Saltar al contenido principal

Desiraren gau asegabea

Amaiur Macíasek proposatutako sorkuntza prozesua
urtarilak 18tik 29ra
Egoitzak - Leiho bat

Lehio bat: Azalaren berezko zalaparta

«II. Errepublika heldu zan, eta haregaz batera modernidadeak eztanda egin eban. Modernidadea ez zan ideia bat, bizitzaren aurrean hartutako jarrera bat baino: dandismoa, sikalipsia, ni-a-arte-moduan, eta norberaren ohituren burujabe eta egile izatea».

Desiraren gau asegabea II. Errepublikan, La Palanca auzoan, kokatutako proiektu eszeniko elebiduna da. Artxiboko irudiak, zuzeneko bideoa, soinu-paisaia eta kabaret zenbakiak lengoaia eszeniko nagusi moduan erabiliz, Saloméren historian murgilduko gara.

Salomé, Cortes kalean kokatutako kabaret ezagun baten jabea, bidelagun izango dogu Cupléaren erritmora askatasun sexualak eta politikoak azaleratzen hasi ziran une historiko batean zehar. Cupléaren eta gaur egungo Trap generoaren arteko analogia eginez, adierazpen-askatasunaren, gorputzen askatasunaren eta askatasun sexualen premineak guk uste baino antzekotasun handiagoak daukiezan bi garai jarriko doguz aurrez aurre. Bikainak izateko beharrik barik espazioa hartzeko preminea; agertokia bizitzeko modu bat, politikoki desegokiak diran letrak inprobisatuz, desira, erotika eta gorputzen autonomia gainezka egiten daben bitartean.

Mende batek banandutako bi garairen arteko topaketa da; diktadura frankistak sortutako hutsunea berreskuratzeko desira, diktadurak kontakizunak bereganatu eta aktore, dantzari, aztoratzaile eta euren historiaren narratzaile izan ziran emakume hareen historia isilarazi eban hutsunea. Cuplé kantariek ni-performerra irudikatzen eben, eszenan euren gorputzak besterik behar izan barik; eurak dira obra honen iturri nagusia.

Garai hartan sortutako «Alfer eta Gaizkileen Legea» hartuko dogu higienismoaren korrontea aztertzeko. Medikuntzak eta moralak bat egin eben une bat izan zan, besteak beste, «bizimodu oneko emakumeak» deitutakoen moduko adierazpen abjektuak edota genero-aginduetatik ihes egiten eben pertsonak desagerrarazteko asmoz; garaiko gobernuak onartu gura izan ez ebazan pertsonak.

Prozesu hau ez da nostalgia bidez iragana gogora ekarteko ariketa bat, ezta iraganean giltzapetutako historia bat kontatzeko saiakera be. Niri interesatzen jatana da ulertzea zergaitik orain ia mende bat agertoki batera igoten ziran emakume hareek gaur egun be zerbait esateko daukien guri.

Gaur, hogeita hamar urteko artista emergente moduan, historia hori barriro be premiazkoa dala sentitzen dot. Diskurtso erreakzionarioek barriro emakumeak, LGTBIQ+ pertsonak, beste leku batzuetatik datozenak eta gizarte-eredu bakar batean sartzen ez dan edonor jomugan jarten daben une batean bizi gara. Historia ez da inoiz modu berberean errepikatzen, baina bazterketa- eta ahanztura-mekanismoak erreproduzidu leitekez geure iragana begirada kritikoz aztertzeari uzten deutsagunean.

Beharbada horregaitik, Cupléaren unibertsoa eta II. Errepublikako artista hareek ezagutu nebazanean, gaur egungo adierazpen artistiko underground-etan oraindino bizirik dagoan lengoaia batean berba egiten ebela sentidu neban.

Horregaitik uste dot obra hau beharrezkoa dala. Ez bakarrik gure memoria kolektiboan jagoken lekua merezidu daben artistak ikusgarri egiteko, baita kulturak bizitza gertatzen dan espazio bat izaten jarraitzen dauala gogoratzeko be. Hareen kantak, bizitzak eta kontraesanak berreskuratzea artea eraldaketarako tresna moduan defendidutea da.

Azkenik, azpimarratu gura neuke historia hau ez dala Euskal Herrian bakarrik beharrezkoa gaur egun. Munduko hainbat testuingurutan antzeko prozesuak gertatzen egozan, eta obra honek testuinguru horreetan be ekarpena egin leike, Valparaísotik Shanghairaino.

Fitxa artistikoa

dramaturgia: Amaiur Macias
zuzendaritza: Olatz Gorrotxategi
zuzendaritza-laguntzailea: Olfa Sendesni
interpreteak: Amaiur Macias, Olfa Sendesni eta Maider Lasa
espazio eszenikoa: TRIPAK eta Taika
musika: Eusko Princess eta Canino
argiztapen-diseinua: Max S. Mancebo
bisualak: Indi Costa
jantziak: Zuture H.C
ekoizpena: Olfa Sendesni eta Amaiur Macias
banaketa: LA TENAZ