Anekumen

Irati Gorostidi eta Mirari Echávarriren idazketa egonaldia
urtarrilak 19tik 22ra
Egoitzak - Leiho bat

Leiho bat: AZALAren berezko zalaparta.

AZALAko egonaldian zehar Anekumen proiektu zinematografikoaren gidoi idazketan eta ikerketan egingo dugu lan.

Filma 70eko hamarkadaren amaierako Euskal Herriko bi egoeratan oinarritzen da: lantegi gipuzkoar bateko langileen burruka eta Ulzamako bailarako komentu batean kokatu zen komunitate espiritualaren egunerokotasuna eta bertan eskaintzen ziren ikastaroak.

Proiektua, azken urteetako ikerketa lanean oinarritzen da. Ikerketa euskal langile mugimendu autonomoan eta Arco Iris izeneko komunitatean zentratzen da eta gai nagusitzat dauka desengainu politikoaren ondorengo erreakzio bat: ideal politikoak praktikan jartzea ahalbidetu dezakeen gizarte-eredu murriztu eta isolatu baten bilaketa. Pelikularen asmoa bide horrek dituen kontraesan korapilatsuetan sakontzea da.

Gidoiaren idazketan Mirari Echávarrirekin batera lanean arituko naiz. Mirari eta biok 2022 urtean “San Simón 62” dokumental laburra egin genuen elkarrekin, Arcoiris komunitatearen inguruko lana hau ere. Gainera, idazketa prozesu hau Arantza Santesteban zinemagile eta lankidearekin partekatzeko aukera izango dugu. Arantzarekin sorkuntza prozesuei buruz urteetan zehar izan dudan elkarrizketari jarraipena emanez, gure lan prozesuak partekatuz eta elkarrizketaren bidez ikerketan sakonduz.

 

Irati Gorostidi eta Mirari Echávarri bizilagun izan ziren bizitzako lehen urteetan. Hiriz aldatzeak banandu zituen, harik eta handik denbora batera Bilbon Arte Ederrak ikasten berriz elkartu ziren arte. Harrezkero elkarlanean aritu dira. Mirariren azken lanak Tabakaleran, Artiumen, Nafarroako Museoan eta nazioarteko zinema jaialdietan erakutsi dira besteak beste. Irati bere lehen film luzea garatzen ari da, Anekumen, 2022ko Ikusmira Berriak programan hautatua izan zena. Bere aurreko filmak nazioarteko zinemaldietan eta museoetan proiektatu dira.