Burdinezko ohea liburu artistiko esperimental bat da, Ma Carlota izeneko emakume esklabizatuaren bizitza eta memoria abiapuntu hartzen dituena.
Ma Carlota Nigeriako Egha komunitatean jaio zen eta XIX. mendean Kubara eraman zuten behartutako migrazio baten bidez, Julian de Zulueta y Amondoren azukrefindegietan esklabu gisa lan egitera. Bere bizitza kolonialismoaren, esklabotzaren, arrazakeriaren eta patriarkatuaren gurutzaketaren lekukotasuna da.
Proiektuak ez du biografia klasiko bat eraiki nahi, baizik eta memoria hori irudiaren eta materialaren bidez berrirakurtzea. Burdinezko ohea objektu sinboliko gisa hartzen du abiapuntu: aldi berean etxea, zauria, kontrolerako espazioa eta biziraupenaren lekua izan zen objektua.
Azalako egonaldian, liburuaren hizkuntza plastikoa garatuko dut, ohea, burdina eta maindirearen inguruko ikerketa materialean sakonduz. Marrazkia, collagea, argazkia, testura eta eskulan-prozesuak erabiliko ditut gorputz baten memoria, galera, zaintza eta erresistentzia irudikatzeko.
Egonaldia liburu artistikoaren egitura definitzeko eta 20-30 pieza plastiko sortzeko erabiliko da, ondoren liburu objektuaren narrazio bisualean txertatuko direnak.
Burdinezko ohea epe luzeko ikerketa eta sorkuntza prozesu baten barruan kokatzen da. Proiektuaren jatorria Azukre Beltza lanean dago, Julian de Zulueta y Amondoren eta Euskal Herriak esklabotzarekin izan zuen loturaren inguruan garatutako ikerketa artistikoan. Azukre Beltza ikus-entzunezko instalazio batean eta webgune batean gorpuztu zen. 2024ean gauzatu zen eta hainbat espazio artistikotan erakutsi zen. Gasteizko LABE eta Azpeitiko Doi espazioetan egon zen, besteak beste. Burdinezko ohea proiektuaren garapenaren baitan, 2026an ikerketa eta sorkuntza egonaldi bat egin nuen Habanako ArtHaus. Residency programan (Kuba). Egonaldi horrek aukera eman zidan Ma Carlotaren ondorengoekin harreman zuzena izateko, testigantzak jasotzeko eta proiektuaren oinarri dokumentala sendotzeko. Bertan ezagutu nuen Eneida Villegas Zulueta, Ma Carlotaren hereniloba, eta harrezkero proiektuaren garapenean elkarlanean jarraitzen dugu. Bestalde, proiektuak Haziak Programa programaren laguntza jaso du, Gasteizko Udalak sustatutako sorkuntza eta ikerketa artistikorako deialdiaren bidez. Babes horri esker, proiektuaren dokumentazio, ikerketa eta lehen sorkuntza faseak garatzen ari dira.
Irati Antia (Gasteiz, 1994), diseinatzailea eta artista bisuala da. Bere lanean diseinu grafikoa, marrazkia, argazkigintza eta bideogintza uztartzen ditu ideia kontzeptual eta abstraktuak era emozional eta sensible batean ikusleari transmititzeko.

