Zer ari da gertatzen ustez ezer ere gertatzen ari ez denean? Zer, behin helduarora iritsita, erabaki batzuk hartzea dagokigunean? Nola irauli ditzakegu familiaren zama, bikotekrazia, amatasun mandatua, jabetzarako grina…? Izan daiteke normatibo baina aldi berean kritiko? Kritiko baina normatibo? Nola ezkontzen ditugu diskurtsoak eta egunerokotasuneko praktikak? Nola egiten diogu itzuri presio sozialari? Zenbateraino gara elkarren ispilu? Elkarren lehiakide? Zerk eraman ditzake etxe berean eta alboz albo hazitako bi ahizpa horren erabaki desberdinak hartzera? Erabaki horren desberdinak ote dira egiaz?
Ane Labaka Mayoz (Lasarte-Oria, 1992) bertsolaria eta idazlea da. Euskal Ikasketak egin zituen Gasteizen, eta Gizarte Antropologiako Masterra eta Ikasketa Feministak eta Generokoak Donostian eta Leioan, hurrenez hurren. 2019an Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen (UEU) liburua koordinatu zuen Miren Artetxerekin batera, eta, 2021ean, Algara mutilatuak (Susa) saiakera argitaratu zuen, umorea ikergaitzat hartuta. Ezpainetakoa (2018, Erein; Peru Abarka Saria) eta Murmur (2024, Erein; Peru Abarka Saria eta Nafarroako liburu denden Saria) helduentzako album ilustratuak eta Totototo (2021, Elkar) haurrentzakoa ditu argitaratuta. Baita Erradikalak (2022, Susa-EHAZE) antzerki liburua, aurrez Beatriz Egizabal klownarekin egindako ikuskizunetan oinarritzen dena, Barraskiloek baino bat gehiago (2023, Erein) gazteentzako eleberria eta Hezur Berriak (2025, Susa; Ernestina de Champourcin eta Lauaxeta sariak) poema liburua ere.14 urte inguru zituela hasi zen bertsotan. 2019ko eta 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketetan finalista izan zen eta azken Euskal Herrikoan finalaurrekoetan kantatu zuen.

