Ipuin-liburu bat osatzeko lanean ari naiz, Landareek hazteko behar dutena da behin-behineko izenburua. Memoria-ariketetatik abiatuko dira ipuinetako asko, baina memoria fikzioa egiteko erabiliko dut eta fikzioaren mesedetan. Landareek hazteko behar duten gutxiengo hori bildu nahi dute ipuinok: lurra, argia, ura. Egunerokoari lotutako kontakizunak dira, pertsonaiak bizirik sentitzeko, bizia sortzeko eta bizirik dagoena iraunarazteko borroka domestikoetan dabiltza. Maitasunari buruzko ipuin liburu bat dela esan liteke, hori esatea eta ezer ez esatea gauza bera ez balitz.
Azalako egonaldian sormen-prozesuari bultzada ematea da asmoa.
Uxue Alberdi Estibaritz (Elgoibar, 1984). Bertsolaria eta idazlea. Hainbat genero jorratu ditu: ipuina, eleberria, kronika literarioa, saiakera… 2017an 111 Akademiaren saria jaso zuen Jenisjoplin eleberriarekin eta 2020an saiakera alorreko Euskadi Saria Kontrako eztarritik-ekin. Haur literaturan ere hainbat ale argitaratu ditu: Besarkada liburuarekin Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria irabazi zuen 2016an. Dendaostekoak kronika literarioa da argitaratu duen azken lana. Ibaia ipuina argitaratu zuen Zirriborroak eta gero proiektuaren baitan.