Topo

#Isabel de Naverán
#Pablo Marte
#Karlos Martínez B.

2020-2021
Egoitzak - Topo

Lurpeko animalia izenarekin, bi urtetan zehar eta hurbileko laguntza batekin AZALAk hiru artista edoeta ikertzaileri ematen dien ikerketa beka programa da Topo.

2020-2021 biurtekoan zehar, Isabel de Naverán, Pablo Marte eta Karlos Matínez B. artistekin ari gara zuloz, galeriaz, eta tunelez zeharkatutako lurazpiko azaletan topatzen.

Gorputzaren borroka, inguratzen duen laino ikusezinaren kontra. Isabel de Naverán

Gorputz bat itsu-itsuan murgiltzen ezagutzeke, esateke dagoen horretan. Irudi hori, hain zuzen, honako beste ideia honen inspirazio-iturria da: idazketa ere “ibili dabil”, baina ez borrokan, dantza eginez baizik, inguratzen duenarekin.

Azalako etxolak, estudioak eta bideak inguratzen dituen ingurune menditsu eta begetalak paisaia gisa baliatuko ditut azken urteotan gorputzaren eta idazketaren inguruan egiten ari naizen ikerketetako batzuk hartzeko eta biltzeko; gorputza Historiaren emergentzia-gune gisa, eta idazketa, berriz, ulertzeko eta inskribatzeko modu gisa.

Izenburua Federico Garcia Lorcak (1898-1936) Antonia Merce y Luque ‘La Argentina-ri’ (1890-1936) eskaini zion laudorio laburretik dator, esaldi horrekin ematen dio hasiera hain zuzen. Bertan, poetak honela definitzen du dantzaren artea: gorputzaren borroka, inguratzen duen laino ikusezinaren kontra duena. Horrela, edertasun handiko ziurgabetasun eremuan jartzen du dantzariaren egitekoa, eta ezinbestekoa da itsuan arriskatzea. Beraz, gorputza begiradaren aurretik doa, eta eskuak lanbroaren hezetasunean sartzen dira, beste zentzumenen bidez lekuz mugitzeko eta hauteman ahal izateko.

Hemen, Lorcak dantzaren arteari buruz egiten duen definizioa hartzen dut, beste praktika batera zabaltzeko, gorputzarena hau ere, koreografikoa hau ere, idazketarena. Eta ikustea nola artikulatzen eta finkatzen den ikertutakoa testu-saiakera gisa.

Azken batean, idaztea da kontua; denbora, espazioa eta baliabideak eskatzen dituen egitekoa. Horretarako, 2021-2022 urteetan zehar, Azalan zenbait egonaldi egin nahi ditut. Egonaldi horietako bakoitzean —idazteko balio dutenak, baina baita jakiteko dagoen hori idazketak nola artikulatzen eta eraldatzen duen ikusteko ere—, pertsona bat solaskide eta laguntzaile gisa gonbidatzen dut.

Isabel de Naveran ikertzailea da artea, koreografia garaikidea eta performancearen alorretan, baita kuradoretza, argitalpen eta idazketa proiektuetan ere. Denborari buruzko kezka gai nagusia da ikerketetan, hasi koreografia hedatuan denbora zinematografikoa ekoizteari buruzko bere doktorego-tesitik (UPV/EHU 2010), eta gorputz transmisioan eta denbora historikoaren kontzeptua praktika iragankor eta iheslarietatik berrikusten dituzten egungo proiektuetaraino. 2010ean, Leire Vergara, Miren Jaio eta Beatriz Caviarekin batera abiatu zuen ‘Bulegoa z/b’ izeneko arte eta ezagutza bulegoa, eta proiektu horri lotuta egon zen 2018ra arte. Egun, kuradoretzaz arduratzen da zuzeneko arteen alorrean Sofia Erregina Museoko Jarduera Publikoen Sailean, eta Azkuna Zentroan (Bilbo, 2021-22) ikertzaile laguntzaile lanetan aritzen da.

˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜
Irudien bizitza eta maitasuna. Pablo Marte

Idazteko egintzan beste gorputz, gauza eta keinu batzuk argudiatzeri buruzko ikerketa, baina hori bera baita —beste modu batean bada ere— filmatzeko egintzan ere. Bidaiaz, bidaia-kontaketez (kontakizunak eta korrespondentziak) eta irudiez: aipamen espazial bat, abiatu, alde egin, itzuli… Baita bizitza beste norabide batera jaurtitzen duten gauzak aurkitzeari buruzkoa ere, bizitzaren desplazamendu horien, haustura horien garrantziari buruzkoa, eta, nola ez, haien zailtasunari buruzkoa, haien ausentziak sortzen duen egonezinari buruzkoa eta haien irrikan egoteak eragiten duen egonezinari buruzkoa. Premiaren eta gehiegikeriaren artean, sintesiaren eta ugarikeriaren artean. Maitasunaren eta potlacht-aren artean.

