Narrugorrik

Ixiar Rozasen sorkuntza egonaldia, Rafael Martínez del Pozo, María Ibarretxe, Ibon RG eta Maite Arroitajauregirekin
urtarrilak 7tik 11ra
Egoitzak - Mikorrizak

Micorrizak: onddo eta sustraien arteko erlazio sinbiotikoaren izena erabiltzen duen programa honen bidez, Azala beste egitura lagun batzuekin elkarlanean dabil.

Egonaldia  hau  Ixiar Rozasek Azkuna Zentroko ikertzaile AZkide gisa egiten ari den «Erritmoen segida» ikerketa proiektuaren baitan burutzen da.

Irudimenak bi aho ditu, gutxienez bi, zein baino zein hezeago.

Arnas bihurtu ginen ibilera hartan, lurrari emanak, aireari emanak. Narrua huts, hats, ez narrats, narruari hats. Nola soinu baten bibrazioa, hezurretan. Nola sentsazio lipar hori bihurtzen den memoria zati bat. Nola animaliaren dardara heredatu dugun.

Hazi baten antzera, indar guzti horren intentsitatean. Horrela biziraun dute hotsek. Horrela biziraungo gaituzte, hitzak barne, edozein eztarriko zintzurretan, paisaiako marketan, txorien kantuan, belarrizuloetan, ahoen harreman erotikoan.

Hitzen soinuen erritmoa eta entzumenetik idatzia, Narrugorrik liburuak (Consonni, 2025) biluzdura uneak zeharkatzen ditu. Fisikoa, prekarioa, zaurgarria, transzendentala. Pertsonala eta kolektiboa.

Alegoria baten antzera, nondik aditzen den arabera, itxi ordez, ireki egiten duena. Nolabaiteko mintza, itzultzen dena, mugimenduan gainjartzen diren geruzak. Erritmoen segida. Energia mota bat.

Eta ibilian zentzu bat ehuntzen doa. Paisaia mota bat. Idazketak eratzen duen espazio sozialean.

Azalan, Narrugorrik liburutik abiatuta, soinu piezekin lan egingo dugu.

Egonaldia Azkuna Zentroko ikertzaile AZkide gisa egiten ari naizen «Erritmoen segida» ikerketa proiektuaren baitan burutzen da.

Ixiar Rozas. Ahotsa, lengoaia eta haien soinuak lantzen ditu. Bere liburu eta materialak hainbat herrialde eta hizkuntzatan kaleratu dira. Sonar la voz. 9 ensayos y 9 partituras (2022 Consonni), Unisonoa (2020 Pamiela; Bandcamp), Beltzuria (2014 Pamiela; 2017 Enclave), Negutegia (2006 Pamiela; 2009 Itaca), dira bere azken lanetako batzuk. Besteak beste, Idoia Zabaleta, Bigara, Rafael Martínez del Pozo, Mursego, Ainara LeGardon, Ibon RG eta Mal Pelorekin aritu da lankidetzan. Azala espazioko kide eta «Zirriborroak eta gero/ Borradores del futuro» proiektuaren editorea izan da (2024 Consonni), Idoia Zabaleta eta Arantxa Mendiharatekin batera. Egun irakaslea eta Azkuna Zentroko ikertzaile kidea da (2025-26).