Joan Mari Torrealdai atxilotu zutenean, poliziak bere etxetik dokumentu zenbatezinak eraman zituzten. “Ordenatuta zegoena desordenatu, armairu eta txoko guztiak miatu, milaka dokumentu eta paper eraman. Begirunerik gabe. Eta zehaztu edo deskribatu gabe. Inpotentziarik handienarekin ikusten nuen nola ari ziren hondatzen nire bizitza eta lan profesionala, nire ikerketak, nire etorkizuna. Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, bai intelektualki”, kontatuko zuen Torrealdaik beranduago. Pieza eszeniko hau sortzeko egun hartan hutsik geratutako karpeta bat irudikatu dugu, eta antzerkiaren baliabideekin betetzen saiatu gara: gorputzez eta ekintzez jantzi dugu biluztasuna.
Ekintza eszenikoa, dokumentua, performancea eta antzerkiaren mugetan mugitzen den pieza eszenikoa da Artxibo biluzia. Bi aktore ikusiko ditugu eszenan, publikoarekin elkarrizketan, ikerketa bat abiatzen: dokumentua akzioaren pizgailua izan daitekeen frogatu nahian.
Joan Mari Torrealdai beka jarri dute martxan Usurbilgo Udalak eta Jakin aldizkariak. Hori izan da Metrokoadroka kolektiboaren ikerketa eszeniko hau abiatzeko pizgailua.
Dokumentazio lanak iraganaren inguruan narrazio bat sortzen lagundu ahal digun langintza da. Narrazio hori beti orainean ematen da, gaurko begiekin, eta etorkizunera proiektatzen da: arrastoek beren kabuz denboran hitz egingo duten itxaropena. Ikerketa eszeniko proiektu honetan Metrokoadroka kolektiboak prozesu horren une bati erreparatu dio batez ere: izan daiteke dokumentua, bere horretan, akzio bate pizgailua? Izan daiteke dokumentu bat gorputzak martxan jartzen dituen detonantea?
Proiektu hau bi ildotan gauzatuko du Metrokoadroka kolektiboak: batetik, performance-laborategi bat, idazketa dramatikoan eta akzio eszenikoan oinarritua, Euskal Herriko hainbat espazioetan gauzatuko dena (Gasteizko Baratza aretoan eta Oiartzungo Ehuntze espazioan, besteak beste). Bestetik, formatu txikiko pieza eszeniko bat, ekintza performatiboaren bitartez publiko talde txikiekin zuzenean dialogatuko duena.
Zuzendaritza eszenikoa: Marina Suarez Ortiz de Zarate eta Oier Guillan. // Zuzendaritza artistikoa: Idoia Beratarbide // Aktoreak: Intza Alkain eta Javier Barandiaran // Argiztapena: Imanol Garcia // Ekoizpena: Josu Zubia // Banaketa: ENTER banaketak
Metrokoadroka Sormen Laborategia Oiartzun eta Errenteria/Oreretako artista sare batek sortu genuen 2008an, helburu honekin: arte eszenikoetan eta arte plastikoetan proiektuak sortzea, laguntzea eta zabaltzea, beti ere kulturarekiko ikuspegi kritikoari eta esperimentazioari lehentasuna emanez. Diziplina artistiko ezberdinak uztartzea da esperimentazio horren oinarri nagusietako bat. Arte plastikoei dagokionez, 2014an Oiartzunen zabaldutako EHUNTZE sormen espazioaren baitan gauzatzen dugu hainbat proiektu (sormen laborategiak, mikroerrezitaldiak, “21 aulki” arte zikloa…). Arte eszenikoei dagokionez, performancea, interdiziplinitatea, poesia fisiko-bisuala eta site specific proiektuak izan dira nagusi gure ibilbidean, hala pieza eszenikoetan nola fomazioetan. Hauek izan dira gure azken lanak: Zeozertan dabil baina ez dakit zertan (2022), Bidaide (2021), Andrezaharraren manifestua (2020), Txolarte (2020), Aldarri (2019), Zauri Bolodia (2019), Hugo, nor dada Emmy? (2019), Zanbuia! (2018) eta Miss Karaoke(2017).
Ikus gehiago hemen: