Alba Fernández, Maider Zubizarreta Malaxetxebarria eta Clara Pelegrin Masen sorkuntza prozesuen bidelaguntzaren baitan, eta Huarte-k eskaintzen duen «Praktika Artistikoen eta Ikasketa Kulturalen (Gorputza, Afektuak eta Lurraldea)» masterraren esparruan garatzen ari diren ikerketekin lotuta, Gesto leer laborategiaren edizio kokatu bat proposatzen dut.
Denbora honetan zehar, Azalan urte hauetan garatu ditugun hainbat joko eta ariketa partekatuko ditugu, kideen arteko bidelaguntza praktikatzeko. Lehen begiratuan sinpleak diruditen arren, denboran sostengatzen direnean erakusten dute beren konplexutasuna. Tresna kritiko gisa funtzionatzen dute bakoitza lantzen ari den materialen balioa eta potentziala bereizteko.
Material deitzen diogu sorkuntza prozesu batean agertzen den guztiari: keinuak, ideiak, gorputzak, formak, irudiak, soinuak, jarrerak, intuizioak. Askotan, material horiek geure proiekzio, espekulazio edo itxaropenetan harrapatuta geratzen dira. Ez diegu uzten izan daitezkeen hori izaten; izan behar luketela uste duguna izatera bultzatzen ditugu.
Praktika hauek nik “tartearen politikak” deitu izan dudan horri begiratzen diote: esaten dugunaren eta egiten dugunaren artean dagoen espazioari. Esanetik egitera tarte bat dago —eta hain zuzen ere hor jokatzen da prozesuaren etika. Laborategiak tarte hori sostengatzeko gaitasuna entrenatzea proposatzen du, sorkuntza ikerketa orok dakartzan zaurgarritasun, zalantza edo krisi uneetan elkarri bidelagun eginez.
Laguntzea ez da gidatzea, ezta zuzentzea ere. Lasaitasuna eskaintzea da, eta aldi berean eustea. Egin behar dena egiteko baldintzak sortzea da —ez egin behar dela suposatzen dena—.
Praktika hau sakonki kolektiboa dela ulertzen dut. Aldi baterako ikasketa testuinguruak, honelakoak, leku aproposak dira kideen arteko bidelaguntzaren potentzia lantzeko: elkar irakurtzeko, elkarrekin berriz irakurtzen ikasteko, entzutea fintzeko, begirada doitzen joateko.
Laborategi honetan, joko eta irakurketa praktikak hiru ikerketatan aplikatzen dira; bakoitzak bere lekutik, gorputza ezagutza lurralde gisa lantzen du:
-
Mingain proiektuan, Alba Fernándezek ahotsa barrunbe eta erresonantzia gisa aztertzen du; gorputzaren jarreraren eta sonoritatearen arteko harremana, barruaren eta kanpoaren artekoa, gorputzaren eta espazioaren artekoa ikertuz.
-
Dar-dar lanean, Maider Zubizarreta Malaxetxebarriak gorputzaren, soinuaren eta ahotsaren dardara aztertzen du; gorputzen artean dardara nola sortzen, transmititzen eta hautematen den galdezka.
-
Ensayando la suspensión ikerketan, Clara Pelegrin Masek beroketa zaintza eta prestasun praktika gisa ikertzen du, eta mugimenduaren eta marrazkiaren arteko jarraitutasuna ezagutza gorpuztuaren forma gisa.
Irakurri egin ez da prozesu horien gainetik jartzen; barrura sartzen da, irakurketa partekatu baten praktika gisa: agertzen diren materialak irakurtzea, temati agertzen direnak irakurtzea, erresistentziak irakurtzea, oraindik formarik hartu ez duen baina dagoeneko eragiten ari den hori irakurtzea.
Berriz irakurtzen ikastea ez da hobeto interpretatzea; materialei izendatu aurretik hitz egiten uztea baizik.
Alba Fernández sortzailea eta bitartekaria da. Dantza, musika eta performanceko sorkuntza bitartekaritza kulturalarekin uztartzen ditu, metodologia inklusiboak eta arte eszenikoen bidez kultura eskuragarri egiteko moduak esploratuz. Prozesuak diseinatzen eta espazioak errazten ditu kolektibo ezberdinekin, non gorputz, identitate eta ibilbideen aniztasuna sormen eta hezkuntza motor bilakatzen den, pluraltasuna eta topaketa sustatuz. Tabakaleran Gure Berbena programa garatzen du, eta hainbat erakunderekin kolaboratu du, hala nola CentroCentro, Centro Huarte, Universidad del País Vasco eta Europar Batasuneko Hezkuntza Programarekin, besteak beste. Gaur egun, Centro Huarte-ko masterra egiten ari da, eta hortik abiatzen da ikerketa hau.
Clara Pelegrin Mas (Bartzelona, 1994) bere praktika bitartekaritza artistikoaren eta ikerketaren artean garatzen du. Kultura bisualaren inguruan lan egin du, irudikapenek nola eraikitzen dituzten iruditeria eta kontakizun kulturalak aztertuz, eta horiek mundua bizitzeko dugun moduan nola eragiten duten ikertuz. Testuinguru horretan, hainbat arte zentro eta erakunderekin kolaboratu du, hala nola CCCB, Fundació Antoni Tàpies, La Casa Encendida eta Festival Punto de Vista. Azken urteotan, gorputza ezagutza espazio gisa ikertzera bideratu du bere lana, mugimenduaren eta marrazkiaren arteko harremana esperientziarako abiapuntu gisa landuz.
Maider Zubizarreta Malaxetxebarria (Durango, 2002), musikari eta dantzaria. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan Musikaren Pedagogian graduatu berri irakasle lanetan dabil. Bertan aurkezturiko lana, Uharteko Arte Garaikideko Zentroak, NUP-ek eta EHU-k eskaintzen duten Praktika Artistikoetako eta Ikasketa Kulturaletako masterraren baitan abiatu du.

