Elementu arkitektonikoez haratago zerk sortzen du plaza bat? Norena da plaza? Nola desegiten da plaza bat? Zer suposatzen du espazio publikoak gure gizarte eraikuntzan?
Espazio publikoa egungo gizartearen oinarri bat da eta aldi berean gizarteak berak espazio publikoa arriskuan jartzen du (kapitalismoa, pribatizazioa, globalizazioa…). Espazio publikoa herriarena da, bertan pentsatu, jolastu, ibili, erlazionatu eta bizi baikara. Gizakientzat giza harremanak ezinbestekoak dira. Zer gizarte mota ginateke harreman hori ahalbidetzen duen espazio publikorik gabe? Garen gizartea eraikitzen duen horretan parte hartzeko aukera geroz eta xikiagoa da. Egiteko modu zentzugabe, kutsakor eta piramidalen aurrean, politika parte-hartzaileago baten aldarrikapen bat da antzezlana.
Gaiaren zabaltasuna ikusita, gure hurrengo ikuskizunean ikuspegi berri batetik abiatuz espazio publikoaren hausnarketarekin jarraitzea erabaki dugu. Izan ere zentzua dauka kale antzerkia aretokotik bereizten duena gure sorkuntzen oinarritzat hartzea. Kalea baliatu kaleari buruz hitz egiteko.

