Gauaren erregina

Élise Moreau eta Noela Covelo Velascoren sorkuntza egonaldia
apirilaren 22tik 27ra
Egoitzak - Leiho bat

Leiho bat: AZALAren berezko zalaparta.

Proiektu hau Mozarten Txirula Magikoa operaren adar modukoa da, era askean erabakia, eta Gaueko Erregina pertsonaia ardatz nagusi izango duena.

Proiektu honetan aztertuko dira opera generoaren hainbat mekanismo, opera baita mendebaldeko kulturan diziplinarteko izaera duten formatuen artean sendoena. Aipatu mekanismo horiek aztertuko ditugu ikuspegi esperimental batetik eta aztertuko ditugu fantasia prekarioaren aldeko joera batetik ere bai.

Birtuosismoa interesatzen zaigu, ekintza-marken zehaztasuna eta figurazioa interesatzen zaigu, gure ohiko jardunbideetatik ateratzen diren osagaiak direlako, baita interesatzen zaigu ere baliabide eszenikoen eta baliabide musikalen zerbitzura dagoen narratibaren esplorazioa. Geure buruari galdetzen diogu operaren eremuko ohiko errepertorioaren nozioak zer proposatzen duen, eta nola erlazionatzen garen kontaera horiekin, izan ere, historikoak gertatzen badira ere, programazio garaikidearen parte izaten jarraitzen dute.

Proiektu hau Azala eta Sabadellgo Nau Estruch guneek babesten dute.

Élise Moreau (Aviñón, Frantzia, 1992) dantzaria, koreografoa eta pedagogoa da. Bartzelonan bizi da eta han egiten du lan 2017tik. Dantza garaikidea ikasi zuen Frantzian eta Belgikan, eta Anberesko Errege Kontserbatorioan graduatu zen. Bertan, interprete bezala hasi zuen bere ibilbidea, lan eginez horrela Romeo Castellucci, Dominique Boivin edota Jaco Van Doralden sortzaileekin, besteak beste. Bartzelonan Iniciativa Sexual Femenina izeneko kolektiboa sortzen lagundu zuen, eta bertan egingo ditu hainbat lan pedagogiko eta performatiboak, perspektiba libertario, antiakademiko eta feminista batean. 2018az geroztik, kidea da Makrâl diziplina anitzeko talde franko-belgikarrean. Talde horrek formak in situ bilatzen ditu, landa-eremuan memoria kolektiboa aktibatzeko. Dantzari gisa eta koreografo gisa, bereziki gustatzen zaio artisau lanarena egitea bere ekintza performatiboetan (kanpo-baliabide handirik gabe), lan egiteko modu horrek nolabaiteko izaera unibertsala eta erosotasun ekonomikoa ematen dizkiolako eta, ondorioz, eliteetatik kanpo aritzeko aukera. Ikerketa intimoa eta iragazkorra egin ahal izatea du jomuga, gauzak zalantzan jartzea, batzuetan, modu dibertigarrian, besteetan, ez hain modu erosoan.

Noela Covelo Velasco (Pontevedra, 1994) Bartzelonan bizi da 2012tik. Ahotsarekin egiten du lana, izan ere ahotsa erabiltzen du soinu-espazio gisa eta lan-material gisa, egun sakontzen ari da konposizio koralaren eremuan. Bakarkako lana aurkeztu zuen Bonbon Projects galerian, Art Nou 2022 jaialdiaren baitan, eta Tortosako Museoan, eta lan performatiboa aurkeztu du Mieres-eko Nyam Nyam espazioan eta Madrilgo Dos de Mayo Arte Zentroan. Diseinuan graduatua, modan prestakuntza espezializatua jaso du ESDi goi-eskolan eta Soinu Artearen inguruko Masterra egin du Bartzelonako Unibertsitatean. Esperimentazio pedagogikorako c h o r o gunearen sortzaileetako bat da, Foc espazioaren baitan, eta gorputzarekin bereziki lotutako jardueretan ari den Cascades ikerketa-taldeko kidea da, eta ehungintza, moda eta apaingarrien inguruan lanean diharduen 101 taldeko kidea ere bai. 2022tik MACBA Web Irrati taldeko kidea da.