Ariketa poetiko hau “kontra” hitzetik abiatu da eta hartara itzuli nahiko luke etengabe; horretarako, hitzekin arakatzen ditu ukimena, gorputzaren eta paisaiaren postura ustez mugiezinak, eta gorputzen arteko frikzio (batzuetan) ikusezina. Dantza inportantea da hemen, harriak inportanteak dira, inportantea da sekula ukituko ez duguna ere. Gorputz desberdinek keinu berdin-berdinak errepikatzen dituzte behin eta berriro, paisaia ere behin eta berriro errepikatzen den artean, hitzak ahitzen zaizkigun artean, erreketan behera. Ariketari norabide zehatzago bat eman nahi nioke Azalan.
Ane Zubeldia Magriñá (beste batzuetan, Ane Garcia Lopez, Hondarribia, 1994) itzultzailea eta testugilea da. Poesia, dantza eta musikaren inguruan bueltaka ibiltzen da beti, txandaka-edo. Mejillon Tigre kolektiboko kidea da, Eider Adeletxekin batera, eta “Hitz esana” emanaldiarekin spoken word moldean aritzen dira Euskal Herrian barrena. Bere abizen guztiak erabiltzea gustatzen zaionez, amonen abizenekin sinatzen ditu literatur lanak.




