Trazutik idazketara. Maya Aguiriano arte kritikariari buruzko ikerketa

Jone Uriarteren idazketa egonaldia
martxoaren 16tik 19ra
Egoitzak - Leiho bat

Lehio bat: Azalaren berezko zalaparta

 

(Argazkia. Copy: Jesús Uriarte, martxoak 1983)

Euskal Herrian arte garaikidearen iragan hurbilaren berrikuspen kritikoaren gaur egungo joeren esparruan, egiten ari naizen ikerketaren helburua da Maya Aguiriano (Aretxabaleta, 1947 – Donostia, 2020) arte kritikari eta komisarioaren lanak berrikuspen eta azterketa sakona izan dezan laguntzea, historiografiaren barruan dagokion lekua emateko eta etorkizuneko ikerketak finkatzeko.

Idazkera eta jarrera kritiko eta konprometituaren bidez, Aguirianoren testu-ekoizpena oso oparoa izan zen bai prentsan bai era askotako arte-argitalpenetan, eta funtsezkoa izan zen Euskal Herrian arte-jardunaren konplexutasuna eta heterogeneotasuna sustatzeko eta zabaltzeko. Era berean, aktiboki lan egin zuen hainbat belaunalditako artisten lana ikusarazteko eta zabaltzeko, Eduardo Chillida edo Rafael Ruiz Balerdi bezalako Euskal Eskolako partaideetatik hasita, bai eta 60ko hamarkadako belaunaldiko artistena eta, batez ere, 70eko hamarkadako Neofigurazioa izeneko estiloa osatzen zutenena ere.

Maya Aguiriano arte kritikariaren lana eta figura, Euskal Herriko testuinguru artistikorako garrantzi handikoa, ez da oso ezaguna eta aztertua. Lan hau BBK-Bilboko Arte Ederren Museoa 2024-2025 ikerketa artistikorako beken barruan burutzen ari naiz, eta Azalaren egindako egonaldian ikerlana idazketaren azken fasean sartu da.

Jone Alaitz Uriarte (Arrasate, 1986) arte garaikidearen esparruan lan egiten duen kultur-programatzailea, komisarioa eta ikerlaria da. Filosofian lizentziatua da eta Arte Garaikidearen Historian masterra du. 2015a geroztik, Donostiako Tabakalerako Arte Garaikidearen departamentuan egiten du lan. 2020tik, Argia aldizkarian kolaboratzaile da arte kritikak idazten. 2023an Desmuntatzeak eta ornamentuak elkarrizketa-liburua argitaratu zuen Mikel Onandiarekin batera. 2024a geroztik, Maya Aguiriano arte kritikariaren artxiboa ikertzen dabil.