(María Elena Oddoneren argazkia)
Azalako egonaldian, nire doktore-tesitik sortutako liburu bati forma ematen amaitu nahi dut. Ikerketan, mugimendu feministan ematen diren plazeraren definizio, konfigurazio, eraldaketa eta plazer praktikak aztertu nituen, batez ere Euskal Herriaren testuinguruan. Plazerra antropologiatik hartzen da, baina baita arteetatik, filosofiatik, mainstreametik eta masen kulturatik edo diskurtso neoliberaletatik ere. Baina, batez ere, prozesu kolektibo eta politiko gisa ulertzen da, sexualitatea barne hartzen duena, baina sexualitateaz haratago doana, eta bertatik eraldaketa sozialei ekin dakiekeena.
Plazerrak nola konfiguratzen gaituen ulertzea gatazka estruktural zein subjektiboetatik libre ez dagoen prozesua da, eta zentzu berezia hartzen du feminismoa bezalako mugimenduek mahai gainean jarri dituzten bizitza politizatzeko testuinguruetan. Zentzu horretan, plazera emozio haragitu gisa ulertzea, baina baita afektu oso anitzez osatutako etengabeko emozio gisa ere; bizi garen testuinguru sozial, kultural, ekonomiko edo sexualik gabe ulertu ezin den prozesu sortzaile eta politiko gisa; baina baita aldaketarako motor gisa ere, nire ikerketa-proiektuaren giltzarri nagusietako bat da.
Plazera mundua begiratzeko modu bat ere bada, interakzioan zentzua hartzen duena eta etnografian, testu teoriko eta pertsonaletan isladatzen dena. Egiten ari naizen lanetik abiatuta, genealogia feminista sortzeko eta horretan laguntzeko saiakera da, (bir)bisitazioaren eta (bir)formulazioaren bidez, plazera bezain kontzeptu konplexu eta kitzikagarria, masiboa eta iheskorra, baina, batez ere, liluragarria.
Laura Muelas de Ayala (Murtzia, 1984). Ikus-entzunezkoen Errealizazioko goi mailako teknikaria eta Gizarte eta Kultura Antropologiako graduatua. Ikasketa Feministak eta Generokoetan doktorea da EHUn. Bere ikerketa-gaien artean, plazeraren inguruko praktika feministak nabarmentzen dira, aktibismo feministaren eta plazer-prozesuen arteko loturak azpimarratuz, gorputzaren praktika eta praktika politiko gisa; baita gorputzaren antropologia, afektuak edo LGTBIQ+ ikasketak ere. Hainbat urtez, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Zinema eta Sexualitateari buruzko Jardunaldiak antolatu ditu, eta sexu-aniztasunari eta hezkuntza-jardunbideei buruzko dokumental etnografikoak egiten parte hartu du. Gaur egun, gizarte-antropologiako irakaslea da EHUn, eta unibertsitate bereko Antropologia Feminista Ikerketa Taldeko (AFIT) kidea. Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterrean (UPV/EHU), Estudios Culturales y Artes Visuales (perspectivas feministas y cuir/queer)-MUECA Masterrean (Miguel Hernández Unibertsitatea) eta Praktika artistikoen eta kultura-ikasketak: Gorputza, afektuak, lurraldea Masterrean (UPNA, UPV/EHU eta Huarte Zentroa) irakasten parte hartzen du. Donostiako Feministaldia Kultura Feminista Jaialdiko koordinazio-taldeko kidea da 2020tik.





























