2003an grabatu nuen bideoa ikusten dut, Madrilen bizi nintzen Atocha kaleko 36. zenbakiko pisuko nire logela zaharrean grabatutakoa. Hainbeste urte handik kanpo eman arren, oraindik ere piso horrekin amets egiten dut, haren egitura arkitektonikoa etxearen kontzeptu moduan iltzatuta geratu baitzait buruan.
Gaur egun eraikin hori Hotel Catalonia Plaza Mayor da, eta bi lagunentzako gau batek garai hartan nik hilabeteko alokairuagatik ordaintzen nuena baino gehiago balio du. 26 urteko nire gorputza galtzontzilotan dabil gelan barrena zigarro bat erretzen duen bitartean; dantza egin nahi dut, eta grabatu egingo dut. Oraindik ez dira sortu YouTube, Instagram ezta TikTok ere, baina neure burua dantzan bideoz grabatzea 15 urte nituenetik egiten dudan zerbait da, eta oraindik ez dakit grabazio hau artista moduan dudan ibilbide laburrean gehien erakutsi diren lanetako bat bihurtuko dela. “1. entsegua: sorkuntzari buruz”, horrela du izena lanak, bost minututan artista moduan ditudan interesetako asko laburbiltzen ditu.
Bideoarteko pieza hau —konposizio koreografiko moduan pentsatua— 2026 nahasi honetatik berrikusteak bideo honetan funtsezkotzat jotzen ditudan gauza bakoitzean zoom egiteko gogoa pizten dit. Denboran aurrera doan gorputz horretatik abiatuta, 49 urte betetzear dagoen gorputzetik, arte bizien bidez bizi dugun munduaren bilakaera ikertu nahi dut, eta lehen eta orain arteko konparazio ariketa klasikoa zabaldu, gizarte moduan daramagun norabidearen analisi bizi batera, nire esperientzia partikularretik abiatuta.
https://www.felixfernandez.org
https://www.youtube.com/felixfernandezx2
https://www.instagram.com/felixfernandezfernandez
https://www.facebook.com/felixfernandezfernandez
https://open.spotify.com/artist/2nMpUe0cTNJp1Grjb1fAHt

