Pecho Pito Palma

La pulga eta Sonia Estévezen sorkuntza egonaldia
azaroak 20tik 24ra
Egoitzak - Leiho bat

Leiho bat: AZALAren berezko zalaparta.

2020an, Eusko Jaurlaritzak ematen duen laguntza jaso genuen, sorkuntza koreografikoaren esparruan ikerketa bat egiteko, zehazki afrikar kulturak dantza flamenkoan dituen eraginei buruzko ikerketa. Proiektuaren izena zen Pecho, Pito, Palma; izenaren jatorria flamenkoan zein afrikar dantzetan sortzen den soinu-kolpearen sustraietan dago. Ikertu egin nahi genituen dantzak dituen afrikar sustrai horiek, nahi genuen hausnartu dantza horien eremu estetiko, plastiko eta musikalei buruz, bai jatorrian, bai egungo adierazpen akademikoan, eta, antzeko adierazpenak bilatuz, garatu eta justifikatu nahi genuen ere, bi diziplina horietatik kanpo, hizkuntza bat, berezko sendotasuna eta izaera ekarriko zituena.

Ikerketa horren emaitza hitzaldi dantzatu bat izan zen, eta Arte Garaikidearen-Artium Museoan aurkeztu zen, 2021eko martxoan; harez geroztik ikusgai egon da baita ere beste zenbait liburutegi eta kultur etxeetan.

Orain, proiektu horretatik sortu diren ideiek bultzatuta, sakondu egin nahi dugu esperimentazioaren bidez, afrikar dantzen eta dantza flamenkoaren arteko fusioa erraztuz. Flamenkoan egon badauden, baina afrikar dantzarenak diren mugimenduak azaleratu nahi ditugu ere, eta berriro elkarrekin nahastu, emaitza izan dadin hizkuntza berria eta bizia, kultura desberdinen arteko topaketa herrikoietan, klandestinoak izan edo ez, antzina ohikoa zen bezala. Bidaia denboran zehar.

Pecho Pito Palma egitasmoaren bitartez azpimarratu nahi duguna da belztasunak flamenkoan duen eragina. Izan ere, bere garaian Espainia herrialde esklabista nagusienetako bat izan zen, eta ez du inoiz horrelakorik onartu. Ikerketan zehar sarri agertu zaigun hitzetako bat ‘Pureza’ izan da, flamenko kutsuko giroetan oso erabilia. Horrek erakutsi diguna da kontzeptu hori erabilita, horren bidez muga bat jartzen zaiola dantza flamenkoaren eremuan eman daitezkeen kulturen arteko nahasketari zein mestizajeari. Flamenkoan sorkuntza ere tradiziotik dator, beti, eta tradizioa fusioaren eta kulturen nahasketa da.

Pureza. f. Garbitasuna.

Puro. adj. Garbia, nahasketarik gabea.

Odol garbikoa. Exijentzia zekena.

Helburua da ikuskizun bat egitea. Ikuskizun horretan interpreteak, flamenko dantzari bat eta Afrikako dantzetan diharduen beste bat, bi diziplinetan aditua den perkusio-jole bat eta flamenko-kantari bat izango dira. Horrekin batera, ikus-entzunezko bizidunen emanaldiak eta euskarazko testuak.

