik ekarriko agian. Orduan, beharbada, kontua zera da: galdera egiteko inongo beharrik ez zegoela, besterik gabe.
Ibaia Mondego da, Portugal zeharkatzen du, Serra da Estrelatik Figueira da Foz-eraino. Giza irudia japoniarra da, adineko gizon bat, era tradizionalean jantzia, samurai baten antzera edo. Eta bidean topatuko dituen lagunak, berriz, honako hauek: Figueira-ko gatzagako langileak, Baixo Mondegoko arrantzaleak, Coimbra hiriko Ikasleen Errepubliketako[1] gazteak, lekuz kanpo sentitzen den skater nerabe bat eta, azkenik, Mondego Alto-ko etxe batean bizi diren bi emakume abegikor.
Errealitatearen eta fikzioaren artean, samurai hori outsider bat da gehiago, kontakizunaren protagonista baino, aitzakia bat, gure orainaren egunerokotasunari harriduratik eta testuingurutik aparte begiratzeko. Baina, funtsean, exotismo orotatik haratago, gauzarik interesgarriena zera da, gure errutina erosoa zalantzan jartzen duen norbait dela, eta guk hari erabat nahasturik eta inolako segurtasunik gabe begiratzen diogula; hitzez hitz esanda, argumenturik gabe uzten gaituen norbait da, samurai batek utziko ligukeen era berean. Edo performer bat, filma performancearen esparruan gertatzen baita, izan ere samurai esan diogun hori benetan Katsunori Nishimura da, ez aktore bat; duela 50 urte baino gehiago Iberiar penintsulara iritsi zen japoniarra da, bertan ibilia hainbat herritan zehar hainbat pertsonarekin topo eginez, eta, horien artean eta Mondego ibaiarekin batera (Mondego-gawa japonieraz), Figueirako gatzagetako langileekin, Baixo Mondegoko arrantzaleekin, Coimbrako Errepubliketako gazteekin, skater neska nerabe batekin, bi emakumerekin…
Zuzendariak: Orquestina de pigmeos (Nilo Gallego, Chus Domínguez) Parte-hartzaileak: Katsunori Nishimura eta gizarteko aktore ugari Gidoia: Orquestina de pigmeos Irudia: Chus Domínguez Soinua eta musika: Nilo Gallego Edizioa: Chus Domínguez eta Nilo Gallego Kolorearen zuzenketa: Juan Marigorta Soinu-nahasteak: Juan Carlos Blancas Produkzio-exekutiboa: Vasco Neves Ekoizpena: Orquestina de pigmeos, Festival Citemor
Orquestina de Pigmeos, Nilo Gallego musikariak eta Chus Dominguez ikus-entzunezko sortzaileak osatutako kolektiboa, aurkezpen berri bakoitzean parte hartzen duten hainbat kiderekin batera, euren sorkuntzetan diziplina artistiko desberdinetatik hartutako osagaiak erabiltzen dituzte, batez ere soinu-artea, performancea, zinema eta musika. Taldeak, 2009an sortu zenetik, hainbat jaialdi eta espaziotan aurkeztu ditu bere sorkuntza lanak: Espainia, Belgika, Alemania, Erresuma Batua eta Portugal.
Mondego-gawa 2020an hasi zuten, eta guztiz filmikoa den bere lehen proiektua da. 2022an Majada (16 min) egin zuten Goethe-Institut institutuaren aginduz, Camino a Fankfurt proiektuaren baitan. Chus Domínguezek eta Nilo Gallegol, elkarrekin edo bakoitzak bere aldetik, film eta ikus-entzunezko proiektu ugaritan parte hartu dute, hala nola, Felipe vuelve a casa con las ovejas sonando (2001), O prezo da dote (2003), La sortie (2008), Puerta Beta (2009), Notas de lo efímero (2011), Catálogo de escenarios para la muerte de Pier Paolo Pasolini (2011), Las ciudades imposibles (2018).
[1] Bizitzeko moduko komunak, XX. mendeko 30eko hamarkadan sortuak, alternatiba edo erantzun ekonomikoa eta antolatua eman ahal izateko unibertsitateko egoitzei, gaur egun arriskuan daudenak, gentrifikazioaren ondorioz.



