Eguneroko literarioa da Kamioi gorria. Izenburua amets batetik datorkio, eta inspirazioa sinbolizatzen du, idazlea hara eta hona eramango duen motor edo ibilgailu bat.
Lan honen abiapuntuan galdera pare bat dago: Zer emango dit literaturak urtebetean? Zer emango diot nik literaturari urtebetean?
Asmo nagusiak, beraz, hauek dira:
- urtebeteko sormen-prozesuaren isla izatea
- egunerokoaren laudorioa egitea, genero gisa
- egunerokoa-autoerretratua harremanaz hausnartzea
Ezaugarrien aldetik, hiru izenondo hauek esleituko nizkioke:
- eguneroko nomada: lanaren kausaz han-hemen osatua.
- eguneroko polifonikoa: beste diarista batzuen egunerokoei bisita egiten die.
- eguneroko pendularra: egilearen intimitatearen parte diren gogoetak, mugak eta abarretatik maila sozialera lekualdatzen da.
Edukiari dagokionez, alderdi hauek ere bilduko ditu:
- Agenda edo lanbidearen egutegia
- Almanakea: bitxikerien eta pasadizoen biltegia
- Bidaia-gidaliburua
- Obituarioa edo hildako jakin batzuen omenaldia
- Lagintegia: hainbat idazleren pasarteen itzulpen sorta
- Efemeride pertsonalen koadernoa
- Urtean zeharreko piezen leihoa
Lehen idaztaldia bukatzeko epe-muga, urriaren 7a da. Editorearekin lehen bilera. 2026ko abenduan izango dut eta moldaketak eta sakonketa: 2026eko urtarril-otsailean egin nahi nuke Azalan.
Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962). Helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du. Kritikaren saria jaso zuen 2001ean eta 2011n Azalaren kodea eta Bitsa eskuetan poema-liburuengatik, eta Espainiako Poesia Sari Nazionala 2021an Nola gorde errautsa kolkoan liburuagatik. Kristalezko begi bat (2013), Hezurren erretura (2019) eta Itzulerak (2023) dira bere prosazko lan garrantzitsuenak. Lehenengoak Zazpikale eta Beterrriko Liburua sariak jaso zituen. 2025ean Amorante frantsesa argitaratu zuen, poema bidez idatzitako nobela. Haur eta gazteentzako liburu ugariren egilea, gazte literaturan hiru aldiz eman diote Euskadi saria Itsaslabarreko etxea (2002), Urtebete itsasargian (2006) eta Errepidea (2011) lanei esker. Halaber, 2020ko Mikel Zarate saria ere lortu zuen Itsasoaren atea nobelarekin. Azken hori eta prosa eta poesiazko Mila magnolia lore albuma 2012 eta 2021eko IBBYren Ohorezko zerrendetan daude, hurrenez hurren. Literatur itzulpengintzan ere aritzen da. Esparru horretan birritan jaso du Vitoria-Gasteiz saria. Itzulitako egileen artean, honako hauek aoipa daitezke, frantsesetik eukarara: Forugh Farrkohzad, Skolastique Mukasonga edota Hélène Vignal. Nazioarteko hainbat topaketatan parte hartu du. Euskaltzain osoa da.

