Etorkizunean, energia agortzen ari da. 2086ko negua da, eta ia ez da argindarrik geratzen Lurrean. Akuario Zentral hidroelektriko batean bizi da, eta badu plan bat: erleek gizateria biziraun dezaten. Gauez indarretxea martxan jartzen du arpa elektrikoak aktibatutzeko: horrela babesten ditu erleak liztor asiatikoengandik. Argi bilatzaileak mehatxu dira.
Horretan iristen da Sașa, kotxe elektrikoa kargatzeko argindar bila. Bucarest ingurura bidean da, jaioterrira. Akuariok Abañon jasoko du; era berean, Sașak badaki zentraleko argindarrak bere itzulera bermatu lezakeela.
Apokalipsi garaietan, maitasuna eta zientzia fikzioa.
Abaño, 2086 eraikuntzan dagoen pelikula da, orainean errodatzeko formaren bila ari dena, etorkizunerako. Filmaren hausnarketa puntu honetan dago: irudien, soinuen eta keinuen bila ari da, datorrena irudikatzea posible egingo dutenak. Gidoiaren idazketa, binaka, zinemaren eta literaturaren arteko leku batera garamatza, zeinetatik hurbil gaitezkeen hobeto eszenatoki postapokaliptiko horretara, hitzen bidez. Azalako egonaldia jomuga honetara gerturatzeari eskaini nahi diogu.
Akazia eta txingurriaren ipuinean, Ursula K. Le Guinek espeziearteko harreman perfektua iradokitzen du. Txingurri komunitatea hil egiten da gerra baten ondorioz, eta azken hatsa akazia haziei zuzentzen die. Maitasun keinu bat da. Txingurriek akazia loreak jaten dituzte, eta era berean, akazia haziak barreiatzen dituzte lau haizetara. Biek irabazten dute. Paradigma honen aurrean, etorkizun posible eta ez hain urrunetan gertatzen den istorioa kontatu nahi dugu, emakumeen eta espezieen arteko harreman sentimentala esploratzen duen istorioa.
Ainhoa Gutiérrez del Pozo (Donostia, 1994) zine zuzendari eta ikertzailea. Badira urte batzuk Urumea Bailaren bizi naizela, eta bertatik pentsatzen ditut gaur inguratzen nauten zinema eta arte proiektuak. 2022an hasi ginen Eli Pagola Apezetxea ingeniaria eta biok bailarako indarretxeei erreparatuta, hauei buruzko erakusketa eraikitzen. Hortik sortu zen Ta argiya iñ zan. Olatz González Abrisketa antropologo bisualarekin batera zuzendu dut Pizti bat agian (2023), otsoaren inguruan bizitzeak sortzen dituen hainbat eszenako ipuin dokumentala, Euskal Herriko mugetan jazotzen dena. Nire obra arte garaikidearen eta landa eremuaren artean kokatzen da, eta beste artista batzuekin ere kolaboratzen dut eremu honetan. Egun, zientzia fizkio honen gaineko idazketan lan egiten dut, eta hau doktoretza tesiarekin harremanean garatzen ari da. Abaño, 2086 errealitate energetikoa etorkizunera pentsatzeko gailua da. Honekin paraleloan, doktoretza tesia egiten ari naiz artearen eta antropologiaren bidez: hartara, filmaren ikerketa pentsatzeko espazio gisa kokatzen dut.
Danele Sarriugarte Mochales (Elgoibar, 1989). Idazlea eta itzultzailea. Bi eleberri eta zenbait kontakizun argitaratu ditu, eta hainbat autoreren lanak euskaratu (Angela Davis, Eva Illouz, McKenzie Wark, besteak beste). Elkarrizketa sakonak egiten ditu hiru astean behin Argia aldizkariko Jendeak sailean, eta beste hedabide batzuekin ere kolaboratzen du tarteka. Gaur egun, Poppera, afterra, utopia emanaldia eskaintzen ari da Miren Narbaiza MICErekin batera. formaedukia podcasta egiten du Ibai Atutxarekin batera Basilika plataforman, eta Iraqueerle Taldea antolatzen ibiltzen da. Gainera, Ainhoa Gutierrezen «Abaño, 2086» film-proiektuan ere badabil, kogidoilari.





