Behin poema idazten duzunean, emaitza espero zenuen bezalakoa ez dela ikusten baldin baduzu, ez eman buelta askorik kontuari, idatzi beste bat.
Hasiera bikaina, baina bukaera edozein modutan penagarria baldin badu, edota berrirakurri beharrak, horrek sabelean gaixotzen bazaitu, ez bi aldiz pentsatu, idatzi beste bat.
Poema ez dela zure gogoaren korapilotik askatzen eta tristea dela? Ez kezkatu, guztia gainditzen da, zuk idatzi beste bat.
Azkenean izan den poemaren ordez, oso bestelako poema izan zitekeela, izan zitekeela poema zirraragarria, autentikoa, amodiozkoa, ez hain zeurekoia eta justuagoa zeure buru propioarekin? Agian bai, baina zertarako balio du atsekabetzeak, idatzi beste bat.
Ohartzen bazara poema tematzen ari zaizula, gehienez orrialde bateko luzera izan nahi duela, eta segi eta segi nahita ari dela bertso batzuen zentzua okertzen, ez egin kasurik, idatzi beste bat.
Orduan argi eta garbi gezurretan ari zaizula ikusten baduzu, ez sumindu, idatzi beste bat.
Gezurrari eusten tematzen ari dela eta gezur hori zure kontra erabiltzen hasi dela? Erantzun ere ez, eta idatzi beste bat.
Gezur handi mingarri hori hasiera-hasieran esaten duela, hain justu salbatua zenuen bertso bakar eta zehatz horretan? Ahaztu, eta idatzi beste bat.
Hark bere burua babesteko asmoz, gauza dela eta prest dagoela zuri min emateko? Egon lasai, eta idatzi beste bat.
Izan ere, olerkia bere haserrekeriaren putzuan erortzen bada ere eta bide posibleen artean hondamendirako bidea hautatzen badu ere, munduak berdin-berdin segituko du. Eta zu ere aldatua zara.
Pablo Marte. Cadizen jaioa da, beste izen batekin. Artista, idazlea, ikertzailea da. Zenbait bideo eta film egin ditu, hala nola Imperial Eyes edo Venceremos, azken hau Taxio Ardanazekin elkarlanean, eta 12 ataleko ekoizpen bat, Marion Cruza Le Bihanekin batera, Mañana Goodbye, ekoizpen ereduaren aldaketari buruzkoa, zeinaren arabera tabako-fabrika bat kultura garaikidearen zentro bihurtzen baita. Consonni-rekin batera El Problema está en el Medio egin zuen, Again Against antzerki-lana egin zuen eta Pretty Woman argitalpen-proiektua argitaratu zuen. Elkarrizketa eta elkarrizketa-modu desberdinetan parte hartu du Isabel de Naveranekin (XXVI. Jornadas de la Imagen, Estudio IV), Aimar Arriolarekin (Deseo de Forma) eta Idoia Zabaletarekin (Proklama, P.I.C.A. ). Iaz, kultur kritikaren gaineko Basilika podcasting-gunea sortzen lagundu zuen, eta hor gidatzen ditu Sector Conflictivo eta Informe Infame podcast-ak.