Teatro Kamikazek ekoiztu eta Pascal Rambert dramaturgo, aktore eta zuzendari frantsesak idatzitako “La clausura del amor” (Clôture de l’amour ) antzezlana ikusi eta gero, indarrez sentitu genuen elkarrekin lan hau euskaraz taularatzeko nahia. Arriaga antzokiari esker azarotik daramagu Eneko Sagardoy berak eta Danele Sarriugarte idazle eta itzultzaileak itzulitako “Maitasunaren Itxiera” textuaren memorizazio lanean murgilduta.
Bikote baten banaketa ikusiko dugu taula gainean, bi aktore eta elkarrizketan dauden bi bakarrizketa espazio huts batean.
Aktore bezala erronka handia da eta testuaren memorizazio prozesua erraldoia. Lau hilabetez bakoitza bere aldetik lanean aritu eta gero, AZALA kreazio espazioan batuko gara lehenengoz, pertsonaien inguruan sakondu eta testuari dagokionez lehen kontaktua egiteko.
Miren Gaztañaga (Orereta 1979) Arte Ederretan lizentziatua. 1999. urtean eman zion aktore ibilbideari hasiera “Antzerkiola Imaginarioa” talde Bilbotarrarekin. Ordutik, konpainia desberdinekin aritu da lanean, Kukai Dantza, Tanttaka, Artedrama, Hika, etab. Azkenaldi hontan Arriaga antzokiaren ekoizpenetan dabil burubelarri lanean, Calixto Bieito, Alex Gerediaga, Horakova Barbora Yoli eta beste hainbaten zuzendaritzapean. Bertan Macbeth, Hedda Gabler, Obabakoak, Dido eta Eneas eta Ama Kuraia antzezlanetan hartu du parte. Sorkuntza pertsonala ezinbesteko eremua da beretzat. Bertan, “Stereo”, “Diálogo” “Heriotza bikoitza”, “Euli-giro” eta beste hainbat lan sortu ditu beste sortzaile desberdinekin batera.
Eneko Sagardoy (Durango, 1994), Aktorea, antzerkian hasi zen lanean, interes berezia erakutsiz sormen kolektiboarekiko eta lengoaia eszeniko berrien ikerketarekiko. Ikasketa prozesu sakonena, Santanderreko Espacio Espiral laborategian bereganatu zuen. Oraintsu estreinatu dituen lan aipagarriak dira “Ama Kuraia” (Maria Goiricelaya) antzerkian, “Patria” (HBO) edo “Hondar ahoak” (ETB) telebistan eta “Hil Kanpaiak” (Imanol Rayo) zineman. 2021 urtean zehar estreinatuko ditu pantaila handian “Mía y Moi”(Borja de la Vega) eta “Contando ovejas” (José Corral) eta “Maitasunaren itxiera” (Pascal Rambert), antzerkian.