Askoa Etxebarrieta Lasheras ‘La Pulga’. Lau urte zituela hasi zituen ballet klasikoko ikasketak. Horiek amaitu ondoren, Gasteizen, Solange Lefort-ekin Bilbon, eta Madrilen Víctor Ullate-ren eskolan, osatu zuen bere prestakuntza. ‘La Pulga’k herriko tailer batzuei esker hasi zen flamenkoan, eta dantza honek duen ‘duende’ izeneko hori, magia berezi hori hobeto ezagutzea eta bertan harrapatzea erabaki zuen. Berezkoak dituen bultzadaz eta kemenaz Granadara eta Sevillara joan zen, eta flamenkoaren iturriak eta herri mailako bere zirrituak bilatzeari ekin zion, flamenkoari buruzko ikastaroetan parte hartuz, interprete ezagunen aginduetara (Isabel Bayon, Farruquito edo Juana Amaya, besteak beste). Hamar urte baino gehiagoren ondoren ‘duende’ hori aurkitu du berea egiten dakien teknika eta soinuaren bitartez, sentimenduen adierazpen unibertsala den dantzaren bidez adierazia. Gaur egun, Madrilen (Alfonso Losa, David Paniagua, Pepa Molina, etab.) eta Sevillan ikasten jarraitzen du. Zuzeneko ikuskizunak zuzendu eta ekoitzi ditu hainbat talderekin: flamenkoa eta txalaparta uztartzen dituen `Berriketan` ikuskizuna, proposamen ezberdin eta berritzailea, penintsulako hainbat antzoki, jaialdi eta herritan antzezten ari dena; ‘Gorria’, Miren Amurizarekin batera, Bertsoekin eta Flamenkoarekin esperimentatzen duen proiektua; ‘Voces del Viento’ Flamenko proiektua, Stop Motion-ekin batera; ‘Pecho Pito Palma’, Flamenkoaren jatorriari buruz ari zaigun proiektua. Honako obra hauetan parte hartu du ere: ‘La verdadera Historia de Lola Puñales’; ‘Mugan’, ‘Adabegi’, ‘Origen’. Hezkuntzaren eremuari dagokionez, tailerrak, eskolak, eta flamenko dantza eta konpaseko ikastaro trinkoak ematen ditu.

Sonia Estevez. Zuzendaria, ekoizlea, model maker eta animatzailea da stop motion izeneko teknikan. Tik Tak Animation ekoiztetxe independentearen bazkide sortzaile eta administratzailea da, ekimen sozialeko kooperatiba bada da, stop motion animazioan espezializatua. Gaur egun MIAko (Emakumeak Animazioaren Industrian) bazkide eta kide aktiboa da. Stop motion animazioan trebatu da Bartzelonan, 9zeros Animazio Eskolan eta Hospitaleteko CIFOn, ekoizpen exekutiboan Media Training aholkularitza-enpresan eta Stop Motion I eta II ikastaroa egin du Aardman Academy-n. Arte Digitaleko eta Ikus-entzunezko Proiektuetako ikastaroak egin zituen Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan. Basogintza eta Ingurumen-Kimika ikasi zituen, horregatik uztartu ditu ikus-entzunezko ekoizpena eta jasangarritasuna. Stop motion animazioa bitarteko gisa erabiltzen du, gizarte-arazoei ikusgarritasuna emateko asmoz. Animazio teknika horren bidez hiru film labur eta hainbat film komertzial zuzendu ditu. “Txotxongiloa” film laburra zuzendu du, eta ‘Malkoak’ film laburrarekin oraindik aurre-produkzio fasean dago. Animazio ikastaroak eta tailerrak ematen ditu, adin guztietarako.

Thierno Ibrahima Diedhiou. Dantza afro garaikidean trebatu da, Dakarreko L’Ecole des Sables Dantza Eskolan, eta dantza afroan, garaikidean eta ballet klasikoan ere bai Lanela Acogny Elkartean. Gaur egun Zarautzen bizi da. 15 urte baino gehiagoko esperientzia duen dantzari dinamikoa, bakarka aritua, bai bakarlari gisa bai taldeekin batera. Zintzotasun, malgutasun eta erresistentzia maila altuko pertsona, eskakizun zorrotzenak asetzeko motibazio nahikoarekin. Ondo asko trebatutako dantzaria, genero anitzetan ibilitakoa da. Aktore lanetan aritu da Euri Artean antzerki konpainian, BOZZA izeneko antzezlanean, hain zuzen ere. Dantzari gisa sartu da Israelgo Vertigo konpainian, Dakar Antzoki Nagusian. Daniel Sorano Antzoki Nazionalean, Dakarren, ‘Fusión Libanesa’ dantza eta musika ikuskizunean. Dantza garaikideko dantzari gisa aritzen da Alemaniako Steptext Dance Project Konpainian. 2012an lehen saria irabazi zuen Jakkarlo Adda Ak Thiossane jaialdian, dantza afrikar tradizionalak dantzatuz, Dakarren. Dantza afrikar tradizionalen irakaslea da Donostian, Egia Kulturgunean eta Gasteiz, Bilbo eta Donostiako beste hainbat areto kulturaniztunetan. Irunen, afrikar dantza eta afrobeat eskolak antolatzen ditu.

La pulga flamenco