Ez da irudien historia bat izango. Ez da saiakuntza bat izango. Ez da eleberria izango. Ez da autobiografikoa izango. Baina nire bizitza kontatuko du. Nobelatuko du. Eta harekin entseatuko du. Eta hor, istorioek dar-dar egiten duten garaien pasibotasun-maila horretan, irudiak agertuko dira. Alegia, haien bizitza eta maitasuna.

Filmatzeko egintzari buruz egiten dudan galdera bada ere ikerketa hau. Denbora igaro ahala, filmatzea (edo grabatzea, edo bideo bat egitea, edo dena delakoa) zerbait txiki bihurtu zait, bat-batean gertatzen den zerbait, distantzia laburretan, edo pertsona gutxiren artean, intimoa, oso intimoa, edo bakardadean ere. Filmatu eta idatzi, denbora asko baitaramat erlazio horri buruz nire baitan galderak eginez, (agian horrexegatik) bat egiten dute. Hurbil daudela sentitzen dut. Gustuko dut elkar topo egingo ote duten bihozkada.

Pablo Marte (Cadiz, 1975) artista, idazlea eta ikertzailea da. Gaur egun, ariketa sintomatikoa eta testu-artekoa garatzen du. Bertan biografiaren, anekdotazkoaren, ustekabekoaren, bizipen-kontakizunen osagaiak, eta abar, egitura narratibo-anitzetan biltzen dira, baita alegiazkoaren, irrealtasunaren edo sinestezinaren osagaiak ere. Zinearen eta Telebistaren Errealizazioan graduatua Bartzelonako Udal Ikus-entzunezko Eskolan, eta Arte Ederretan lizentziaduna Bartzelonako Unibertsitatean, testuinguru ezberdinetan erakutsi du bere lana: C3A (Cordoba), Bilbaoarte Fundazioa, Carreras Múgica galeria (Bilbo), O Cineclube (Konpostelako Santiago), HANGAR Centro de Investigação Artística (Lisboa), Tabakalera (Donostia-San Sebastián), Azkuna Zentroa (Bilbo), Kadist Art Foundation (Paris), Artium (Vitoria-Gasteiz), besteak beste.

˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜˜
PLAN. Karlos Martinez B.

Topo proiektura bideratuta, Karlosek PLAN garatzea proposatzen du, eta Azala espazioko landaredian, aire zabalean, kokatuko den erakusketa-gune bat izango da. Bere lan ildoa kuradore baten programan oinarrituko da, gonbidatutako artistei euren proposamenak garatzen laguntzeko, ingurunearen berezitasuna kontuan hartuta. Hau sorkuntzarako baino ez da erabilgarri egongo, horrela zainketa lana bermatuko da, kokapena ezkutuan gordeta, eta artearen ehunaren kanpoko tentazio guztietatik isolatuta. Jendeak proiektuak jarraitu ahal izango ditu modu birtualean webgunearen bidez, bertan jasoko dira emaitza grafikoak eta testualak.

Karlos Martinez B. Artista. Sormen artistikoaren eremuan hainbat sari eta beka jaso ditu, egoitzak, proiektuak eta erakusketak egin ditu, bai banakakoak bai kolektiboak, honako hiri hauetan: Bilbo, Donostia, Vitoria-Gasteiz, Madril, Bartzelona, Londres, Leipzig, Lisboa, Cordoba (Argentina), Montevideo, Aljer… baita honako erakunde hauetan ere: Carreras Mugica Galeria, Oteiza Museoa, Bilboko Guggenheim Museoa, Bulegoa Z/B, Rekalde Aretoa, Praline ArtistRunSpace, CAN Felipa, D21 Kunstraum, C.C Montehermoso, Fabra i Coats Galeria, Espacio Abisal, La Casa Encendida, Azkuna Zentroa, Azala Espazioa, Piramidón centre d´art contemporani, Fundación BlueProject, Gironako Espai dÁrt Contemporani, BilbaoArte Fundazioa, Kunsthaus Bregenz, Galerie Lisi Hämmerle, Plataforma Revólver Lisboa, Madrilgo Tabacalera Promoción del Arte, Donostiako Tabakalera, Synagogue de Delme, Okela edota AUP (Serpentine Gallery) besteak beste.