Pez Limboren ekoizpen eszeniko berria martxan jarri nahi dugu.
AZALAn piezaren sorkuntza Dramaturgikoa landuko dugu. Hau da abiapuntua:
Agertokian bi aktore; bi aktore horiek era guztietako arte-erreferenteetara jotzen dute, heroi handiak irudikatzeko, epopeia mitikoen protagonista izateko edo sortzaile bihurtzeko.
Pertsonaia horien barruan dauden gizakiek egoera horiek bizitzea merezi ote duen eta han zer demontre egiten duten galdetzen diote euren buruari etengabe, erreferente horien gaurkotasuna zalantzan jarriz.
Giza gatazka eta kontraesan ezberdinei heldu nahi diegu, bi aktore horien presentzia metateatralak eta, XXI. mende hasierako gizakiak diren aldetik, igaro behar dituzten inguruabarrek eraginda eskaintzen dizkiguten planoetatik abiatuta.
Izendatzen dizkiguten rolak bizitzeko absurdoari erretaula existentzialista da hau, eta guztiok barruan ditugun jainkoen eta munstroen arteko harremanari buruzkoa.
Espe Lopez (Irun, 1963). Formakuntza jaso zuen batez ere Genevan, École de Théâtre Serge Martin eskolan, eta arloko hainbat profesionalekin Frantzian eta Espainian. Legaleón-T Teatro konpainiako sortzailetako bat da, hor hasi zuen bere ibilbide profesionala, 1986an. 1997. urteaz geroztik eta gaur arte, partaidea da Suitzako L’Alakran konpainian, Oscar Gomez-Mata zuzendari, eta ikuskizun ezberdinekin ibili da batetik bestera, hala nola, Frantzia, Suitza, Italia, Espainia, Mexiko, Argentina, Brasil eta Kolonbian. Beste konpainia batzuekin aritzen da aktore lanetan ere: Bilboko Antzerkiola Imaginarioa (FTI), Genevako L’homme de dos; ; eta zuzendaritza lanetan, berriz, Behibi’s eta Trapu Zaharra Donostiako konpainietan; Al Freskito Producciones eta Cuesta Arriba Producciones , Malagakoak biak; eta, Frantzian, berriz, Hendaiako Compagnie Rouge Éléa;; eta Frantziako Tolosako Compagnie Dans le Sens Opposé, Le vent des Signes eta Zart. Halaber, antzerki-ikastaroak ematen ditu antzerki-zentroetan, konpainietan eta eskoletan prestatzen ari diren profesional eta interpreteentzat.
Javier Barandiaran Melero (Donostia, 1969). Honako konpainia hauetan lan egin du: Ados Teatroa, Trapu Zaharra, Théâtre du Rivage, Théâtre du Versant, Hika, Huts Teatroa, Rouge Eléa eta L’Alakran-Oscar Gomez Mata. Metrokoadroka kolektiboko kidea da, eta aktore-sortzaile lanetan aritu da Poza, Salto, Su Izan Nahi eta Zanbuia lanetan, eta zuzendari artistikoa izan da Zertarako hegoak, Gabrielen lekua eta Miss Karaoke obretan. Aldi berean, J. B. Pedradas bere alter egoarekin, honako ikuskizun hauek sortu ditu, bakarka eta neurri txikian: Errare Hvmanvm Est, Pepinos Podridos (en el frigo), No Estoy Para Nadie, Aquí va a venir un cataclismo (El diario de Montse Miguèlez), Bélmez y Angst (el hombre blandengue).
Unai Lopez de Armentia (Gasteiz 1978). Europako Antzerki Arteetan lizentziaduna da Rose Bruford College unibertsitatean (2003, Londres), eta lan egin du 15 herrialdetan baino gehiagotan, interprete gisa eta kolaboratzaile-sortzaile gisa hamaika proiektutan. New International Encounter (Erresuma Batua/Norvegia) nazioarteko talde ospetsuko kidea da, eta 7 obretan aktore nagusia izan da. Zecora Ura Theatre Network (Brasil/Erresuma Batua) konpainian mugimendu-zuzendaria eta aktore nagusia izan zen bost urtez, 2003tik. Gaur egun, Euskadi mailako proiektuetan parte hartzen du Metrokoadroka (Errenteria) eta Pez Limbo (Gasteiz) bezalako konpainiekin. Era berean, Obra Theatre (2007, Au Brana Cultural Centre, Francia) eta Parasite Kolektiboa (2012, Vitoria-Gasteiz) konpainietako sortzailekidea izan da, azken horretan jarduten da gaur egun. Unai hainbat genero eta diziplina eszenikotan trebatu da, dantzatik hasi eta clown-eraino, Jerzy Grotowskiren lan zentroaren edo Complicité konpainiaren eta zuzendarien eskutik, besteak beste. Arte eszenikoen arloko interpretea, zuzendaria eta pedagogoa izateaz gain, Unai, 2013tik, Gasteizko Baratza Aretoko zuzendarikidea da.
Pez Limbo arte eszenikoen konpainia da. Bere ekoizpena berezko sorkuntzan oinarritzeaz gain, arte eszenikoetan ari diren gainontzeko sortzaile eta konpainiekin ere mestizajean murgiltzen da. Errealitateari begirada kritikoa eginez non umorea, garraztasuna eta poesia uztartzen baitiren. 2011n sortua, ordutik 15 ikuskizun sortu ditu konpainiak, bai aretoko lanak zein kalekoak. Guztira 1000 emanaldi baino gehiago egin ditu. Bere ikuskizunak gune alternatiboetan erakusteko kezka berezia erakutsi du, baita arte eszenikoen eta beste inguruen arteko bitartekaritzarako ere. Ildo horretan nabarmentzekoak dira: 150gr. Jaialdia, hiri ingurunean; PIX KAT, ikusle gazteentzat; eta AntzokOH! landa eremuetan. Ustekabeko egoerak sortzen ditugu espazio publiko baten, gune alternatiboen, egunerokotasunaren baitan. Dibertigarriak eta sinesgaitzak diren egoerak eragiten ditu Pez Limbok, beti ere gizartea arte eszenikoetara gerturatzeko asmoz.
Erakunde laguntzaileak : Eusko Jaurlaritza, Gasteizko Udala, Garaion sorgingunea y Baratza Aretoa